Larreak kontserbatzea xede

Ane Olaizola 2022ko eka. 30a, 12:03

Izarraitz.

Life Oreka Mendian proiektuaren barruan, larreak berreskuratzeko asmoz lanean ari dira Kontserbazio Bereziko Eremu diren 23 menditan, tartean, Izarraitzen.

Larreen erabilera tradizionala oinarri hartuta, Euskal Herriko mendietako larreak kontserbatzeko eta kudeatzeko asmoz sortutako proiektua da Life Oreka Mendian. Izenak berak dioen moduan, bere helburu nagusia da Natura 2000 sarean dauden Kontserbazio Bereziko 23 eremutako habitaten eta espezieen kontserbazioaren nahiz berritzearen arteko zein hango baliabideak erabiltzen dituzten pertsonen arteko oreka aurkitzea. Pirinioen alde bietara dauden mendietan ari dira gauzatzen proiektua, eta horregatik, Iparraldeko zein Helgoaldeko hainbat erakundek zein enpresak bat egin dute proiektua sustatzeko: Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako foru aldundiek, Eusko Jaurlaritzaren Hazi fundazioak, Neiker eta Ihobe sozietate publikoek, Euskal Herriko Laborantza Ganberak eta Conservatoire dÉspaces Natureis de Nouvelle-Áquitaine erakundeak, hain zuzen ere. Iparra larreen egoera hobetzea eta horiek kontserbatzea izanda, guztira Kontserbazio Bereziko Eremu izendapena duten 23 menditan ari dira egiten ekintzak, tartean eskualdean: Pagoetan, Hernio-Gazumen eta Izarraitzen.

Sustatzaileen arabera, Europan larre horiek “arriskuan” daude egun, ez direlako abeltzaintzarako erabiltzen. “Zaila da eremu guztiekin egoera komun batera iristea, bakoitzak bere berezitasunak baititu. Ordea, nagusitzen den joera da belarkaren azalera galtzen ari dela eta sastrakena, aldiz, ugaritzen”, adierazi du Amelia Ortubaik, proiektuaren koordinatzaile teknikoak. Haren arabera, besteak beste, abereen erabilera aldatu egin delako, ardiak eta ahuntzak “nabarmen” gutxitu direlako zein azienda handiak ugaritu egin direlako gertatu da hori. “Oro har, tradizio handiena duten eta ardi-txabola iraunkorrak dituzten habitatak dira ondoen daudenak, hala nola Aizkorri-Aratz, Aralar eta Gorbeia. Gainontzeko eremuetan, batez ere Araban, artzaintzaren gabezia izan ohi da arazorik handiena”.

Sustatzaileek duela bost urte jarri zuten proiektua martxan, eta urtearen amaieran amaitutzat joko dute. Proiektuaren aurrekontuaren %87 gauzatuta dagoela, guztira 1.500 larre hektarea baino gehiago berreskuratu dituztela jakinarazi du koordinatzaile teknikoak. Hain zuzen ere, proiektuari esker mendiko larreak “egoki kudeatzea” lortu dutela azpimarratu du hark, horien kontserbazioa eta elkarrekin bizi diren habitaten eta espezieen biziraupena “bermatuta” baitago.

Tokian tokiko ekintzak

Ortubaik jakinarazi duenez, proiektua hasi zutenetik askotariko ekintzak egin dituzte Kontserbazio Berezia izendapena duten 23 eremutan: babestutako flora berreskuratu; oteak eta iratzeak kontrolatzeko sastraka kendu; zingirak hobetu; ganadua sar ez dadin eta eremua berritu dadin gune batzuk itxi; eta ganaduaren erabilera errazteko ekipamendua sortu. Larreak erabiltzen dituzten ganaduen portaera ere aztertu dute, haiei GPSa daramaten lepokoak jarrita: “Horrek agerian utzi du animalia horiek larreen kontserbazioan eta sasiak kentzean ezinbesteko lana egiten dutela”.

Eskualdeari dagokionez, ekintza zehatzak egin dituzte Pagoeta Parke Naturalean, Hernio-Gazume mendietan eta Izarraitz mendilerroan, bakoitzak dituen ezaugarriak kontuan hartuta. Aia, Zarautz eta Zestoa artean dagoen parke naturala, esaterako, Gipuzkoako Foru Aldundiarena da, eta hango otalurren artean bi eremu bereizten dira: beheko larreak –belardiak– eta goialdekoak. Aldundiak beheko larreak laga egiten ditu udan txahalak hazteko, eta beraz, goiko eremuan egin dituzte ekintzak. Teknikariaren arabera, larre horiek gutxi erabiltzen dira, eta Aldundiarenak diren pottokek zein bizilagun batzuek aprobetxatzen dituzte. Bertan, sastrakak kendu nahiz askak konpondu dituzte, eta abeltzaintzak eremua gehiago aprobetxa dezan, erakundeak hitzarmena egin du Mendiko Zaldien Federazioarekin; horren bidez, federazioak neguan zaldiak eramango ditu Pagoetara, animalia horiek hango habitataren egoera hobetuko dutelakoan.

Hernio eta Gazume, berriz, jabetza pribatuko eremuak direla azaldu du Ortubaik, eta jakinarazi du Etorlurren bitartez kontratuak egiten direla jabeen eta abeltzainen artean. “Modu horretara, ia abandonatuta dagoen mendia modu ordenatuan bazkatzea lortu da”. Hernio mendi karstikoa izanik, hango arazo nagusia udan urik ez dagoela dela esan du teknikariak, eta bertan egiten dituzten erreketak, berriz, “lagungarriak” direla larreak sortzerakoan. “Brachipodium pinnatum da hango larre nagusia, eta habitat hori kontrolatzeko behiak sartzen saiatu gara; aurretik, ordea, beharrezkoa izan da artzaintza-eremua urez hornitzea”. Beraz, zundaketak zein askak egin dituzte han.

Izarraitzen, berriz, arazo gehiagorekin egin dute topo. Mendilerro “pribatua” da hori ere, Azpeitiko eremua izan ezik, eta orain arte “ezin” izan dute Hernion egin duten moduan jabeen eta abeltzainen artean kontraturik sinatu; horrek “zaildu” egin du han jarduerak egitea. “Oro har, Hernioren antzekoa da arazoa: abereen zama txikia da han ere, eta larreak pixkanaka hornitzen ari dira. Horiek erabiltzeko baimenen erregistrorik ez dagoenez, abeltzaintzaren erabilerak zer joera duen ez dakigu”. Han ere sastrakak kendu dituzte, eta aurten aska bat konponduko dutela iragarri dute.

Proiektuaren sustatzaileen arabera, larreek “oraindik ustiatu ez den gaitasuna” dute klima aldaketa “arintzeko”: “Kalkulatzen da munduko zoruko karbonoaren %30 bertan dagoela”. Ildo horretan, Klimaren, Azpiegituren eta Ingurumenaren Europako Agentzia Exekutiboak proiektua bertatik bertara ezagutzeko tartea izan du, eta bisitak egin ditu ekintzak gauzatu dituzten zenbait guneetara. “Auditoria horrek baieztatu du gauzak behar bezala egiten ari garela”. Horrez gain, teknikariak azaldu du, proiekuari esker, kudeatzaileek, tokiko eragileek, abeltzainek eta adituek osatutako eztabaidarako foro “interesgarriak” sortu direla, eta Iparraldeko zein Helgoaldeko erakundeek parte hartu izanak errealitatea “haratago” ikusten lagundu diela.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide