Abian dira eskualdeko ondarea ezagutzeko doako bisita gidatuak eta ibilaldiak

Andoni Elduaien 2022ko eka. 22a, 17:04

Bisita gidatuan Etxebeltz jauregia bisitatzeko aukera egongo da. (Alex Berasategi)

Datorren igandean, ekainak 26, egingo dute herrian lehen bisita gidatua. Azkoitia eta Azpeitia lotzen dituen bideari jarraituz, mudejar itxurako eraikinak ikusteko aukera izango da orduan. Guztira, Azkoitian hiru bisita gidatu desberdin egiteko aukera eskainiko du Urola Turismoak. Bisita gidatuetan parte hartzeko, izena eman beharko da aurrez.

Iraurgi Berritzen garapen agentziak Loiolako turismo bulegoaren bidez kudeatzen duen Urola Turismoak bisita gidatuen programaren aurtengo udako edizioa aurkeztu du. Loiola bailara, historia eta paisaia bazterrak izenpean, eskualdeko ondarea ezagutzeko doako bisita gidatuak eta ibilaldiak egiteko aukera izango da irailera bitartean.

Joan den larunbatean ekin zieten bisita gidatuei Azpeitian, eta aste honetan egingo dute lehena Azkoitian. Irailaren 18an emango diote amaiera aurtengo programari, baina bitarte horretan 24 bisita gidatu nahiz irteera egitea aurreikusten dute antolatzaileek. Aurreratu dutenez, bisita gidatuak Aizarnazabalen, Aizarnan (Zestoa), Azkoitian, Azpeitian eta Errezilen egingo dituzte. Parte hartzaileek herri horietako ondare kulturala eta historikoa ezagutzeko aukera izango dute.

Bi helburu nagusirekin antolatu dute aurten ere Loiola bailara, historia eta paisaia bazterrak programa: bertako eskaintza turistikoa sortzeko nahiz barne turismoa sustatzeko eta tokiko ondare historiko kulturalaren eta naturalaren gaineko sentzibilizazioa bultzatzeko. Urola Erdiko bisitetan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da. 943-15 18 78 telefono zenbakira deituta (Loiolako informazio bulegoa) edo i-loiola@urolaturismoa.eus posta elektronikora idatzita eman ahalko da izena. Antolatzaileek gogorarazi dute bisitak eta ibilaldiak doakoak direla.

Azkoitian, hiru eskaintza

Herrian hiru bisita eskainiko dituzte aurtengo udako programari lotuta. Lehen bisita gidatua igandean egingo dute Azkoitia eta Azpeitia artean. Hain zuzen, Mudejar artearen ibilbidea: Azpeitia, Loiola, Azkoitia izeneko bisita gidatua egingo dute. 10:00etan, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokitik abiatuko dira bisitariak, eta hiru ordu inguruko ibilbidea osatu beharko dute. Azkoitia eta Azpeitia lotzen dituen bideari jarraituz, mudejar itxurako eraikinak ikusteko aukera izango da, Loiolako dorretxea barne. Bisita hori bera abuztuaren 13an eta irailaren 10ean errepikatzeko aukera izango da, ordu berean.

Hurrengo igandean, uztailak 3, Azkoitia: jauregi eta dorretxeen hiribildua izeneko bisita gidatua egingo dute. Azkoitia Erdi Aroan sortu zen, eta egun jauregi eta dorretxe askoren leku da. Eraikin bakoitzak gordetzen duen historia ezagutzeko aukera izango da bisita honen bidez. 11:00etan hasiko da bisita, Andre Mariaren Jasokundeko parrokiaren parean, eta bi ordu inguru luzatuko da. Bisita hori bera irailaren 18an egiteko aukera ere egongo da.

Herrian egingo den hirugarren eta azken bisita gidatua, San Martin ermita eta Azkoitiko alde zaharra izenekoa, irailean 3an egingo dute. San Martin ermita eta Azkoitiko alde zaharra ezagutzeko aukera izango da orduan. 11:00etan, Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizan elkartuko dira parte hartzaileak bi orduko ibilbidea egiteko.

Bisita gidatu guztiak

  • Ekainak 26, igandea: Azkoitian eta Azpeitian, 10:00etan, Mudejar artearen ibilbidea: Azpeitia, Loiola, Azkoitia.
  • Uztailak 2, larunbata: Azpeitian, 11:00etan, Azpeitia XVI. mendean.
  • Uztailak 3, igandea: Azkoitian, 11:00etan, Azkoitia: jauregi eta dorretxeen hiribildua.
  • Uztailak 10, igandea: Aizarnazabalen, 11:00etan, Bidaiarien lagun, Aizarnazabalgo San Kristobal ermita.
  • Uztailak 16, larunbata: Azpeitiko Loiolan, 11:00etan, Loiola: San Inazioren omenez egindako santutegi barrokoa.
  • Uztailak 17, igandea: Aizarnazabalen, 11:00etan, Altzolarats, errota eta baserrien haran ezkutua.
  • Uztailak 23, larunbata: Azpeitiko Loiolan, 11:00etan, Loiola Iñigoren ume eta gaztaroan.
  • Uztailak 24, igandea: Errezilen, 11:00etan, Errezil, ermita eta sagarrondoen artean.
  • Uztailak 28, osteguna: Azpeitiko Loiolan, 17:00etan, Loiola: San Inazioren omenez egindako santutegi barrokoa.
  • Abuztuak 4, osteguna: Azpeitiko Loiolan, 17:00etan, Loiola: San Inazioren omenez egindako santutegi barrokoa.
  • Abuztuak 6, larunbata: Aizarnan, 10:00etan, Aizarnako parrokia eta Santa Engrazia ermita.
  • Abuztuak 7, igandea: Azpeitiko Loiolan, 11:00etan, Loiola: San Inazioren omenez egindako santutegi barrokoa.
  • Abuztuak 11, osteguna: Azpeitiko Loiolan, 17:00etan, Loiola: San Inazioren omenez egindako santutegi barrokoa.
  • Abuztuak 13, larunbata: Azkoitian eta Azpeitian, 10:00etan, Mudejar artearen ibilbidea: Azpeitia, Loiola, Azkoitia.
  •  
  • Abuatuak 14, igandea: Azpeitiko Loiolan, 11:00etan, Loiola Iñigoren ume eta gaztaroan.
  • Abuztuak 18, osteguna: Azpeitiko Loiolan, 17:00etan, Loiola: San Inazioren omenez egindako santutegi barrokoa.
  • Irailak 3, larunbata: Azkoitian, 11:00etan, San Martin ermita eta Azkoitiko alde zaharra.
  • Irailak 4, igandea: Errezilen, 11:00etan, Errezil, ermita eta sagarrondoen artean.
  • Irailak 10, larunbata: Azkoitian eta Azpeitian, 10:00etan, Mudejar artearen ibilbidea: Azpeitia, Loiola, Azkoitia.
  • Irailak 11, igandea: Azpeitian, 10:00etan, Magdalenako ospitaletik Lasaora.
  • Irailak 17, larunbata: Azpeitian, 11:00etan, Azpeitia XVI. mendean.
  • Irailak 18, igandea: Azkoitian, 11:00etan, Azkoitia: jauregi eta dorretxeen hiribildua.

Ikusi osorik bisita gidatuen eskuorria.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide