Indarkeria arrisku egoeren aurrean eman beharreko urratsak eta jarraibideak azalduz, Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen saileko Berdintasun arloak informazio-gida berria atera du. Ez begiratu beste alde batera! lelopean, udalak 8.000 eskuorri banatu ditu herrian zehar. Mezu horrekin, erakundeak indarkeria matxistari aurre egiteko erantzukizuna eskatu dio gizarte osoari.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako udalek joan den astean egin zuten agerraldia, indarkeria matxistarik gabeko jaiak nahi dituztela aldarrikatzeko. Horrela azaldu du Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak: "Udan eta udako festetan arriskuak areagotu egiten dira. Horregatik, prebentzioa eta sentsibilizazioa behar-beharrezkoak dira emakume guztiek festak askatasun osoz eta beldurrik gabe gozatzeko aukera izan dezaten. Sentsibilizazio kanpaina honetan guztiok dugun erantzukizunean jarri dugu arreta, eta konpromisoarekiko dei esplizitua egin nahi izan dugu. Argi izan behar dugu indarkeria matxistaren aurkako borroka guztioi eragiten digun gaia dela. Karga hori ezin dugu utzi emakumeengan soilik edo mugimendu feministengan. Gai transbertsala da, eta kontzientzia sozial irmoa eskatzen du. Zero tolerantzia tratu txarren edozein adierazpenen aurrean".
Udalak "herritarren konpromisoa" bultzatu nahi du indarkeriaren biktima diren emakumeei "bakarrik ez daudela" esateko. "Ezin da ahaztu protagonismoa eta azken hitza emakumeek dutela. Indarkeria matxistari aurre egin behar dioten emakumeen erabakiak une oro errespetatu behar dira, haiekin enpatizatu, babesa eskaini, ez epaitu, ez zabaldu zurrumurruak... Berriro biktimizatzea saihestu behar dugu".
Aurretik ateratako informazio euskarrien bidez Berdintasun arloa emakumeei zuzendu izan da, indarkeriaren biktima direnei edo arriskuan daudenei nola jokatu esanez. Kasu honetan, ordea, edukia herritar guztiei zuzendu nahi izan die udalak. Besteak beste, liburuxkan erakundeak jaso du indarkeria egoera bat nola identifikatu behar den eta horiek izan ditzazkeen aurpegi anitzak zein diren. Era berean, eraso matxista baten lekuko izanez gero edo hurbileko norbait indarkeria jasaten ari dela susmatuz gero zer egin behar den jaso dute eskuorrian.
Azkoitiko Udalaren esanetan, indarkeria matxista "arazo sozial larria" da, eta Berdintasun arduradunak nabarmendu du ez dela "kontu pribatua". Indarkeria matxistak min fisikoa, psikologikoa edo sexuala eragin dezake, edo guztiak batera. Bide batez, arduradunak gogorarazi du Gizarte Zerbitzuen laguntza jaso ahalizateko ez dela derrigorrezkoa salaketa jartzea.
Ikusi eskuorria osorik