Denboraren lanak lehenera

Ihintza Elustondo 2022ko uzt. 29a, 12:00

Berta Banzo eta Juan Bautista Mendizabal, hilerriko ermitako arku erromanikoaren azpian. (Ihintza Elustondo)

Azkoitiko hilerriko ermitako erretaula zaharberritzen ari dira. Iaz hilerriko arku erromanikoa, "Gipuzkoako zaharrena", txukundu zuten. Ondareari eta historiari balioa ematea da lan horien helburua.

Zaharberritze lanak egiten ari dira Azkoitiko hilerrian, denborak hango elementuetan eragindako kalteak konpontzeko. Hain zuzen ere, hango ermitako erretaula berritzen ari da Berta Banzo zaharberritzailea, bi ikasleren laguntzarekin, Azkoitiko Udalaren eskariz. Denboraren lanak lehengoratzea eta ondareari balioa ematea dira helburuak.

Ez da Banzo Azkoitiko hilerrian lanean ari den lehenengo aldia. 2020ko udan beheko elizaren aurrealde gotikoa zaharberritu zuen, eta orain ermitako erretaula txukuntzen ari da. Ermitaren teilatua "oso gaizki" zegoen, eta, hori dela eta, ura sartzen zen erretaulara. Hainbat kalte eragin zuen horrek. "Berniza denborarekin herdoildu egiten da, eta arrosa koloreko eremuak beltz bilakatu ziren". Udalak teilatua konpondu ostean, kolore galdu horiek lehengora ekartzen ari da hura.

Erretaula 1710. urtearen bueltakoa dela nabarmendu du Banzok. "Neoklasikoa da; garai barrokoko ezaugarri batzuk ditu. Trantsizioaren arrastoak nabari dira". Haren arabera, "erretaula bikoitza" izatea bereizgarri nabarmen bat da; "hau da, bi alde ditu. Nik ez nuen sekula halakorik ikusi". Duela bi aste hasi zen zaharberritze lanekin, eta zeregin horretan, gehienez ere, beste bi aste emango dituela aurreikusten du.

Mendizabal eta Banzo, erretaula konpontzen laguntzen ari diren bi gazteekin. (Ihintza Elustondo)

Erretaulaz gain, hilerrian bada duela gutxi zaharberritu duten eta "garrantzi handia" duen beste elementu bat: arku erromanikoa. Juan Bautista Mendizabal historialari eta Azkoitiko Udaleko Ondare zinegotziaren arabera, "Gipuzkoako zaharrena" da arku hori. Iazko abenduan zaharberritu zuten, eta, Banzok azaldu duenez, gainean pilatua zuen zikinkeria kentzeaz gain, pitzadurak bete zizkioten arkuari, horietan ura sar zitekeelako eta harria honda zezakeelako.

Mendizabalek azaldu duenez, 1200. urte ingurukoa da arkua, erromanikoa, garai gotikorako trantsizio garaikoa. Haren arabera, sasoi hartako "oso artelan gutxi" kontserbatu dira Gipuzkoan. "Arrazoietako bat da garai hartako elizak egurrezkoak zirela eta egurrak ez duela denboran iraun. Beste arrazoi bat da, XVI. mendean, ekonomiaren goraldiarekin, eliza guztiak modernizatu zituztela, eta, beraz, halako elementuak galdu egin zirela".

Gipuzkoako Hitzak argitaratutako erreportajea. Irakurri osorik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide