Artearen Historian graduatua da Gari Aranbarri (Azkoitia, 1997), baina bere ibilbideak segituan hartu zuen beste norabide bat, hain zuzen ere Gasteizko Arte eta Lanbide eskolan bideogintzako tailer bat egin zuenetik nahiz Arte Garaikide Teknologikoa eta Performatiboa masterra bukatu ostetik. Hainbat izan dira Euskal Herriko zenbait txokotan egin dituen sormen egonaldiak; tartean, Azpeitiko Dinamoa sormen gunean, BilbaoArte fundazioan eta Donostiako Tabakaleran izan da, eta egun esku artean duen proiektuarekin dagoeneko bi urte badaramatza ere, duela gutxi etorri zitzaion lehen erakusketa jartzeko aukera. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara aretoan Tentsioak eta bestelako paisaia emozionalak deituriko erakusketa jarri zuen Egile zikloaren barruan, desira eta keinuak abiapuntu dituen lehen proiektua.
Artistak duela bi urte idatzi zuen testu batetik sortu da gainerako guztia, eta bere lanek askotariko formak hartu dituzte ordutik: "Bikote maritxu bat Frantziara joaten da bidaian, eta haien arteko harremana nolakoa den kontatzen dut testuan". Hamar orriko luzera duen idatzi hori, ordea, artelanaren abiapuntua soilik ez zen izan, eta sormen prozesuan zehar eskalada begiz jo zuen Aranbarrik. Horrek errotik aldatu zituen bere asmoak: "Eskaladari buruzko dokumental mordoa ikusten hasi nintzen, eta horietako batean sokarik gabe eskalatzen duen mutil baten dokumentalarekin egin nuen topo. Eskaladan keinu batzuk topatu nituen desiratzen duzun pertsona bat ukitzerakoan ere topa daitezkeenak. Gustatu egin zitzaidan korrespondentzia hori".
Aranbarri Bilbon bizi da egun, eta han dituen lagunak rokodromora eskalatzera "sarritan" joaten direla azaldu du. "Klik" bat izan zuela dio: "Eskalada oso kirol kuriosoa iruditzen zait, desberdina. Ez da indar kontu bat, garrantzia du orekak ere". Azkoitiarrak berak ez du eskaladarik egiten, bertigoa baitu; halere, kirol horretan topatu du inspirazioa: "Estetikoki ere asko gustatzen zait eskalada". Hain zuzen ere, kirol horretan erabili ohi diren hainbat tresna baliatu ditu bere erakusketan, esaterako, sokak eta mosketoiak. Orain, oihalekin ere badihardu.
Dinamoa sormen gunean egonaldia egiten ziharduen bitartean, Izarraizko harrobian irudi batzuk hartzeko aprobetxatu zuen aukera Aranbarrik, Super 8 kamera batekin. Egun hainbeste erabiltzen ez den kamera hori hautatzearen arrazoia eman du: "Alde batetik, gogoa nuelako hautatu nuen Super 8-a; hasieran 16mm-ko kamerarekin saiatu nintzen irudiak hartzen, baina ez zen ondo atera". Bestalde, Frantzian 80ko hamarkadan eskaladari buruzko filmen boom bat egon zela dio; jarraipena eman nahi izan dio horri.
Etengabe eboluzionatzen
Proiektua hastapenetan testu bat zen arren, azken bi urteetan etengabeko itxuraldaketa pairatu duen artelana izan da, eta horren erakusle dira, esaterako, gune bakoitzean proiektuak hartzen dituen formak edo izena bera. Dinamoa sormen gunean, esaterako, Hatz bat luzatzea desiratzea da izena hartu zuen proiektuak. "Ikerketa lerro berdinean jarraitzen dut oraindik, baina leku batean edo bestean itxura desberdina hartzen du. Dinamoan, esaterako, oso izenburu literala hartu zuen". Era beran, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Egile sarietara aurkeztu zenean Ite Deu izenarekin aurkeztu zuen lana. Are gehiago, material berak leku bakoitzean ez du itxura bera izaten: "Bilbao-Arten sokak oso tentsionatuta jarri nituen, eta Koldo Mitxelenan ez horrenbeste, hoditeria eta habe asko baitzeuden. Niretzako Koldo Mitxelenako erakusketa tentsio emozionala eta fisikoa askatzea bezala izan zen".
Bere ideiak islatzean izan dituen zailtasunez ere aritu da azkoitiarra: "Testua idatzi nuenean asko gustatzen zitzaidan, baina ikusten nuen zerbait falta zitzaidala. Hori topatzea izan zen zailena. Eszenak nire buruan imajinatzen nituen, baina hori objektu batean erakustea...". Proiektuak izan duen eboluzioa ere, hein handi batean, denboraren poderio izan da: "Harrobian grabatzen egon nintzenean konturatu nintzen eskalatzaileak baino paisaia gehiago interesatzen zitzaidala". Rokodromoan grabatzen aritu zenean, berriz, eskalatzaileak grabatu zituen: "Pertsonak oso-oso gertutik grabatu nituen rokodromoan, nire lanak dokumental itxura har zezan beldurra bainuen. Kirola grabatzen duzunean, hori da gerta dakizukeena".
Amaitu gabe oraindik
Orain, Eusko Jaurlaritzak urtero eman ohi dituen laguntzetako bat jaso du Aranbarrik, eta horrek aukera eman dio bere proiektuekin lanean jarraitzeko. Egin dituen sormen egonaldiak oso garrantzitsutzat jo ditu sortzen jarraitzeko: "Egonaldiak ematen dizuna denbora, lekua, eta gehienbat, dirua dira. Orain arte AEKn irakasle ibili naiz lanean, eta lan normal batekin ezinezkoa egiten zitzaidan denbora arteko gauzetara dedikatzea. Denbora behar duzu dosierrak-eta egiteko". Tabakaleran lan egin ahal izateak, orain, beste sortzaile batzuk ezagutzeko aukera ere eman dio azkoitiarrari, eta hori berarentzat garrantzitsua dela gaineratu du. Bestalde, proiektua dagoeneko amaituta al dagoen galdetuta, zalantza egin du artistak: "Erakusketa jarri eta gero pentsatu nuen amaitu nuela kapitulu hau, baina orain Tabakaleran lantzen ari naizena Ite Deun erabiltako materiala da. Agian, orain eskalada ez dut horren presente nire lanetan, baina oraindik ere hor jarraitzen du. Iruditzen zait proiektua ez dagoela guztiz itxita".