Herriko festak gozatzeko, luzaroan zain

Saioa Murua eta Andoni Elduaien 2022ko abu. 12a, 10:00

2019ko txupinazoko irudi bat.

Bueltan dira herriko jaiak, badatoz andremariak. Herritar oro bezala, herriko taldeak eta eragileak festetarako prestatzen hasita daude dagoeneko; izan ere, azken bi urteetan ez bezala, aurten lan egin beharko dute besteen gozamenerako. Caritas tonbolako taldeko kideekin, Salbean parte hartzen duten abesbatzekin, tabernariekin eta Azkoitiko Gazte Asanbladarekin elkartu da Maxixatzen.

Iraurgi eta Parrokiako Abesbatzak: "Ezinbesteko emanaldia da Salbea"

Andremarietako hitzordu garrantzitsuenetako bat izan ohi da Salbea. Iraurgi zein Parrokiako abesbatzek eta zenbait herritarrek parte hartzen dute emanaldian. Uztailaren erdialdean ekin zieten entseguei, "beste urteetan baino lehenago". Carlos Muñozek hartu du Ignacio Alberdi Pipix zuzendariaren lekukoa Parrokiako Abesbatzan, eta entseguen-eta funtzionamendua ezagutzeko, lehenago hasi dira Salbea prestatzen. Aurten, 30-35 lagunek parte hartuko dute Andre Mari bezperako emanaldian. Abesbatzako kideentzat "tradizioa" da Salbea, eta jendea eguna iristeko "gogotsu" dagoela diote. "Salbea urtero izaten dugun ezinbesteko emanaldietako bat da", nabarmendu dute.

Salbea partiturak dioen moduan abestu nahi dute datorren urtetik aurrera. "Orain arte herritarrek dakiten moduan abestu izan dugu, eta aurrerantzean, entseguak lehenago hasi nahi ditugu. Jende berria erakarri nahi dugu, eta entsegu batzuk programatuta, Salbea ezagutzen ez duten herritarri ezagutarazi eta irakatsi".

Azkoitiko Gazte Asanblada (AGA): "Asmoa egitarau oparoagoa egitea da"

Pandemiak iraun duen bi urteek eragin handia izan dute norbanako askorengan; era berean, kaltetuak izan dira herriko gazteak ere. Bi urte luzeren ondoren, Azkoitiko Gazte Asanblada gazteen indargune eta topaleku bilakatuta, herriko festez gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Lantalde handi eta anitza osatu dute jaiak antolatzeko, eta hori aurtengo festen egitarauan islatzea nahi dute. Azkoitian berriro ere txosnagunea jartzeak festeei beste "xarma" bat emango diela uste badute ere, egitarau oparoagoa prestatu nahi izan dute, eta Goiko Losatik at ekintzak batzuk antolatu dituzte.

Festen antolakuntzaz erabakiak hartzeko eta proposamenak biltzeko, herritar orori zuzendutako deialdiak egin ditu asanbladak; izan ere, festak herritar ororengana iristeko modukoak izaten saiatu dira. Gauzak horrela, kontzertuetara begira, besteak beste, rap, oi! eta reggae doinuen eskaintza izango da txosnagunean.

Um Blem Ble tabernarien elkartea: "Jaiak guztion topagune izatea nahi dugu"

Edozein jaitan bezala, herriko ostalaritzak garrantzia berezia du andremarietan ere, izan bazkari-afariengatik edo gauetako festagatik. Pandemia garaian, jomugan egon zen sektoreetako bat izan zen ostalaritza. Gorabehera handiko uneak bizi izan dituzte aurreko bi urteetan, eta aurten, festak berriro gozatu nahi dituzte. Diotenez, festak normaltasunera itzultzeko "aukera bikaina" dira. Ohiko egoerara itzuli arren, festak izan dira orain arte prebentzioz bertan behera gelditu diren ekintza bakarrenetakoak. Beraz, jendeak berriro goza dezan eta herriari lehen zuen bizitasuna itzultzeko, festak herritar guztien "topagune" izatea nahi dute tabernariek. Helburua ondo pasatzea bada ere, "errespetutik, aniztasunetik zein elkarlanetik eraikitako festak" nahi dituzte andremarietan. Azkoitiak "merezi duen adinako festak" sortzea helburu izanik, horiek amaitzean, jaien bost eguneko balorazioa "oso positiboa" izatea nahi dute Um Blem Bleko kideek.

Caritasen tonbola: "6.000 sari banatuko ditugu tonbolan"

Antolatzaileen hirugarren belaunaldia da Caritasen tonbolako egungo lantaldea. Ibilbide luzea du tonbolak, dagoeneko bost hamarkada baino gehiago igaro baitira hura lehen aldiz antolatu eta ireki zutenetik. Pentsa, festei hasiera emateko txupinazoa ere jaurti zuten tonbolaren hastapenetan parte hartu zuten kideek.

Sei-zazpi lagunen artean antolatzen dute tonbola, baina horiek boluntario ugariren laguntza jasotzen dute. Dagoeneko tonbola prestatzen aari dira Caritasekoak, eta aurreikuspenen arabera, 6.000 sari banatuko dituzte aurten; 50.000 zenbaki baino zenbaki gehiago aterako dituzte.

Ohiko sariez gain, zozketa bidez ere banatuko dituzte aparteko opariak. Aurten, esaterako, tablet bat, kablerik gabeko xurgagailua, airezko frijigailua eta patinete elektrikoa izango dira zozketan. Andremarietan tonbolan jokatzera jende ugari animatzen dela diote haren antolatzaileek, eta aurten ere hala izatea nahi dute. "Herritarren kolaborazioarekin, guztiok parte hartuta, gauzak egiteko aukera handiagoa izango da".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide