Bestaldetik

Carlos Muñoz: "Kideon arteko elkarlana da bandaren gauzarik politena"

Saioa Murua 2022ko uzt. 16a, 09:30

Carlos Muñoz musika bandako zuzendaria. (Argazkiak: Saioa Murua eta Maxixatzen)

Haurra zenetik du musikarekiko grina Carlos Muñozek. Bizkargi Musika Eskolan aurreneko ikasketak egin ondoren, pixkanaka musika ibilbidea osatzen aritu da azkoitiarra. Gaur-gaurkoz, Azkoitiko Udal Musika Bandaren zuzendari postua musika irakasle lanarekin uztartzen du gazteak.

Carlos Muñozek (Azkoitia, 1985) haurra zenetik du musikarekin lotura estua. Horren handia da gazteak musikarekin duen lotura, ezen ikasketak ere musikari eskaini dizkion. Gainera, azken urteotan Azkoitiko Udal Musika Bandaren zuzendaria ere bada.

Noiz eta nolatan barneratu zinen musikaren munduan?

Ez daukat ideiarik ere; ez dakit zergatik sartu zitzaidan buruan musika ikasi nahi nuela. Etxean ez dago beste musikaririk, baina oso txikia nintzenela hasi nintzen gurasoei musika eskolan izena eman nahi nuela esaten. Oker ez banago, 4-5 urterekin matrikulatu ninduten han.

Zer da zuretzat musika?

Zorionez, esan dezakedan lehen gauza da nire ogibidea dela. Egunero, ordu asko pasatzen ditut musikaren inguruan, bai irakasten, baita ikasten ere.

Denbora librean, zein musika mota entzutea duzu gustuko?

Momentu eta egoera desberdinak daude musika mota bat ala bestea entzuterakoan. Adibidez, larunbat gauerdian musika jakin bat nahiago dut, eta astearte goizean, esaterako, beste bat. Hala ere, etxean nagoenean, musika barroko asko entzuten ari naiz azkenaldian.

Jendearen iritzia entzutena nahitaezkoa da, izan bandakoena zein herritarrena

Eta lanean, zer-nolako musika eskaintzea gustatzen zaizu?

Kasu horretan, nahiko malgua naizela esango nuke. Izan ere, lanean nagoenean, jendea eroso ikustea da gehien gustatzen zaidana. Umeekin aritzen naizenean, esaterako, oso gustuko dut modan dauden kantu berriak lantzea.

Zuk musika tresnarik jotzen al duzu?

Bai, zeharkako txirula.

Nola iritsi zinen zuzendari izatera? Ezaugarri zehatzik izan behar al du postu horretan dagoenak?

Zuzendaritza taldetik etorri zitzaidan banda zuzentzen hasteko eskaintza. Zuzendariak izan behar dituen ezaugarrietan garrantzitsuena, berriz, entzuten jakitea da: alde batetik, musika entzun behar da, abestia aztertzeko, eta ondoren, entseguan, aldaketak proposatu ahal izateko; bestetik, jendearen iritzia entzutea ere nahitaezkoa dela iruditzen zait, izan bandako musikariena zein herritarrena.

Banda zuzentzeaz gain, zein dira zure zereginak?

Lehenengo, bandarako errepertorioa entzuten dut; izan ere, abesti asko daude idatzita, eta funtsezkoa da horiek ezagutzea. Bestetik, programak antolatu behar izaten ditut: kontzertua non izango den pentsatu, eta zer motatako emanaldia nahi dugun kontutan hartuta, partiturak bilatzen hasten naiz. Askotan, partituretan egokitzapenak egin behar izaten dira, eta falta diren paperak berridatzi. Behin hori guztia antolatuta dagoenean, partitura guztiak prestatzen ditut, eta kide bakoitzari berea banatzen diot. Aldi berean, gidoia ikasten joaten naiz, entseguetako lana probetxugarria izan dadin.

Musikariok oztopo batzuk izaten ditugu; musika ezin dela bizibide izan uste dute batzuek

Duela urte batzuk pentsatzen al zenuen gaur zauden egoeran egongo zinela?

Musika irakasle edo flautista izango nintzela bai, txikitatik nuen nahia hori zelako. Baina ez nukeen sekula pentsatuko bandako zuzendari izatera iritsiko nintzela.

Musikari moduan, zein da daukazun desiorik handiena?

Kontzertuetan elkarrekin bizi duguna da gehien betetzen nauena; hau da, musikariak zein entzuleak gustura ikusteak asetzen nau. Hori ez nuke nahi sekula galtzerik, bizitzan betirako gordetzen duzun sentipena baita.

Nolakoa izan da zure musika ibilbidea?

Euskal Herriko goi mailako kontserbatorioan egin nituen musika ikasketak. Euskal Herriko zein atzerriko irakasle ugari izan nituen eskolan, eta emanaldi pila bat eskaintzeko aukera izan nuen. Profesionalki, ibilbide luzeena flautista moduan dut egina; Euskal Herriko hainbat musika bandatan aritu izan naiz musika tresna hori jotzen. Bandekin ez ezik, kontzertu ugari eskaini ditut formatu desberdinetako hainbat talderekin.

Ba al duzu musikari erreferenterik?

Musikari asko ditut eredutzat. Oso zaila da bakarra aukeratzea, baina Gustavo Dudamel zuzendaria, esaterako, asko gustatzen zait.

Zer muga eta oztopo aurkitu dituzu zauden lekura iristeko?

Musikariok sarri izaten ditugu oztopoak. Batetik, musika ezin dela bizibide izan uste dute batzuek. Horiek kontzertua afari baten truke eskaintzeko deitzen digute, eta pentsatzen dute horrekin guztia ordainduta dagoela; lotsagarria da. Bestetik, musika ikasketak egiten hasterako ere izaten dira oztopoak: ikasketetara sartzeko probak nahiko zailak izaten dira, eta oso plaza gutxi jartzen dituzte eskuragarri.

Ezaugarri desberdinetako herritarrak biltzen dituela da bandak duen gauzarik politena

Zer da zuretzat herriko musika banda?

Musika bandak duen gauzarik esanguratsuena, eta aldi berean politena, zera da: adin eta ezaugarri desberdinetako herritarrak biltzen dituela. Berdin dio zer adin duzun, nondik zatozen, zer hizkuntzatan moldatzen zaren hobeto: entseguetan, kontzertuetan zein parrandan, beti egongo da elkarlana. Hain zuzen, gauza bera gertatzen da kontzertuetara etortzen den publikoarekin ere: helburua beti da ahalik eta publiko zabalenarengana iristea.

Zer bilakaera izan du taldeak?

Arlo guztietan bezala, gizartearekin batera eraldatzen joan da banda ere; hau da, errepertorio desberdina topatu dugu, kontzertuen formatu berriak eskaini eta entzule berriak aurkitu ditugu. Horren gainetik, ordea, elkarlana eta laguntasuna dira beti mantentzen diren bi gauzak.

Zer da bandak eman dizun gauzarik onena? Eta txarrena?

Dudarik gabe, kideon arteko elkarlana da gauzarik politena; izan ere, emaitza onarekin taldean egiten den lana bakarlana baino askoz ere atseginagoa izaten da. Gauza txar bakarra, berriz, konpromiso handia eskatzen duela da. Jaiegunetan, Gabonetan eta festetan planak egitea oso zaila izaten da.

Azkoitiko musika banda zerk desberdintzen du besteengandik?

Esango nuke bandako kideon artean dagoen harreman ona dela gehien bereizten gaituena.

Nola ikusten duzu gaur egun taldea?

Oso osasuntsu ikusten dut. Bizkargi musika eskolatik ateratzen diren ikasleei esker, banda berritzen eta handitzen ari gara urtero.

Etorkizunean, zuzendari postuan jarraitzen ikusten al duzu zeure burua?

Momentuz eroso eta gustura sentitzen naiz zuzendari lanetan, baina ezinezkoa da bihar zer pasatuko den jakitea. Egia esan, ez dut gehiegi pentsatzen etorkizunean.

Une aipagarri edo bereziren bat?

Plazaberrin egiten dugun emanaldia oso berezia izaten da guretzat. Jende ugari biltzen da, eta lan handia egiten dugu kontzertu horretarako prestatzen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide