Herritarren ekintza proposamenak jasotzeko galdetegia zabaldu du udalak

Andoni Elduaien 2022ko uzt. 4a, 12:13

Eliz atarian jarri dute prozesuaren berri ematen duen paneletako bat. (Andoni Elduaien)

Uztailaren 12ra bitartean bete ahalko dute herritarrek udalak etxez etxe banatu duen galdetegia. Herri Diagnostikoan jasotako erronkei erantzun ahal izateko, herritarrek buruan izan ditzaketen ekintza proposamenak jaso nahi ditu Azkoitiko Udalak. Galdetegia online, herriko zenbait puntutan edo telefonoz bete daiteke.

Herritarren eta eragileen proposamenak jasotzeko asmoz, Azkoitiko Udalak galdetegia zabaldu du herriko etxe guztietan. Azkoitiak 2024an 700 urte beteko dituela eta, udalak martxan du Herrilab +700 hausnarketa prozesua joan zen urtetik. Proiektuaren barruan, Herri Diagnostikoa osatu zuten iazko urte amaieran, herriko hainbat eragilerekin, elkarterekin eta herritarrekin; Azkoitiak dituen erronkak eta beharrak jaso zituzten orduan, hala nola parekidetasuna, ingurumena, trantsizio ekonomikoa, zaintza, enplegua eta etxebizitza.

Lanketari jarraipena emateko asmoz, Herri Plana egin nahi du udalak aurten, eta herritarrek diagnostikoan jasotako erronkei erantzun ahal izateko, herritarren ekintza proposamenak jaso nahi ditu erakundeak. Hain zuzen, horretarako zabaldu dute orain galdetegia. "Erakunde eta gizarte gisa ditugun erronkei guztion artean aurre egiteko ekarpenak lantzea da gakoa", azaldu du udalak ohar bidez. Norbanakoek dituzten ekintza proposamenak gai-eremuarekin lotzeko eskatu du udalak, baita proposatutako ekintza gauzatu ahal izateko eragin eremua, sustatzaileak edota partaideak zeintzuk izan beharko luketen ere. 

Dagoeneko bete daiteke galdetegia; uztailaren 12a izango da erantzuteko azken eguna. Hainbat modutan parte hartu ahal izango dute herritarrek prozesu horretan: batetik, galdetegia online betetzeko aukera egongo da, eta bestetik, liburutegian, udaletxeko harreran edo Elkargunean jarritako kutxetara galdetegia sartuta. Hala eta guztiz ere, ekarpenak eta proposamenak telefonoz egiteko aukera ere eskainiko dute, 688 64 80 40 telefono zenbakira deitu eta hitzordua hartuta.

Herri Plana, aurten

Aurtengo parte hartze prozesua Aztiker Soziologia Ikerguneak diseinatu du, eta azaroan amaituko da. Erakundeak adierazi duenez, aurtengo prozesuak lau lan-fase ditu: lehendabizikoa da Herri Planaren zirriborroa egitea; bigarrena, Herri Plana kontrastatzea eta osatzea; hirugarrena, Herri Plana balioztatzea; eta laugarrena, itzulketa egitea eta aurkezpena. Udalak dagoeneko martxan du prozesua, eta lehen fasean, udal ordezkariek, teknikariek eta langileek parte hartu dute. Bigarren fasean ekainean hasi zuen, herri batzarrarekin.

Horrez gain, elkarrizketak egiteko asmoa ere badu udalak, eta ausaz, hainbat herritar aukeratuko ditu, horiek Herri Kontseilua osatu dezaten, beti ere haiek hala nahi badute. Parte hartzea borondatezkoa izango da, eta errolda bidez, adina, generoa, ikasketak, jatorria eta beste hainbat adierazle hartuko dituzte kontutan. Askotariko profila duten herritarrei dei egingo die udalak Herri Kontseiluko kide izateko, eta horien lana izango da Herri Plana balioztatzea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide