Migratzaileen eskubideak aldarrikatzeko, ibilaldia egingo dute Aizpurutxo eta Loiola artean

Ihintza Elustondo 2022ko eka. 14a, 12:07

2019an egin zuten azkenekoz errefuxiatuen aldeko ibilaldia.

Jesusen Lagundiaren gizarte arloko erakundeek antolatuta, hamar kilometroko ibilbidea osatuko dute igandean. 10:30ean abiatuko dira Aizpurutxotik, eta Loiolan amaituko dute martxa. Ukrainako, Siriako eta beste herrialde batzuetako errefuxiatuek parte hartuko dute ekintzan.

Errefuxiatuen eta migratzaileen eskubideak aldarrikatzeko, Jesusen Lagundiaren gizarte arloko erakundeek Hospitalitatearen Bideak izeneko egitasmoa dute martxan. Proiektu horren barruan, ibilaldia antolatu dute igande honetarako –ekainak 19–: Aizpurutxo auzoaren eta Loiolako santutegiaren artean hamar kilometroko ibilbidea egingo dute, 10:30ean hasita. Animatzen diren herritarrez gain, Ukrainako, Siriako eta beste herrialde batzuetako errefuxiatuek parte hartuko dute martxan. Ibilaldia amaitzean, 14:00 aldera, Loiolako aterpetxeko lorategian bazkalduko dute; partdaide bakoitzak eraman beharko du norbere janaria.

Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako Jesusen Lagundiaren erakundeak dira martxa solidarioaren sustatzaileak, eta horiek errefuxiatuak eta migratzaileak "abegiz" hartuko dituen harrera kulturaren alde mugiarazi nahi dituzte herritarrak egitasmoarekin. "Ulermenean, laguntzan, babesean eta ongietorrian oinarritutako eremu bat sortu nahi dugu, abegia, lankidetza, eragina, sentsibilizazioa eta hezkuntza baliatuz", azaldu dute Jesusen Lagundiako erakundeek.

Autobusak hiriburuetatik

Igandean Aizpurutxora joateko eta ondoren Loiolatik itzultzeko hainbat autobus antolatu dituzte. Zehazki, Bilbotik, Gasteiztik eta Iruñetik jarri dituzte autobusak, baina plaza mugatuak izango dira; beraz, aurrez izena eman beharko dute interesa dutenek. Lotura honetan eskura daiteke informazio gehiago.

2018an eta 2019an ere egin zituzten migratzaileen eskubideak aldarrikatzeko martxak Aizpurutxo eta Loiola artean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide