Jose Mari Larrañaga: "Azkenengo irtenbidea izan beharko luke kartzelak"

Nerea Uranga 2022ko uzt. 30a, 10:31

Jose Mari Larrañaga, Arrats elkartearen lehendakaria. (Argazkiak: Nerea Uranga)

Gizartean baztertuta eta egoera zaurgarrian dauden herritarrei baliabide sozialak eta juridikoak eskaintzeko sortu zuten azkoitiarrak eta Amaia Lasherasek Arrats elkartea. Presoei, etxegabeei, prostitutei... zuzendutako hamaika proiektu dituzte esku artean. Larrañagak, besteak beste, kartzelako eta presoen gaiak lantzen dituen Ateak egitasmoaren ardura du.

Toki ezezaguna da kartzela. Bere larrutik ezagutzen du Jose Mari Larrañagak (Azkoitia, 1963) lau hormen artean zigortuta egotea zer den. Barruan zegoenean "inpotentzia eta eskubiderik eza" bizi izan zituen. Salhaketa, Askagintza eta beste elkarte batzuen laguntza jaso zuen orduan, eta behin kalean, egoera zaurgarrian eta baztertuta zeudenei laguntzen hasi zen, Arrats baliabide sozialak eta juridikoak eskaintzeko irabazi asmorik gabeko elkartea sortuta. Egun, elkartearen lehendakaria da, eta batik bat Ateak proiektuaz arduratzen da. Gazte zela utzi zuen sorterria, eta egun Errenterian (Gipuzkoa) bizi da. Udalerri horretako Madalen jaietako txupinazoa botatzeko "ohorea" izango du, Arratsen ordezkari gisa.

Urte asko dira Azkoititik kanpo bizi zarela.

Bai, 20 urterekin-edo joan nintzen Azkoititik, arazoengatik. Heroinara katigatuta nengoen, erokeri horretan murgilduta bizi nintzen. Beste asko bezala, ero-ero sartu nintzen drogaren munduan. Azkenean, kartzelan bukatu nuen. Donostian Gizakia Helburun egon nintzen, eta kartzelatik irtendakoan, Donostialdean gelditu nintzen bizitzen, eta ordutik aurrera bizimodu lasaiagoa egin dut.

Kartzelaldian egin zenituen Arrats elkartea sortzeko lehen urratsak, ezta?

Luzerako nengoen kartzelara zigortuta, kausa piloa nituen. Barruan egonaldi luzea egin beharko nuela gogoan, zerbait egin beharra nuela pentsatu, eta gure eskubideen alde mugitzen hasi nintzen. Garai hartan, intsumisoak sartu zituzten kartzelara, eta Martutene barruan pil-pilean zegoen gaia. Bi-hiru pertsona hasi ginen elkartzen, intsumisoekin biltzen eta denak zirikatzen. Preso politikoak ere bazeuden, eta asanbladan elkartzen hasi ginen hainbat lagun. Intsumisoak beren kontuarekin ari ziren mugitzen, baina preso sozialen babesa ere behar zuten ekintza batzuk egiteko; funtzionarioak distraitzeko, esaterako. Guk haiei babesa ematen genien, eta haiek estruktura pixka bat eman ziguten preso sozialoi. Hala, kausa baten erdian bukatu nuen beste baten zigorra, eta ez dakit nola, baina kalera ateratzea lortu nuen. Behin kanpoan, berriro kartzelara ez sartzeko dena ondo lotzen saiatu nintzen; ekintza sozialetan jardun nuen, Salhaketa elkartearekin, abokatuekin eta presoen senideekin elkartzen, presoei idatziak eta izapideak egiten... Elkarteak puntu bateraino iristen ziren, eta behar bat bazegoela ikusi genuen. Horregatik, kartzelara bisitara etortzen zitzaidan Amaia Lasherasek eta biok Arrats elkartea sortu genuen, egoera zaurgarrian eta gizartean baztertuta dauden pertsonei, hala nola presoei, kale gorrian bizi direnei eta prostitutei, baliabide sozialak eta juridikoak eskaintzeko.

Kartzelan ikusitako hutsuneetatik abiatu zineten, orduan?

Bai. Beldur pila batekin sartzen zara kartzelara, eta behin barruan zaudenean jabetzen zara benetan han dagoenaz: eskubideak ezin landu, beti ezezkoak jasotzen dituzu... Garai hura, gainera, oso gogorra zen: alkohola sartzen zen, ezertarako eskubiderik gabe presoak oso erreta zeuden, droga piloa zegoen... Urte askoko espetxe zigorra nuen, eta egoera hura konpontzeko zerbait egitekotan hasi nintzen urratsak egiten, jakinda kartzeletako instituzioa oso indartsua dela.

Nolakoak izan ziren Arrats elkartearen hasierak?

Kartzelatik irtendakoan eraikuntzan hasi nintzen lanean, eta denbora librean, kartzela hor zegoela eta zerbait egin beharra zegoela aldarrikatzeko presoen eskubideen aldeko manifestazioak egiten hasi ginen espetxearen kanpoaldean. Presoei laguntzeko kartzelara mantak sartzen hasi ginen, eskutitzak idazten, abokatuekin harremanetan jartzen, epaitegietan kontuak mugiarazten, izapideak egiten... Gero, dirulaguntzak jaso ahal izateko, entitate juridiko gisa osatu genuen elkartea. Gainera, elkartea sortu genuenean, prostituzioari buruzko ikerketa bat egiten ari zen Amaia [Lasheras], eta ondorioz, prostituzioan aritzen direnentzako Aukera Zerbitzua ere sortu genuen. Orain, kontu hori pil-pilean dago lege berriarekin.

Zuretzako zer izan zen elkartea sortzea eta beste batzuei laguntzen hastea?

Kartzelan nengoenean, eten egin nuen familiarekin-eta nuen harremana, niretzako eta haientzako onena hori zela uste nuelako; sufritzeko, hobe ni alboan uztea. Espetxean bakarrik nengoen, eta asko lagundu zidaten hara barrura sartzen ziren elkarteetako kideek: Askagintzako Txus Congilek eta Mikel Goenagak edota Balentxik. Niri laguntzera etortzen zen jendea, eta kanpoan nintzela, nik beste batzuei laguntza eskain niezaiekeela pentsatu nuen. Aurrena neure gauzak lotu nituen, lana eta abar. Gero, besteei laguntzen hasi nintzen, astakeria galantak ikusten zirelako kartzelan; esaterako, pertsona bat hilabeteak eta hilabeteak preso egotea hark ez zeukalako epaileei emateko helbiderik. Gauzak lor genitzazkeela ikusten nuen; batetik, pertsona bat barrura ez sartzeko; eta bestetik, barruan zen pertsona handik ateratzeko. "Niri lagundu didate, nik lagundu egin behar dut" pentsatuta ekin nion Arrats sortzeari. Elkarte txiki-txikia zen sorreran, eta asko hazi da. Egun, 50 pertsona ari dira lanean elkartean, eta egitasmo asko ditugu esku artean.

Gizartean ikusezin edota ikusi nahi ez diren horiekin egiten du lan Arrats elkarteak: presoekin, immigranteekin, prostitutekin, etxerik gabekoekin...

Bai, hala da. Presoei laguntzen hasi ginen; izan ere, hor dago kartzela, jendea haren ondotik pasatzen da, baina ez da ohartzen hormaz bestaldera pertsonak daudela eta horiek zer egoeratan dauden. Eta askok zera pentsatzen dute: "Merezi dute!". Prostituzioa ere lantzen dugu. Prostituzioaren gaineko era askotako diskurtsoak daude, baina emakume horiekin oso jende gutxik hitz egiten du, oso ezkutuan daude. Kale gorrian bizi den jendeari ez begiratuta ere hobe: "Itxura txarra daukate, edanda egoten dira...". Era horretako kontuak esaten eta pentsatzen ditu jendeak. Kale gorrian bizi diren hainbatek kartzelan amaitzen dute, eta espetxetik irten eta kale gorrira edota psikiatrikora joaten dira. Biraka dabilen mundu bat da hori. Ingurura pixka bat begiratzea nahikoa da pertsona horiek hor daudela jakiteko, baina jendeak ez ditu ikusi nahi, arazoa direlako. Horietako askoren arazoa, ordea, konpon daiteke. Ni "ezinezkoa" nintzen, baina bizitzan aurrera egin dut. Bizkaiko Gizakia Helburukoak hala esaten zidan: "Zu ez zara inoiz sendatuko, eta zure semea ere yonki bat izango da". Nire semeak inoiz ez ditu drogak hartu, eta teorian ni sendatu egin nintzen, nire bizitza egiten dut, lanean ari naiz, eta urte pila bat daramatzat horrela.

Baliabideak edota aukerak eskainiz gero konponbideak badirela esan nahi al duzu?

Bai, igoal, ez batek nahi duen neurrian, baina bideak badaude. Alkoholarekin arazoak dituen, buruko gaixotasuna duen eta kale gorrian bizi den pertsona batek, agian, ez du lana-eta aurkituko, baina bizitza zuzen dezake neurri batean, lasaiago biziz bai bera, baita bere ingurukoak ere. Aukerak emanda eta bideak jarrita hori lortu duten pertsonak badira. Ez da erraza izaten, aukerak eskaini arren, jende asko berriro erortzen delako, baina jaikiko da berriro. Drogak kartzelan utzi nituen nik, eta ziegan bertan nituen aukeran, egun batean "honaino!" esan nuen arte.

Erraza al da egoera gogor hori bizi duenari baliabideak eskaintzea?

Egoera gogorra bizi duen jendearekin egiten dugu lan, baina askotan, erabiltzaileekin baino gehiago nekatzen gara erakundeekin; izan ere, izapide asko egin behar izaten ditugu, burokrazia handia dago. Arratsek presoentzako nahiz kale gorrian edota baztertuta daudenentzako etxebizitzak ditu udalekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartuta. Guk, ordea, ezin dugu erabaki pertsona bat zein pisutara bideratu; erabaki hori hartzea gizarte zerbitzuen zeregina da. Azken boladan, egoera zaurgarrian daudenen profila asko ari da aldatzen: buruko osasun arazoak ugaritzen ari dira, bai kalean, baita kartzelan ere. Kasu horietan, baliabide sozialen eta juridikoen beharra baino hangiagoa da arreta soziosanitarioarena. Baliabide soziosanitarioak oso mugatuta daude, baina, eta kasu denak inklusioaren arlotik bideratzen dira. Arazo handia dago alde horretatik.

 

"Egoera zaurgarrikoekin profila aldatzen ari da, ugaritzen ari dira buruko gaixotasunak"

 

Arrats elkartearen lehendakaria zara, baina batik bat Ateak proiektuaren ardura duzu, ezta?

Denetarik egiten dut elkartean, baina batez ere, kartzela eta presoak lantzen dituen Ateak proiektuan aritzen naiz. Kale gorrian bizi direnentzako eguneko eta gaueko zentro bana kudeatzen ditugu Donostian, eta horien gainean ere banago. Ateak programak presoekin egiten du lana, eta astero joaten gara Martuteneko kartzelara, hamabostero Zaballara (Araba), noizean behin Burgosera (Espainia)... Izan ere, Euskal Herritik kanpo ere Gipuzkoako preso sozial zein politiko asko daude. Orain gutxi, gainera, espetxeekin lotutako kontu asko bere egin ditu Eusko Jaurlaritzak.

Zer balorazio egiten duzu horretaz?

Ondo dago, teorian polita da, baino asko kostatuko da. Diskurtsoa ondo dago: justizia errestauratiboa egitea, Euskal Herrian beste eredu bat sortzea... Politikoki ez da erraza, gauzak egiten ari dira, baina gehiago egin daiteke. Denbora beharko da ondo egiteko. Politikariek kontuan hartzen dituzte elkarteak, behintzat, eta ari gara Jaurlaritzarekin biltzen. Kartzela ez du ezagutzen gizarteak, ezta epaileek ere; epaileek ez baldin badakite herritarrak nora joatera zigortzen dituzten, nola jakingo du gizartearen gainontzeko zatiak zer den espetxea? Kartzela munstro oso handia da, eta aldatzeko ikaragarrizko lana egin beharra dago.

Konponbidea al da kartzela?

Ez. Badakit ez dela kontu erraza, eta badirela nolabaiteko neurri batzuk ezarri beharreko delitu batzuk. Dena den, ni ez nago kartzelaren alde, eta ulertzen dut aldaketak egin behar direla. Kartzelak azkenengo irtenbidea izan beharko luke, ez lehenengoa.

Egun aurrenekoa al da?

Bai, bide errazena da. Egia da Eusko Jaurlaritza hirugarren gradua eta bestelako aukera gehiago ematen ari dela, baina epaileek ez dute begirada aldatu. Egungoa baino hobea litzakete justizia errestauratiboa edota beste eredu bat ezartzea, eta merkeagoa ere bai.

Izurriaren garaian konfinamentua ezarri zuten. Zuek kalean bizi den jendearekin lan egiten duzuenez, zer-nolako egoerarekin egin zenuten topo?

Egoera eroa izan zen, baina gauza politak ere bizi izan genituen. Kolpera iritsi zen konfinatu beharra, eta Donostiako zinegotzi batek elkartera deitu zuen bi egun barrurako etxegabeentzako toki bat egokitzeko eskatuz. Udalak Atano III.a frontoia prestatu zuen kale gorrian ziren herritarrentzako; 40 pertsona inguru espero zituzten, baina lehen egunean ia 80 joan ziren hara, bakoitza bere arazoekin. Haiek denak nahasian eta frontoi batean kudeatzea oso gogorra izan zen, eta udalari adierazi genion egoerari irtenbidea eman behar zitzaiola, hura lehertzear zegoen bonba bat zelako. Ondorioz, bi hostal ireki zituen udalak, eta haietara bideratu ziren etxegabeak. Hostaletara bideratutakoan ikusi genuen pertsona bati kalitatezko tratua eskaintzen diozunean, haren erantzuna kalitatezkoa izaten dela; edaten zuenak utzi egin zion edateari edota edaten zuen kopurua asko jaitsi zuen, buruko gaixotasuna zuena medikatzen hasi zen... Udalari helarazi genion mezu hori. Ikasketa ona izan zen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide