Aurrera begira, baina zuhur

Ane Olaizola 2022ko eka. 17a, 09:12

Eskualdeko hainbat enpresak parte hartu dute Biurtekoaren aurtengo edizioan. (Ibarmia)

28 herrialdetako 1.400 enpresa baino gehiagok parte hartu dute makina-erremintaren Biurtekoan, eta sektoreko eskualdeko enpresak ere han izan dira.

Lau urteko etenaren ondoren itzuli da BEC erakustazokara (Bizkaia) makina-erremintaren Biurtekoa. Astelehenean zabaldu zituen ateak industriaren sektore horretan Euskal Herrian egiten den azoka sonatuaren 31. edizioak, eta han parte hartzen ari diren 28 herrialdetako 1.400 enpresa baino gehiagok bihar arte izango dute beren produkturik adierazgarrienak eta berrienak bezeroen aurrean erakusteko aukera.

Urola Kostan pisu handia du makina-erremintaren industriak, eta dozenatik gora enpresak jarri dituzte postuak Biurtekoan; horien artean dago Azkoitiko Ibarmia mekanizatu tailerra. Hain zuzen ere, enpresa horrek azokaren sorreratik, 1961etik, parte hartu du sektorearen epizentro zen erakustazokan, enpresari berari "aurpegia" jartzeko asmoz: "Azokan, enpresaren irudi ona erakusten saiatzen gara, gure makinen kalitatea ere nabari daiteke, baina, batez ere, pertsonen arteko harremanak dira konfiantza bermatzen dutenak. Bezeroari gertuko harremana izatea gustatzen zaio, eta bertatik bertara hitz egin ahal izatea. Hori da azokak eskaintzen diguna", adierazi du Enara Barandiaranek, enpresaren marketin arduradunak. Hori horrela izanda, azokak funtzio "garrantzitsua" duela uste du hark, batez ere enpresarengan konfiantza sortzerakoan eta horren marka egiterakoan. "Guk saltzen ditugun makinak balio handikoak dira, inbertsio handia egin behar dute enpresek, eta beraz, erabakiak ez dira momentuan hartzen. Prozesu horretan, enpresarekiko konfiantza izatea ezinbestekoa da".

Gakoa harremanetan

COVID-19ak bertan behera utzi zuen Biurtekoaren aurreko edizioa, eta aurtengoa da izurriaz geroztik egiten den aurreneko urtea. Enpresek "ilusioz eta itxaropenez" ekin diote azokari, haiei merkataritza harremanak berreskuratzea ahalbidetuko dietelakoan. "Inbertsio garrantzitsua egin dugu hemen egoteko, eta errentagarritasuna ekarriko digun ekitaldia izango dela espero dugu". Izan ere, enpresek azokan ez dituzte produktuak zuzenean saltzen, baina berebizikoa izan ohi da aurretik irekita dituzten salmenta prozesuak ixteko: "Bezeroari gustatzen zaio operazioa azokan ixtea". Horrez gain, beste operazio batzuk hastea edo horretarako aukerak sortzea ere izaten dira enpresaren asmoak: "Azokatik jende asko igarotzen da, eta elkarrizketa interesgarri asko izaten dira". Bestalde, aurtengo azoka balio izaten ari zaie azken bi urteetan izurriaren eraginez digitalki egin behar izan dituzten kontaktuak aurrez aurre ezagutzeko.

Produktu berriak erakusteaz gain, "merkatuak behar duena" jendaurrean jartzea ere izaten da enpresen zeregina azokan, eta ildo horretan, Ibarmiak hiru makina eraman ditu aurten BECera: zutabe mugikorreko mekanizazio zentroen artean txikiena den gailua, bost ardatzeko mekanizazio zentro unibertsal bat eta pieza zirkular handiak fresatzeko, tornatzeko eta artezteko makina. "Makina horiek oso handiak dira, eta tamainagatik ezin ditugunez azokara eraman, maketa eta bideo bidez erakutsi ditugu", azaldu du Barandiaranek. Azokaren itxieraren atarian, aurtengoak eman duenaren "sentipen ona" du Ibarmiako ordezkariak: "Gure postutik jende asko pasatu da astelehenaz geroztik".

Teknologiak aurrerapen handia izan duela jakitun, berriz, merkatuan joera aldaketa dagoela ondorioztatu du hark azokan ikusitakoarekin: "Makina isolatu bat eskaintzetik, konponbide oso bat eskaintzera igaro gara. Hain zuzen ere, hori da bezeroek eskatzen dutena. Makina-erreminta ekoizleek gero eta joera handiagoa dute teknologia integratzeko: fabrikazio gehigarria, automatizazioa...".

Ziurgabetasuna nagusi

Iaz %20 egin zuen gora makina-erreminta sektoreak, eta hain zuzen, Biurtekoa izurriaren osteko "eskaera oldea" luzatzeko asmoarekin itzuli dela azpimarratu du Barandiaranek. Zentzu horretan, sektorea «ondo» badago ere, ziurgabetasunak ordezkatu du joan zen urteko baikortasuna, eta zuhur dira ekoizleak, hornidura faltak edo prezioen garestitzeak eraginda. «Saltzen ari garen arren, gure erronka nagusiak dira marjinak ez galtzea eta bezeroei makinak garaiz entregatzea». Marketin arduradunak adierazi duenez, enpresan epe luzeko eskaerak –zortzi eta hamalau hilabete artekoak– izaten dituzte, baina denbora tarte horretan kostuak aldatu egiten dira: "Lehen, prezioak ez ziren asko aldatzen, baina lau urtean altzairuaren prezioa bikoiztu baino gehiago egin da, eta guk 40 tonako makinak ekoizten ditugu. Marjinak mantendu nahi baditugu, tarifak moldatzea besterik ez zaigu geratzen, eta gauza bera gertatzen zaio kate osoari".

Testuinguru horretan, "azkar egokitzea" ezinbestekoa deritzo Barandiaranek, "beste inork baino lehen" erantzuteko. Ikasgaitzat du hark bizi duten egoera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide