Zer nolako lana da San Antonio ermita zaintzea? Eta zeintzuk dira zure egitekoak?
Lan oso atsegina da niretzat. Ermita txukun mantentzea da nire egitekoa, baita herritarrek bertan botatzen duten limosna biltzea eta hori Parrokiaren esku uztea ere. Eliza barrua garbitzea, aldareko zapiak gordetzea eta zaintzea eta ermita ingurua garbi edukitzea ere badira nire egitekoak. Matxuraren bat edota nik egin ezin dudan konponketaren bat ikusten baldin badut, udaleko arduradunei jakinarazten diet.
Ordu asko eskaintzen al dizkiozu egiteko horri?
Astean pare bat buelta egiten ditut ermitara, eta apartekorik ez bada, ordubetetxo batean gauzatzen ditut eginbeharrak. San Antonio eguna (ekainaren 13a) gerturatu ahala, hori bai, lan gehixeago izaten da. Herritar ugari joaten da egun horretan ermitara, eta bereziki prestatzen da. Altzibar auzoko hainbat emakume biltzen gara garbiketarako. Auzolanean urteetan egin izan dugun lana da hori.
Noiz hasi zinen lan horretan?
Duela sei bat urte hartu nuen ardura. Ordura arte, Karmelo Alberdi zenak zaintzen zuen ermita, eta hainbat auzotarrek, tartean nik, lagundu egiten genion hari. Karmelok ardura uztea erabaki zuenean, niri utzi zizkidan giltzak, eta ordutik nik zaintzen dut, baina esan bezala, auzotarren laguntzarekin, auzolanean.
Zergatik da berezia San Antonioren ermita zuretzako?
Orain Burdinoleta auzoan bizi banaiz ere, 40 urtez bizi izan nintzen Altzibarren. Hura da nire auzoa, eta han ditut betiko lagun auzokideak. Betidanik oso berezia izan da guretzat San Antonio ermita; lagunak biltzeko toki bat izan da guretzat. Ermita garbitzeko hitzordua dugunean, lanak bukatu ondoren, bertan geratzen gara meriendatzen: batek kafesnea, besteak bizkotxoa... Elkarren aldamenean eseri eta tertulia ederra izaten dugu. Auzoko lagunen bilgune izan da ermita, baina galtzen ari da hori.
Jende askok bisitatzen al du ermita?
Bai, harritzekoa ere bada jendeak San Antoniori dion debozioa. Herritar asko joaten da egunero ermitara, eta San Antonio eguna gerturatu ahala, zer esanik ez. Atea itxita egoten da normalean, baina kanpoaldetik aldarea begiratzera, errezatzera eta limosna botatzera lagun asko joaten dira. Diru asko uzten du han jendeak.
Egoera onean al dago ermita?
Bai. Aspaldikoa da, XVII. mende ingurukoa, baina duela 15-17 urte inguru, saihesbideko lanak egin zituztenean, lekualdatu egin zuten, eta eraberrituta geratu zen. Barrutik zein kanpotik ondo zainduta dago. Argiteria, pintura edota egitura zaintzeko lanak udaleko brigadakoek egiten dituzte, eta ondo zainduta egoten da.
Elizkizun berezirik egiten al da bertan?
San Antonio egunekoa izaten da urteko elizkizun bakarra. 19:00etan izaten da meza, eta herritar ugari biltzen gara han.
Eskaera bereziren batekin joaten al da jendea San Antonio ermitara?
Esango nuke egun ez dagoela halako ohitura berezirik, baina herritarrek fede handia dute San Antoniorekin. Egunero jende asko joaten da limosna botatzera eta errezatzera, bakoitza bere eskakizun partikularrekin. Garai batean bai, baserritarrek ohitura handia zuten San Antoniori ganadua zaindu zezala eskatzeko.
Ermitak zainduta egoteko zu bezalako boluntarioen lana garrantzitsua da, ezta?
Ermita hauek zaintzeko ezinbestekoa da auzolana. Gu zahartzen ari gara, eta ez dakit erreleborik egongo ote den. Pentsa, nik 76 urte ditut, eta laster utzi beharko dut lan hau. Musutruk aritu gara urte askoan, eta horretarako prest dagoen norbait behar da lan honekin jarraitzeko. Fedea ere garrantzitsua da guretzat. Fedeak bultzatuta gaude hemen.