Erretratua

Joseba Diaz: "Daukadan gogoaren arabera hautatzen ditut probak"

Nerea Uranga 2022ko abu. 22a, 09:30

Joseba Diazen erretratua. (Egilea: Gorka LarraƱaga/Argazkiak: N. Uranga eta utzitakoak)

Egunero mendian ala bidegorrian antxintxika kilometroak egin arren, irakurtzen lasai egotea ere atsegin duen horietakoa da Joseba Diaz. Afizioz atleta eta ofizioz fisioterapeuta da. Egunerokoa ondo antolatuta izaten du, bere buruarekin "zorrotza" da eta.

Jatorriak zeresan handia dauka Joseba Diazen afizioan; antxintxika egitean, alegia. Floreaga auzokoa da jatorriz, eta bertan urte askoan bizitakoa. Auzo horretako festetan Gurutzetxoko krosa egin ohi dute, eta bertan estreinatu zen korrika umetan. "Floreagako haur denek bezala, krosean irten nuen, eta itxuraz ondo egin nuen. Gero, Ikaskirol krosean ere ondo moldatu nintzen. Beraz, atletismoan izena ematea erabaki nuen". 8 urterekin hasi zen atletismo taldean, Desire eta Iñaki Odriozolarekin aurrena, eta Jose Antonio Zulaikarekin gero.

Behin eskola kiroleko urteak bukatutakoan, Xeye atletismo taldean federatu eta kroseko zein pistako probak egiten hasi zen. Baina ez du gogokoa pista: "Ez zait inoiz asko gustatu, eta egun, apenas egiten dut korrika pistan".

Mendiko lasterketetan, berriz, unibertsitate garaian hasi zen azkoitiarra. Sorian (Espainia) ikasi zuen Fisioterapia gradua. "Soriara ikastera joan nintzenean, mendizaletasuna asko bizi zuen jendearekin egin nuen harremana, eta hango mendi taldean sartu nintzen. Garai hartan, asfaltoa-eta pixka bat alboratuta eduki nituen. Mendiko probetan lauzpabost urte egin nituen, 2019ra arte. Gero, berriro asfaltoko probetara itzuli nintzen".

Diaz, III. Euska Kosta Krosean.

Gaur egun, mendiko eta errepideko probak uztartzen ditu. Bitan banatzen du urtea: "Abuztura arte mendiko lasterketetan ibiliko naiz, eta gero, udazkenean, errepidera itzuliko naiz". Mendia eta errepidea, biek ala biek dute beren alde ona korrika egiteko, Diazen arabera. "Mendian korrika paisaiarekin-eta gozatu egiten da, eta hiru edo lau orduko saioak errepidean baino errazago egiten dira. Asfaltoan, aldiz, entrenamendu gogorra egin daiteke ordubetean, mendian baino intentsoagoa. Gainera, sasoiko egonda, errepidean azkar joatea sentsazio oso ederra da. Horretarako, baina, asko entrenatu beharra dago".

Non gogoa, han zangoa

Gogoaren eta bere nahiaren arabera antolatzen du urteko antxintxikako sasoia. "Markarik edo babeslerik ez dut, inolako konpromisorik ez daukat. Beraz, nik nahi dudana eta nahi dudanean egiten dut, gogoaren arabera". Normalean, urtea antolatu samar edukitzen du urtarrilerako edo otsailerako, sasoiko helburu gisa bi edo hiru proba jarrita. Aurtengoak ere jomugan ditu: "Abuztuaren 13an Alpetan lasterketa bat [Sierre Zinal Trail, 31 kilometro eta 2.200 metroko desnibela duen proba, Suitzan] egiteko asmoa dut, eta abenduan Valentziako maratoian parte hartuko dut. Biak ditut aurtengo helburuen artean, eta data horietan egon behar dut indartsuen. Horretarako, tartean, beste proba batzuetan parte hartuko dut".

Diaz, III. Euska Kosta Krosean.

Egin nahi dituen proben arabera antolatzen du prestaketa Diazek. Josu Larrañaga du entrenatzailea, eta harekin adosten ditu entrenamendu saioak. "Nire entrenatzailea, lankidea eta laguna da. Egunero ordu pila pasatzen ditugu elkarrekin". Atletismoa bakarkako kirola da, eta prestaketarako nahiz probetarako buruz eta fisikoki ondo egon beharra dago. Diziplina eduki behar da, baina horretan ez dauka aitzakiarik azkoitiarrak: "Txikitatik kirol honetan ibilita, psikologikoki prestatzen joaten zara urteen poderioz, badakizulako zer dagoen. Egunerokoan neure buruarekin oso zorrotza naiz, koadratua, eta eguneroko bera dut. Gutxi gorabehera denda baten ordutegia dut lanerako, baina oso goiztiarra naiz, eta 05:30-06:00 alderako jaikitzen naiz, eta 06:00-06:30 inguruan irteten dut korrika egitera. Entrenatu, egunero gauza bera gosaldu, lanera joan, bazkaldu, lana egin eta egunero 10:30 alderako ohera sartu. Egunero-egunero horrela".

Bakarrik entrenatu arren, lagunartea gustuko du Diazek, baita lagunekin parranda egitea ere. Baina parranda bat edo beste nahikoa izaten ditu gogo hori asebetetzeko. "Denboralditik kanpo eza daukat arazorik egunerokoa hausteko eta parranda egiteko. Gainera, behin irtendakoan, libre! Parranda gustatzen zait, baina azkar aspertzen naiz, bi-hiru egin eta nahikoa izaten dut, kitto! Eta lehengora itzultzen naiz, nire eguneroko horretara".

Joseba Diaz korrikalaria, Azkoitian.

Geldirik egoten ere badaki; etxean sartu eta lasai egotea atsegin du, alegia. Irakurtzea atsegin du, eta denetarik leitzen du. "[Leon] Tolstoiren El camino de la vida liburua irakurri dut azkena. Eta horren aurretik, Andre Agassiren Open. Denetik irakurri izan dut, kirolarekin lotutakoak asko, batik bat alpinismoaz eta". Mendia gustuko du Diazek, eta ez bakarrik korrika egiteko. Motxila handia bizkarrean hartuta Pirinioetara oinez ibiltzera joaten da. "Oinez, hemen inguruko mendietan baino gehiago ibili naiz Pirinioetan. Motxila bizkarrean, sardina latekin eta otartekoekin, eskuetan bastoiak eta lasai-lasai oinez ibiltzea ederra da. Pirinioetan korrika baino gehiago ibiltzen naiz oinez". Kirolaria da izatez, eta kirola gustuko duelako hautatu zuen ofizioa ere. "Kirola gustatzen zaidalako aukeratu nuen fisioterapia ikastea, baina baita jendearekin tratua izatea atsegin dudalako ere. Jendeari mina kentzea ere oso polita da; mina kendu diozulako eskerrak jasotzea ederra da". Dena den, gorputza eta burua biak izan behar dira ondo Diazen ustez. "Gorputza ondo edukitzea ona da buruarentzako. Gaur egun, gainera, kontsultetara etortzen den jendeak gehiago behar izaten du entzuna izatea: askotan muskuluren bateko minarekin egon arren, gehiago eskertzen du jendeak entzutea. Kasu batzuetan, berdin dio zer egiten diozun, entzute hutsak on egiten baitio pazienteari". Hala eta guztiz, garbi du Diazek: pertsonen osasunean berebiziko garrantzia du kirolak. "Gizarteak kirola egitera bultzatu behar du jendea, baina bakoitza bere neurrian".

Joseba Diaz mendiko proba batean.

Kirolarien prestakuntza zentro batean eta Azkoitiko Elkargunean aritzen da fisioterapeuta lanetan Diaz. Gainera, Iraurgi saskibaloi taldeko bi talde nagusien (Juaristi ISB eta Azkoitia- Azpeitia ISB) fisioterapeuta ere bada. "Lolo [Encinas] entrenatzailea zela hasi nintzen horretan; hiru edo lau denboraldi izango dira dagoeneko. Etxean jokatzen dituzten partidetan kantxan egon behar izaten dut Josu Larrañaga prestatzailearekin batera. Normalean, mutilek etxean jokatzen dutenean, neskek etxetik kanpo izaten dute partida. Beraz, guk biok ez dugu taldearekin bidaiatzen".

Lana eta zaletasuna, fisioterapia eta korrika, ongi uztartzen ditu; horretan, ez du arazorik. "Normalean, korrikan egin nahi ditudan proba garrantzitsuenek ez dute bat egiten saskibaloi ligako partidekin. Hala ere, iaz urrian Amsterdameko maratoia egin nuen, eta ordurako hasita zegoen saskibaloi denboraldia. Lagun fisioterapeuta bati esan nion nire ordez partidara joateko. Egun bateko kontua izan zen, baina halakoetan aurrez jakinarazi behar izaten diot klubari".

Diaz Donostiako Maratoia irabazi ostean.

Motzean

Adina: 27 urte.

Ikasketak: Fisioterapiako gradua.

Lanbidea: Fisioterapeuta.

Fisioterapeuta ez banintz… gorputz heziketako irakaslea izango nintzateke.

Lanetik ateratzean gogoko dut… antxintxaka egitea, eta ahal denean lagunekin egotea. Baita etxean lasai egotea kafe bat hartzen eta irakurtzen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide