Gutxitan zeharkatzen dut Kale Nagusia punta batetik bestera, gehiago gustatzen zait ibilbidea ibai ertzetik egitea. Baina banoa oraingoan Balda Plazatik etxera oinez, eta itxita dauden dendak eta lokalak zerrendatzen hasi naiz: Iturri, Presalde, Atano, Praga, Alameda, garai batean "beheko" farmazia zena, Aldalur, Putre... Egoerak tristatu egin nau. Nostalgiaz gogoratzen hasi naiz lokal haietako batzuek ekartzen dizkidaten oroitzapenak: Atanotarren dendan txukun-txukun ikusgai zeuden koloretako Lanas Katia matazak; aitte, Alamedako mahai baten inguruan eserita txistulari lagunekin hamaiketakoa egiten; farmaziko Juanita Botikekue-n presentzia eta ibaira ematen zuen botika-oste zoragarri hura; Aldalur jostun zaharraren eta bere jostundegiaren dotorezia...
Aldamio erraldoia gainditu eta kalean gora jarraitzen dut, lepoa ezker-eskubi, lokalei begira: Luziano, estanko ondoko denda txikia, Unamuno... Eta plazatik aurrera, garai batean Donostiako eta Gipuzkoako Aurrezki Kutxa zena eta orain gutxi arte bazar txinatarra izan dena, Fernando harategia, Bernabe, Potto harategia, Martin Zar, Etxeza, Donibane, Txanbolin, Ayestaran, Amparo, Banco Guipuzcoano... Etxera iritsi naizenerako pare bat saltoki ikusi ez eta aipatu gabe utzi ditudala konturatu naiz, hain nago neure pentsamendu nostalgikoetan murgilduta. Hori bai, hirigune historikoan taberna-terrazetarako jarri dituzten hiru toldo-egitura handi, zatar eta ustez mugigarri edo ez-finkoak ederki askorik ikusi ditut (baina gai honek beste zutabe baterako ematen du, eta hemen utziko dut).
Kale Nagusiko saltoki horietako askok urteak daramatzate itxita eta ulergaitza egiten zait. Ziur nago ekintzaile askok negozio bat ireki nahiko luketela herriko erdigunean, Azkoitiko hirigune historikoaren bizkarrezurra den kale horretan. Baina alokairuak oso altuak ote diren susmoa dut. Agian oker nago, baina iruditzen zait lokal horien jabe askok ez dutela diru-iturri horren beharrik bizitzeko, eta ez dutela inolako interesik beren jabetzak arrazoizko prezio batean alokatzeko, hau da, merkatu "libreak" agintzen dituen prezioen azpitik.
Udala saiatu zen itxitako saltoki horiek kanpaina baten bidez merkaturatzen laguntzen, baina uste dut ez zuela arrakasta handirik izan. Bada garaia ekintzetara pasatzeko, ausartak izateko eta helburu argi batekin agintea baliatzeko. Bost urte baino gehiago (adibidez) itxita daramaten saltokiak ezin al dira zergapetu? Aipatutako kasu horietan, ezin al dira alokairu babestuaren bidez merkaturatu, Alokabidek Bizigune programaren bidez egiten duen bezala? Zerbait egin beharko lizateke Kale Nagusiari duintasuna eta bizitza atzera emateko.