Eduki babestua: Klink ekintzailetza

Florentina Ionela Condruz: "Saltoki edo negozio bat aurrera ateratzeko, gogoa eta ardura ezinbestekoak dira"

Maxixatzen.eus 2022ko uzt. 20a, 13:29

Ekainaren 10ean zabaldu zituen ateak Nails boutique by Tina edertasun zentroak, Azkoitiko Ibai Ondo 9 zenbakian. Batez ere, gel-azazkaletan, manikuretan, pedikuretan, erdi-iraunkorretan, makillajean eta bekainen diseinuan oinarritzen da Florentina Ionela Condruzen negozio berria.

Nola izan zen sortze prozesua, hau da, ideiatik enpresa sortu artekoa?

Urte asko daramatzat lan hau egiten, baina etxetik egiten nuen. Bilbon bizi nintzen lehen, baina, bikotekideak lana aurkitu zuen Azkoitian eta hona etorri ginen bizitzera. Sare sozialetatik hasi nintzen nire zerbitzuak eskaintzen, eta bezero sarea osatzea lortu nuen. Pandemia iritsi zen, ordea, eta Bilbora itzuli ginen, eta Azkoitian egindako bezeroek herrira itzuliko nintzen galdetzen hasi zitzaizkidan. Erantzun hori ikusita, ideia sortu zitzaidan.

Une horretan jo al zenuen Iraurgi Berritzeneko Klink zerbitzura?

Hori da, harremanetan jarri nintzen beraiekin, eta jarraitu beharreko pauso guztiak azaldu zizkidaten. Asko erraztu zidaten prozesua, eta denda zabaltzea azkar lotu nuen, bi hilabetetan ireki nuen. Lokala bera berria zen, eta pixka bat margotu eta txukundu ondoren, prest zegoen.

Zein oztopori, beldurri, aurre egin behar izan diezu?

Bai, beldurrak beti dituzu. Izan ere, bezeroak banituen, baina guztiz seguru ezin zara egon lokal fisiko bat izateak dituen gastuak ordaintzeko moduan izango zaren edo ez. Hori izan da beldur nagusia, baina, gaur egun, oso gustura nago. Ekainaren hasieran zabaldu nuen, eta ondo doa. Aurrez esan bezala, banituen bezeroak, berriak ere hasi zaizkit, eta ahoz ahokoarekin ari dira gehitzen. Gainera, lokala erdigunean dago, herritar ugari igarotzen den lekua da, eta nabari da. Zabaldu nuenetik, egunero izan dut lana.

Azkoitiarrek, beraz, badute edertasuna zaintzeko joera?

Bai, badute. Gainera, eta etorri diren bezeroek esan didatenez, konfiantza gehiago dute azazkaletan eta edertasunean espezializatuta dagoen boutique bat izatean. Beraz, bai, gehiago balioesten dutela esango nuke.

Sare sozialetatik hasi zenuen bezero sarea osatzen. Gaur egun, garrantzia handia al dute negozioa edo zerbitzua ezagutarazteko?

Egia esan, pisu ikaragarria dute, eta, niri behintzat, asko lagundu dit zerbitzua zabaltzerako orduan, Instagramek, batik bat. Horrez gain, herrian egotean eta denda fisikoa izanik, ahoz ahokoak ere asko egiten du bezeroak lortzeko orduan.

Zeintzuk dira norberaren kontura lan egitearen onurak eta desabantailak?

Zaila da erantzuteko. Oso gustukoa dudan lana da nirea, 15 urterekin hasi nintzen, eta ikasten eta formazioak egiten jarraitzen dut oraindik ere. Besterentzat lanean ari bazara, berdin zaizu bezeroak dituzun edo ez dituzun, aldiz, zure negozioa denean kezka gehiago dituzu. Azkenean, desberdintasuna hor dago: kezka eta arazo gehiago sortzen zaizkizu negozioa zurea denean.

Zeintzuk dira pertsona ekintzaileak izan edo landu behar dituen gaitasunak?

Gogoa eta ardura. Funtsezkoak bi gaitasun horiek direla esango nuke. Gainean egon behar zara, une uro, gauza askoren ardura izan behar duzu, eta saltoki edo negozio bat aurrera ateratzeko, gogoa eta ardura ezinbestekoak dira.

"Herriko lehen edertasun zentroa da, azazkaletan oinarrituta dagoena, nire izena darama, eta ibilbide luzea izan dadin nahi dut. Nirekin edo ni gabe, baina aurrera egin dezala nahi dut"

Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak eta desabantailak?

Niretzat boutique hau zabaltzea ametsa betetzea izan da, eta ondo joan dadin nahi dut. Herriko lehen edertasun zentroa da, azazkaletan oinarrituta dagoena, nire izena darama, eta ibilbide luzea izan dadin nahi dut. Nirekin edo ni gabe, baina aurrera egin dezala nahi dut.

Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide