Azpeitiarrak izan arren, Azkoitiko Txerloiko tenis pistak ederki ezagutzen dituzte Jon Orbegozok (Azpeitia, 1984) eta Nerea Egigurenek (Azpeitia, 2006). Orbegozo Txerloia tenis klubeko kidea da, eta hantxe ibiltzen da tenisean. Egigurenek, berriz, teniseko lehen ikastaroa Txerloian egin zuen, 7 urterekin. Biak ala biak, gainera, azkena jokatutako Azkoitiko Domusa Teknik Openaren absolutu mailako irabazleak izan dira. Pandemiaz geroztik, erreskadan lau tenis txapelketa irabazi ditu Orbegozok; aurreko asteburuan, Oñatz tenis klubak antolatutako Azpeitiko I. Tenis Txapelketaren lehen mailako finala irabazi zuen.
Lagunartean hasi zen Orbegozo tenisean jokatzen, 16 urterekin edo. "Beste bi-hiru lagunekin hasi nintzen tenisean. Orduan, Azpeitian tenis pistarik ez zegoen, eta Loiolabideko etxeetakora sartzen ginen jokatzera, hesia saltatuta", gogoratu ditu hastapenak. Jokoan nahiko ondo moldatzen zela, eta Azkoitiko Txerloia klubean apuntatzera animatu zuten, eta hala egin zuen. "Azkoitira oso-oso berde etorrri nintzen, ia joko arauak ere ez nekizkien. Gogoan dut lehen partida galdu egin nuela, eta aurrenekoan txapelketatik kalera joan nintzen".
Futbola eta tenisa
Tenisean jarraitu zuen Orbegozok, eta 23 urterekin txapelketa batean parte hartu eta irabazi egin zuen. Garai hartan, ordea, futbolean Lagun Onaken gizonen lehen taldean jokatzen zuen, eta kontuak ibili zituen futbola eta tenisa uztartzeko. "[Aitor] Zulaika zen Lagun Onaken Hirugarren Mailako taldearen entrenatzailea. Nik, berriz, isilean jokatzen nuen tenisean Txerloian: astelehenetan eta asteazkenetan tenisean jokatzen nuen, astearteetan, ostegunetan eta ostiraletan futbolean entrenatzen nuen, eta zapatuetan futbolean jokatzen nuen. Gertatu zen, ordea, txapelketaren finalera iritsi nintzela, eta orduan tenisean ibiltzen nintzela esan beharra eduki nuen. Hala esan zidan Zulaikak: 'Bale, final hau jokatu, baina aurrena eta azkena'. Final hura jokatu eta irabazi egin nuen. Baina gero, futbola laga arte, 35 urte egin arte, ez nuen tenis txapelketetan parte hartu". Ordutik, tartean, pandemia izan da, eta ondoren parte hartu duen tenis txapelketa denak irabazi ditu Orbegozok.
Egigurenek beti izan du gustukoa kirola, "kirolzalea naiz oso", dio. "Gure aitari asko gustatzen zaio tenisa, eta harekin hasi nintzen ikasten. 7-8 urte nituenean, udako tenis ikastaro batean eman nuen izena Txerloian, eta handik aurrera tenisari lotuta jarraitu dut, gustukoa dudalako. Azpeitian teniseko taldea sortu zutenean han eman nuen izena, baina maila pixka bat hartu nuenean, Donostian hasi nintzen entrenatzen, Pinter tenis klubean". Gaur egun, astean hirutan joaten da Donostiara entrenatzera Egiguren, eta "asteburuetan federatuen Euskadi mailako tenis txapelketak" jokatzen ditu. Udako agenda bete-betea dauka azpeitiar gazteak: "Pinter akademian bertan txapelketa bat dut, gero beste bat Mendizorrotzan [Gasteiz]… Uda beteta daukat, baina tenisa oso gustukoa dut eta gustura ibiltzen naiz".
Kirol gogorra
Tenisa kirol gogorra dela diote biek ala biek. "Konfiantzaz gainezka zaudenean gustura aritzen zara hiru segundotik behin pilota jotzen. Kontrara denean, baina, bestelakoa izan daiteke eragina; eskumuturra pixka bat dardarka hasten da, pilotak etortzen segitzen du, eta beldurrez jokatzen duzu. Azkenean, zeure buruarekin borrokatu behar izaten duzu", azaldu du Orbegozok.
Bat dator horretan Egiguren ere. Jokorako teknika ona izan arren, buru lanak ere zerikusia du teniseko jokoan. "Pilotakada bakoitzean dakizun onena erakutsi behar duzu, baina tenis partida batean gauzak asko alda daitezke tarte laburrean: set bat 6 eta 0 irabazi arren, buelta edozein unetan gerta liteke. Beraz, irabazten joan arren, oso kontzentratuta jarraitu behar duzu jokoan, aurkariak edozein unetan partida hautsi dezakeelako. Jokoan oso indartsua izan behar duzu buruz ere".
Horrez gainera, bakarkako kirola da, eta taldeko kirolen aldean, norberak egin beharreko lan erantsia du tenisak. Horretaz ederki daki Orbegozok: "Futbolean egun txar bat baldin badaukazu, babestuko zaituzten beste hamar taldekide dauzkazu, eta egun horretan zure ordez haiek aterako dituzte babak eltzetik. Hurrengo batean, aldiz, zuk aterako dituzu haienak. Tenisean, baina, bakarrik zaude eta aurkaria zure ahulguneak nabarmentzen saiatuko da".
Tenisak "harrapatu" egiten duela diote biek, eta gustura aritzen direlako jokatzen dutela. "Ni bakarrik joaten naiz astean hirutan Donostiara entrenatzera, gogorra da, baina asko gustatzen zaidalako ibiltzen naiz tenisean. Aurrera begira? Zaila da tenisean aurrera egitea, kanpora joan beharko nuke… Horretaz pentsatu izan dut, baina oraingoz maila hobea lortzeko entrenatzen segituko dut", dio Egigurenek.
Orbegozok ere gustuko duelako jokatzen du tenisean. "Txerloian 250 lagun ibiltzen dira tenis ikastaroetan, eta pista erreserbatzeko nahiko lan izaten da. Baina elkarrekin oso ondo konpontzen garen lagun talde bat ibiltzen gara, eta gustura, gainera".