Gurpil gaineko bidaiariak

Andoni Elduaien eta Nerea Uranga 2022ko uzt. 10a, 09:37

Autokarabanak edota bidaiatzeko hornitutako furgonetak ugaritu egin dira azken urteetan. Oporrak pasatzeko modu horrek "autonomia" eskaintzen diela dio Goretti Alberdik. Gaizka Segurolak eta Irati Auzmendik, berriz, beren gogoari helduz alokairu enpresak sortu dituzte.

Oporretara joateko ohiturak eta moduak aldatu egin ditu azken urteotan jendeak. Esaterako, ugaritu egin da autokarabanarekin edota bertan lo egiteko eta jateko hornitutako furgonetan bidaiatzen duten pertsonen kopurua. Horrek ekarri du ibilgailu horien alokairurako eskaintzak zabaltzea, baita zerbitzuak ugaritzea ere. Dena den, bidaiatzeko modu horren erabiltzaileek eta enpresariek diotenez, inguruotan zerbitzuak urriak dira oraindik orain, beste herrialde batzuekin alderatuta.

Orain dela hamabost urte egin zuten autokarabanarekin lehen bidaia Goretti Alberdik (Azkoitia, 1973) eta familiak: "Aste Santuko oporraldian Mediterraneo aldean ibili ginen". Gaztetatik ibili dira Alberdi eta haren bikotekidea batetik bestera, leku desberdinak ezagutuz. Lehen furgoneta eduki aurretik, auto txikiagoetan moldatu izan ziren bidaiatzeko: "Beti izan dugu toki berriak ezagutzeko grina, eta batetik bestera ibili izan gara oporretan. Aurreneko aldian, Ford Scort batean atzeko eserlekuak jaitsita egin genuen lo Andorran. Ondoren, Opel Astra atze luze bat erosi genuen, eta harekin ibiltzen ginen. Gero, furgoneta bat erosi genuen, eta geuk hornitu genuen haren barrualdea. Bigarren alaba jaio zenean ekarri genuen autokarabana. Orain, berriro furgonetara pasatu gara, baina hau Camperra da, ekipatutakoa".

"Imajina ezin daitezkeen tokietan lo egiteko eta disfrutatzeko aukera izan dugu"

Autokarabanan edota furgonetan bidaiatzeak "izugarrizko autonomia" eta "inprobisatzeko aukera" ematen dituela uste du Alberdik. "Egunero toki desberdinean egin dezakezu lo, eta leku bat gustukoa baldin baduzu, han gelditu zaitezke. Imajina ezin daitezkeen tokietan lo egiteko eta disfrutatzeko aukera izan dugu guk. Bidaiatzeko filosofia bera daukaten lagun asko ere egin ditugu". Hala ere, azken urteetan, jende ugarik heldu dio gurpilen gaineko bidaiatzeko aukerari, eta horrek "xarma" pixka bat kendu dio, Alberdiren ustez: "Egun izugarri ugaritu dira autokarabanak eta furgonetak, eta xarma galdu du kontuak. Lehen toki askotan bakarrik edota beste autokarabana batekin egoten ginen, eta hori galtzen ari da". Euskal Herrian autokarabanentzako eta furgonetentzako zerbitzuak eta azpiegiturak ugaritzen ari dira, baina Frantzian aspalditik dituztela gogorarazi du: "Beste herrialde batzuen aldean oso txikia da hemengo eskaintza". Alberdik dioenez, Frantzian aurkitu dituzte zerbitzurik onenak ere: "Hango itsas ertzean eta barrualdeko herri txikietan autokarabanentzat egokitutako gune asko daude. Gainera, gune horietako batzuetara furgonetak joaten dira goizetan, ogia eta gosaltzeko gutiziak saltzera. Zerbitzu aldetik, berriz, ia denetan dituzte argindarra, ur garbia betetzeko eta ur zikina nahiz komunak husteko tokiak".

Onetik gutxi duten lekuak ere ezagutu dituzte Alberdik eta familiak: "Santanderren ezin da autokarabana aparkatu. Portugalen, berriz, araudia aldatu dute, eta orain ezin da edozein tokitan lo egin. Orain arte, Portugal oso leku erakargarria izan da guretzat; bost bat alditan izan gara han autokarabanarekin. Hemendik aurrera kanpinetara joatera derrigortzen bagaituzte, ordea, ez dut uste joango garenik". Portugalez gainera, herrialde eder askotan barrena bidaiatzeko aukera izan du Alberdik gurpilen gaineko etxean: "Korsika, adibidez, asko gustatu zitzaigun. Autokarabanarekin lehen abuztua han igaro genuen, eta berezia izan zen. Suitza, Italia, Kroazia, Frantzia... Zoragarri ibili gara toki horietan".

Herrian eta inguruan autokarabanentzako azpiegituren eta zerbitzuen falta sumatzen du Alberdik. "Oso gutxi daude, eta dauden aparkaleku askok ez dute zerbitzurik eskaintzen. Herrian bertan ibilgailu horiek gordetzeko toki bat ipiniko balute, kalean okupatzen ditugun aparkaleku asko libre geldituko lirateke".

Alokatzetik alokatzera

Autokarabanen alokairurako enpresa bana dute Gaizka Segurolak (Azkoitia, 1983) eta Irati Auzmendi (Urretxu, 1989) Azkoitiko bizilagunak. Biak hasiberriak dira horretan; izan ere, duela gutxira arte beraiek ibili ohi ziren beste enpresa batzuei alokatutako autokarabanetan bidaiatzen.

2019. urtean erosi zuen Segurolak lehen ibilgailua, alokatzeko. "Kuadrillakoak eta lagunak rallyak ikustera joaten ginen, askotan autokarabana alokatuta. Horrelakoetan beti komentatzen genuen gure artean, inguruan ez genuela halako enpresarik". Baserrian bizi da azkoitiarra, eta etxeko lanak egunero egin behar izaten dituenez, ihesalditxoak egiteko asmoz erosi zuen lehen autokarabana. "Etxetik irteteko autokarabana bat edukitzea ederra izango zela eta, erosteko aukera sortu zenean ekarri egin genuen. Bagenekien udan probetxu gehiegi ez geniola aterako; izan ere, udan uretako motoetako irakasle lanetan aritzen naiz. Horregatik, udan autokarabana alokairuan jartzea erabaki genuen". Eskari ugari jaso zituenez, enpresa sortu eta "gaia serioago" hartzea erabaki zuen, beste bi ibilgailu erosita. Konfinamenduak, baina, bete-betean harrapatu zuen: "Lehen urtea ona izan zen, baina txarra ere ezagutu genuen etxeratu gintuztenean. 2020an, bi autokarabana berri iritsi zitzaizkigun, baina biak zuzenean garajean sartu behar izan genituen". Egun, alokatzeko lau autokarabana ditu azkoitiarrak.

Gaizka Segurola, alokatzen dutn autokarabanetako batean.

Auzmendik, berriz, 2020an jarri zuen martxan autokarabanak alokatzeko enpresa, anaiarekin batera. "Konfinamendu garaian erabaki genuen buruan genuen ideiari forma ematea", azaldu du. Urte hartako maiatzean eman zituzten lehen pausoak, eta uztailean erosi zuten lehen ibilgailua. "Lehen uda hartan bi autokarabana eduki genituen, bigarren udan lau, eta aurten, bosgarrena ekarriko dugu". Autokarabanak alokatzen dituzten enpresek joera handia dute erabilitako ibilgailuak urte gutxira saltzeko. Hala azaldu du Auzmendik: "Gure asmoa da autokarabana berriak edukitzea, eta horregatik, ibilgailuak saldu egiten ditugu bi urte egindakoan".

"Sekulako autokarabana pila dago herrian, aparkalekuetan antzematen da hori"

Auzmendirentzat "sekulako boom-a" izan zen pandemia garaia, baina Segurolarentzat kontua ez da horrenbeste aldatu ordutik. "Jendeak dio pandemia ostean autokarabanak alokatzeko joera nabarmen hazi zela; ni, ordea, ez nator bat horiekin. Komunikabideek saldu zuten autokarabanekin bidaiatzea libreagoa zela, baina guk uztailean eta abuztuan alokatuta izan genituen pandemiaren aurretik ere. Lehen alokatzen ez zuen jendea hasi da orain autokarabanak alokatzen; hori izan da, beharbada, nabaritu dudan aldaketetako bat". Auzmendik dioenez, bestalde, pandemia urteetan ez zen egon bidaiatzeko beste modurik, eta jende askok jo zuen haiengana. "Autokarabana zen bidaiatzerakoan askatasun gehien ematen zuena". Urretxuarrak ere nabaritu du jende berriak hartu duela autokarabana alokatzeko joera. "Pandemia iritsi arte, askok ez zuen autokarabanan bidaiatzea planteatu ere egin, baina, behin probatuta, esperientzia gustukoa izan da ia guztientzat".

Auzmendi, alokatzen duten autokarabanetako batean.

Herritar askok hautatu dute alokairuaren bidea, baina beste askok autokarabana erosteko erabakia hartu dute; bi lagunak bat datoz horretan. "Sekulako autokarabana pila dago Azkoitian; herriko aparkalekuetan nabaritu daiteke hori. Sekulako dirutza balio dute, eta erosi aurretik, autokarabana alokatzea eta probatzea gomendatzen dugu guk", dio Auzmendik. Segurolak, berriz, dio azken urteetan jendea erostera animatu dela. "Etxean denbora asko igaro dugun honetan, bidaiatzeko beste aukera bat ikusi du jendeak. Lehen herrian oso lagun gutxik zuten autokarabana, eta orain, aldiz, pila batek". Hain zuzen ere, autokarabana oldea ikusita, horiei neurriak jartzen hasi dira zenbait herrialdetan. "Lehen, edozein lekutan egin zitekeen lo autokarabanarekin; orain, ordea, mugatuagoa da aukera. Halere, herrialde ia guztiak daude oso ondo prestatuta".

Segurola eta Auzmendi, biak, bidaiazaleak izan dira, baina orain besteek bidaia dezaten lan egin behar izaten dute. "Gu ere bidaiatzekoak gara, eta ahal dugun guztietan joaten gara batera edo bestera. Guretzat, ordea, lana da orain autokarabanak alokatzea, eta horregatik, zailagoa egiten zaigu opor denboraldian inora joatea", nabarmendu du Auzmendik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide