Azkoitiko ikasleen proiektuak, Zientzia eta Teknologia Azokan

Maialen Etxaniz - Urtzi Oteiza 2022ko eka. 15a, 17:52

Iraurgi Berritzenek sustatuta, Urola Erdiko laugarren Zientzia eta Teknologia Azoka egin dute gaur goizean Azpeitiko plazan. 11:00etatik 13:00etara bitartean, eskualdeko bost ikastetxetako ikasleek ikasturtean zehar landu dituzten proiektuak aurketu dituzte. Bertan izan dira udal ordezkariak ere. Guztira, 11 proiektu ezagutzeko aukera izan da goizeko azokan, eta ikasleek horietako hainbat azaldu dizkiote Erlo Telebistari. 

Urola Erdiko laugarren Zientzia eta Teknologia Azoka egin dute gaur goizean Azpeitiko plazan, Iraurgi Berritzenek sustatua. 11:00etan ekin diote azokari, Azpeitiko eta Azkoitiko udaletako ordezkarien hitzartzearekin. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak hartu dute hitza, ikasleen lanari aitortza egiteko. Iraurgi Berritzeneko Begoña Beobidek eta Iosu Sorazuk ere hitz egin dute. Behin azalpenak amaituta, postuak bisitatzeko aukera izan da 13:00etara bitartean.

Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Urola Ikastolako, Iraurgi Ikastetxeko eta Azkoitia BHIko eta Floreaga Ikastetxeko ikasleek parte hartu dute gaurko azokan. Guztira, 300dik gora ikaslek jarri dute beren alea egitasmoan, eta 11 proiektu izan dira ikusgai; ikasleek ikasrturtean zehar landu dituzten proiektuak aurkeztu eta erakutsi dituzte. Azoka amaitu aurretik, diploma banaketa egin dute.

Ikastetxeen arteko lankidetza

Iraurgi Berritzenek eskualdeko eragileen parte hartzea nahiz lankidetza bermatzeko artikulatzen duen eragile sarean kokatzen da egitasmoa; zehazki, Hezkuntza Gunean. Eskualdeko bost ikastetxeen arteko lankidetza sustatzea da gune horren asmoa, eta haren jarduna DBH eta Batxilergo mailetara bideratzen da nagusiki. Guneak gaur egun eta etorkizunean gizarteak izango dituen erronkei aurre egiteko ingurune egokia sortzea du helburu.

Lankidetza horretan, hiru ardatz nagusi dituzte: batetik, ikasleei eskualdeko eragile sozioekonomiko ezberdinekin harremanak izan eta eskualdeko errealitatea ezagutzeko aukera eskaini nahi diete; bestetik, ikasleengan zientzia, teknologia nahiz ikerketa gaitasuna eta zaletasunak sustatu nahi dituzte; eta azkenik, garatzen diren proiektuen bitartez, metodologia berritzaileen aplikazioa sustatu nahi dute ikastetxeetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide