Euskaraz ez dakiten adineko pertsonen zaintzaileentzat 'Esaizu euskeraz!' hiztegia kaleratu du udalak

Anartz Izagirre 2022ko eka. 22a, 16:55

Marijose Arregi udaleko Euskara zinegotzia, Izarraitz Lanbide Heziketa zentroko ikasleekin. (Azkoitiko Udala)

Euskarazko oinarrizko hitzekin zein esamoldeekin osatutako hiztegia plazaratu du Azkoitiko Udaleko Euskara Sailak. Marijose Arregi Euskara zinegotziak hiztegia eman die gaur Izarraitz Lanbide Heziketa zentroan mendeko pertsonei gizarte eta osasun arreta emateko ikastaroa egiten ari diren ikasleei. Horrez gain, hiztegia eskuragarri egongo da herritar guztientzako, eta interesatuek Euskara Sailarekin jarri beharko dute harremanetan.

Esaizu euskeraz! deituriko hiztegia kaleratu berri du Azkoitiko Udaleko Euskara Sailak, adineko pertsonen zaintzaile erdaldunentzako pentsatuta. Udalak jakinarazi duenez, mendekotasuna duten pertsonen artean gehien errepikatzen den profila euskara ulertzeko eta euskaraz hitz egiteko gaitasunik ez duenarena da; horrek zaintzailearen eta adin nagusiko pertsonaren arteko harremana baldintzatu dezakeela nabarmendu du udalak, eta arazo horri "ahal den neurrian irtenbidea emateko", euskarazko oinarrizko hitzen eta esamoldeen hiztegia kaleratu du erakundeak. Marijose Arregi Euskara zinegotzia Izarraitz Lanbide Heziketa zentroan izan da mendeko pertsonei gizarte eta osasun arreta emateko ikastaroa egiten ari diren ikasleei hiztegia banatzen.

Euskara zinegotziak Badihardugu euskara elkarteko Aintzane Agirrebeña izan du bidelagun, hark landu baitu hiztegiaren edukia. Arregik Izarraitz Lanbide Heziketara egin duen bisitan euskararen garrantziaz aritzeko abagunea ere aprobetxatu du, haren esanetan, "egunerokotasunean euskaraz bizi diren adineko pertsonentzat euskara gertutasun eta konfiantza kontua delako", eta haien "beharrak ulertzeko keinu edo ahaleginak balio handia duelako". Honela azaldu du Arregik: "Hiztegi honekin hasiera eman diogu, baina gure asmoa aurrerapausoak ematea da, eta atzerritarrei baliabide berriak eskaintzea euskarara gertura daitezen ahalik eta modu errazenean. Uste dut tresna erabilgarria eta baliagarria dela oso, zaintzaileen eta adinekoen arteko hartu-emanak hobetzeko. Eta ez hori bakarrik, erdaldunak euskarara gerturatzeko ere balio du, duten lanbidea aparte utzita".

Erakundeak jakinarazi duenez, "poltsikoko hiztegia" da argitaratu dutena, eta azkoitiarrez jaso dituzte hitzak eta esamoldeak. Bilatu nahi diren hitzak "erraz" topatzeko moduan antolatu dute hiztegia, eta edukiaren zati handiena "espazioaren arabera" banatu dute; hau da, zaintzaileek eta adineko pertsonek hainbat espaziotan —etxean, kalean, farmazian, saltokietan...— erabil ditzaketen hitzak multzokatu dituzte. Horrez gain, hiztegiak beste hainbat hitz ere biltzen ditu; esaterako, agurtzeko moduak, oinarrizko kontzeptu batzuk, asteko egunak, zenbakiak eta orduak, koloreak edota eguraldiari lotutako esamoldeak jasotzen ditu.

Hiztegia, edonoren eskura

Udalaren Euskara Sailak interesa duen herritar ororentzat eskura jarri du hiztegia, eta bi modu egongo dira hura lortzeko: 943-85 71 75 telefonora deituta edo euskara@azkoitia.eus helbidera idatzita. Horrez gain, puntu gakoetan ere egongo da hiztegia eskuragarri, eta Herriarren Arreta Bulegoan nahiz beste hainbat zerbitzu publikotan ere izango da. Gainera, honako lotura honetan online deskargatu daiteke hiztegia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide