Joan zen ostegunean, ekainak 30, banatu zituzten I. Hike eizan! bertsopaper lehiaketako sariak, Hika bertso saioaren II. edizioaren ostean. Lehen edizio horretako helduen mailako irabazlea Eli Pagola hernaniarra izan da, Tximista eta trumoia bertso-sortarekin; sari banaketa ekitaldira joaterik ez zuen izan Pagolak, baina Bertsoa.eus atarian elkarrizketa egin diote lehiaketaren inguruan. Honakoa azaldu du bertsolariak elkarrizketa horretan:
"Egia esan sariketa edo lehiaketa hau zegoela jakin baino lehentxeago idatzitakoak dira bertsoak. Guk lagunartean badugu ohitura hika etzi egitekoa, eta buruan nuen ipuin bat. Okurritu zitzaidan denbora pasa bezala ipuin hori bertsoetara ekartzea. Esan zidatenean lehiaketa hau zegoela, lagun pare batekin hitz egin, animatu, eta bidali egin nuen sorta, bideren bat edo egiten zuen probatzeagatik. Tximistaren eta trumoiaren arteko istorioa kontatzen da, elkarren arteko harremana zer moduz joan den, haserre ibili izan direlako, bat bestea baino beranduago iristen delako beti. Joku horrekin egindako ipuina da".
Hona hemen Tximista eta trumoia bertso-sorta:
Tximista eta trumoia
Doinua: Ostiraletan duzu
Neurria: zortziko txikia
1- Lehengoan leiho koxkan
txorrotxiogintzan
jarritako txepetxa
kontaria izan
kantatu nahi ninake
harek egin gisan
tximista ta trumoia
zer-nola dabiltzan.
2- Tximista dun beroa,
tximista hauskorra
energia askodun
ekile bizkorra
behin helburu bat jartzen
badin egoskorra
handik edo hemendik
helduko dun horra.
3- Trumoiarena ez dun
antzeko kasua
berea aldiro dun
bigarren pausua
patxarosa, pikati,
erdi setatsua
nahi ez duela ere
zalapartatsua.
4- Presio desberdinak
parekatu xede
zeru-lurrak astindu
asmoz goi ta behe
nahiz ta elkarrengana
moldatu hain trebe
izan dizkiten euren
istiluak ere.
5- Orain milaka urte
nolako estanpa
basoa guztin bete
zunan tantaz tanta
Tximistak hartu zinan
haserre galanta
Trumoi beti berandu
iristen zunan ta.
6- Ibili ordez lehen
urratsa nork eman
batera hobe zela
zitenan antzeman
baina predikziorik
gabeko sisteman
bihotzeko ugari
eman zizkitenan.
7- Ez zitenanez maite
bihotzik haustea
erabaki zitenan
ordenari eustea
aleatorioki
zerutik jaistea
batzutan lehenengo bat
bestetan bestea.
8- Jolasaren graziaz
edo ohartuta
lagunaren lekua
hartzen ausartuta
elkarlanean ditun
erabat sartuta
konfiantza eskainiz
ardurak hartuta.
9- Beraz gaurtik aurrera
ekaitza lehertzean
jarri hire etxeko
atari ertzean
ea igartzen dunan
segidan heltzean
noiz datozen haserre
ta noiz jolasean.