Azkoitia Bai herri plataformak eguneko zentroa Xabier Munibe kalean kokatzea proposatu du. Joan den asteazkenean egindako udalbatzarrean jakinarazi zuten, eguneko zentroa kokatzeko lokal bat erosi nahi duela Udal Gobernuak. Horren aurrean, herrian egon daitezkeen bestelako aukerei aterik ez ixteko eskatu du herri plataformak.
Azkoitia Bai-k adierazi du "adibide bat besterik ez" dela Xabier Munibe kalerako egin duen proposamena. "Gure taldea aspalditik dabil, egoitzako senideekin eta langileekin batera, eguneko zentroa eta apartamentu tutelatuak herrira ekartzeko lanean". Herri plataformaren ustez, eguneko zentroa kokatzeko lekurik "aproposena" da Xabier Munibe kalea: "Parke estalia aurrez aurre izango luke, eta bertan daudenek ikuspegi paregabea izango lukete. Halaber, eremu horretan ez luke trafikorik egon beharko, gunea herriko zaharrenek eta gazteenek elkarbanatuko luketen eremu bihurtuz". Etorkizunera begira, eguneko zentroa Aizkibel "liburutegiraino luzatzeko aukera" egongo litzatekeela ere adierazi du herri plataformak. "Zentroa liburutegiraino luzatu eta bigarren solairu bat eraikitzeko aukera emango luke, goian dagoen errepidetik, bertan sortuko genukeen parke edo terrazara sarbidea ahalbidetuz".
Dena den, Udal Gobernuaren jokabidea kritikatu nahi izan du herri plataformak. "Udal Gobernuak guztia lotuta duela dirudi, baita erosiko duen lokala ere, nahiz eta beste alderdioi eta herritarrei ezer ez esan. Lokal asko bururatu zaizkigu guri ere, eta unea iristen zenerako, prestatuta geunden gaia beste alderdiekin lantzeko. Unea iritsi denean, ordea, garbi gelditu da, Udal Gobernuak ez duela beste taldeekin ezer jakin nahi; beste taldeak eta herritarrak alde batera utzita, beraientzat bideratutako erabakiak hartzen dituzte".
Era berean, herri plataformak eskatu du ez duela nahi "egin beharreko azterketak egin ez direlako etorkizunean damutzea", eta eguneko zentroa kokatzeko egon daitezkeen aukerak ez baztertzeko eskatu du. "Udal hauteskundeak datorren urtean izango dira, baina horrek ezin gaitu eraman orain obrak presaka egitera. Erabaki horrek urte askotarako baldintzatu lezake herritarren ongizatea.
Bide batez, egun San Jose egoitzako "arazorik eskandalagarriena" pertsonal falta dela azpimarratu du Azkoitia Bai herri plataformak. "Egoiliarrengan zuzen-zuzeneko eragina du, eta beraz, egoitzako langileen duintasuna eskatzea tokatzen zaigu".