Munoaundi herri harresitura bisita gidatua egingo dute hilaren 23an

Kris Fernandez 2022ko uzt. 12a, 13:00

Munoaundiko 2021eko indusketak (Maialen Etxaniz)

Abaraxka aterpetxean elkartuko dira bisita gidatua egin nahi duten herritarrak 11:00etan, eta handik oinez joango dira Burdin Aroko herri harresitura.

Hasi da Aranzadi zientzia elkartea Munoaundiko XVII indusketa egiten, eta Burdin Aroko herri harresitua ezagutzeko aukera izango dute herritarrek uztailaren 23an. Izan ere, Aranzadik bisita gidatua antolatu du egun horretarako, Azkoitiko nahiz Azpeitiko udalen zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Bisitarako hitzordua 11:00etan jarri dute Abaraxka aterpetxean, eta parte-hartzaileak oinez joango dira Munoaundira. Oinez herri harresitura iristeko zailtasunak dituzten lagunentzat, ordea, ibilgailuak jarriko dituzte. Bisita euskaraz eta gaztelaniaz egingo dute.

Uztailaren 23ko bisitara joan ezin dutenek mugikorreko aplikazio bidez egin dezakete, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzak, Ondare Historikoaren Zerbitzuaren bitartez, 2020an atera zuen mugikorretarako aplikazioaren bidez. Arkeogipuzkoa bilaketa eginda deskarga daiteke aplikazioa mugikorrean, eta, besteak beste, Munoaundi Burdin Aroko herrixka bisitatu.

Herrixka gotortua

Munoaundi Burdin Aroko gaztelu zahar, kastro edo herri harresitua da, Txalintxo edo Munoaundi mendian dagoena. 2003ko urriaren 7an, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen, Munoaundiko aztarnak Burdin Arokoak baitira. Gipuzkoan, gaur arte, horrelako beste hamar herri harresitu aurkitu dira gutxienez –Buruntza, Basagain, Iruntxur, Murugain, Murumendi, Muru, Akutu, Santiagomendi, Boluntxo, Belaku–. Gainera, Basagainez gain, modu sistematikoan indusi zen lehenetarikoa izan zen Munoaundi.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide