Azkoitiko Udalak ekaineko osoko bilkura egin zuen atzo, asteazkena, udaletxean, eta hainbat puntu izan zituzten hizpide udal taldeek. Horien artean, aho batez erabaki zuten Azkoitia Udalsarea 2030 akordioari atxikitzea. Udalerri jasangarrien euskal sarea da Udalsarea 2030, eta tokiko jasangarritasuna nahiz administrazio publikoen arteko koordinazioa sustatzea ditu helburu. Udal ordezkari guztiek sare horretara batzeko aldeko botoa eman zuten. Ana Azkoitia alkateordeak erabakiaren xehetasunen berri eman zuen hitzartzean, eta hark jakinarazi zuen Udal Gobernuak sare horretarako proposatzen dituen ordezkariak Javier Zubizarreta alkatea eta Amaia Argarate udal teknikaria liratekeela —Imanol Arrizabalaga izango da ordezko politikaria eta Arturo Garate ordezko teknikaria—.
Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Baiko zinegotzia izan zen hitza hartu zuen oposizioko kide bakarra, eta begi onez ikusi zuen atxikipena: "Honelako lantalde baten barruan izateak ez dut uste inongo kalterik ekarriko digunik, eta behar bada, jasangarritasunari begira, ekintza gehiago bultzatzera eraman gaitzake".
Gerakina, kreditu globalera
Bestalde, gai zerrendako 5. puntuan 2022ko hirugarren kreditu aldaketa bozkatu zuten atzoko osoko bilkuran. Azkoitiak nabarmendu zuenez, gerakinetik 515.000 euro bideratuko dituzte lau partidatara, eta zenbateko horren zatirik handiena kreditu globalera joango da: 400.000 euro. Erabaki horren arrazoiak azaldu zituen alkateordeak: "Prezioak goraka doaz, eta horren ondorioz, Floreagako igogailuen lizitazioa hutsik gelditu zaigu. Arrazoia da aurrekontu hori merkea dela, eta handitu egin behar dela. Beraz, eguneratu egin beharko da proiektua, eta ez dakigu zenbat diru gehiago jarri beharko dugun".
Kontu-hartzailetzak Udal Gobernuari kreditu globala handitzeko gomendioa egin ziola nabarmendu zuen Azkoitiak, modu horretan, halako kasuetan diru hori erabilgarri izateko. "Urgentziazko zerbait egin behar denean erabiliko da kreditu globaleko dirua, eta konpromisoa hartzen aurrez jakinaraziko zaizuela kontu garrantzitsuetarako erabili behar bada".
Horrez gain, gerakinetik 5.000 euro katuen koloniak kontrolatzeko erabiliko dituzte, Katulagun taldearekin hitzarmena adostear baitago udalaren Ingurumen Saila. 80.000 euro, berriz, San Martin auzoko lursail bat erosteko erabiliko dituzte; Azkoitiak azaldu zuenez, hango lursail asko udalarenak dira, eta orain, beste zati bat erosteko aukera izan dute. Erakundearen asmoa zati horretan egoera txarrean dauden etxolak botatzea da, eta horretarako, 30.000 euro erabiliko dituzte.
Aho batez onartu zuten kreditu aldaketa gauzatzea, eta honako lotura honetan irakur daitezke Azkoitia Bairen arrazoiak.
LGBTI+ komunitatearen alde
Osoko bilkurako beste puntu garrantzitsuetako bat izan zen LGBTI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira lau udal taldeek adostutako mozioa, eta talde guztietako ordezkariek testuaren zati bat irakurri zuten hitzartzean. Hona hemen adierazpena, osorik:
LGTBI+ bizitzek balio dute
Ekainaren 28an, LGBTI+ harrotasunaren egunean, Azkoitiko udalak LGTBI+ mugimenduaz harro dagoela adierazi nahi du argi eta garbi.
Inoiz baino garrantzitsuagoa da nondik gatozen ospatzea eta aldarrikatzea. Stonewalletik Euskal Herrira, milaka bizipen, galera, aldarrikapen eta lorpen izan ditugu, baina oraindik egiteko asko dago. Eraso LGBTI+ fobikoen datuak gora doaz, armairuak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira... eta ondorioz gure bizitzak arriskuan daude, benetan arazoa duten pertsona hauen erruz. Horregatik guztiagatik, Azkoitiko Udalean LGBTI+ pertsonen bizitzen gaineko diagnostikoa egiteko behar diren baliabideak jartzeko konpromisoa hartzen dugu.
Bestalde, herriko LGBTI+ mugimenduarekin bat egiten duten herritarren laguntzaz, besteenganako gorrotoa adierazten duten horiei bide egokia zein den erakustea tokatzen zaigu berriro, horretarako zintzilikatu dugu udaletxeko balkoian hemen aldarrikatu nahi dugun dena adierazten duen bandera. Udal honetako alderdi denen edo beste edonondik datozkigun proposamen/ekarpen denak partekatzen eta aztertzen jarraituko dugu. Beti bezala, norbaitek erasoren bat jasango balu, udalak eman beharreko laguntza osoa eskainiko dio, eta horrez gain, herritar denei dei egiten diegu ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimenetan eta mobilizazioetan parte hartzeko, eta amaitzeko, LGBTI+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lan egiten eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo guztiak zoriondu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen dugulako.
Gure bizitzek balio dutelako, gora ekainaren 28a!