Erretratua

Ane Plazaola: "Klaseekin bultzatu behar da patinekiko zaletasuna"

Anartz Izagirre 2022ko uzt. 6a, 08:49

Ane Plazaolaren erretratua. (Egilea: Gorka LarraƱaga/Argazkiak: Anartz Izagirre eta utzitakoak)

Behin nerabezaroa pasatuta sortu zitzaion Ane Plazolari patinaketarako interesa. Herrian antolatutako ikastaro batean parte hartzeak eragin zuen bere zaletasunaren sorrera, eta orduztik, dozenaka txapelketetan lehiatu da azkoitiarra; podiumera ere behin baino gehiagotan igo da, gainera.

Dena kasualitatez hasi zen", dio Ane Plazaola (Azkoitia, 1984) patinatzaileak. Halaxe laburbildu du egun bere afizio garrantzitsuenetariko bat denaren hastapena. Azkoitiko Udalak 2010ean antolatu zuen patinaketa ikastaro batean izena eman zuen lagunekin batera, oraindik ere kirol horretaz deus ez zekienean: "Ostiraletan izaten ziren klaseak, eta han ezagututako jendea larunbatetarako gelditzen hasi ginen, patinetan ibiltzeko eta". Azkoitiarrak gogoan du horren aurretik, 2009an, kuadrillakoekin Frantziako Landetara joan zenekoa: "'Patinak eraman behar dira' esan zuten kuadrillakoek, eta nik orduan ez nuen halakorik. Lagun baten bikotekideak utzitakoekin ibili nintzen; neu izango nintzen orduan traketsena". Plazaolak ez zuen patinekiko zuen interesa alde batera utzi, eta Donostiroller taldera jo zuen: "Azkenean, batean eta bestean, patinaketa munduan murgiltzen hasi nintzen: lasterketetara joaten, jendea ezagutzen...". Donostirollerrek askotariko jarduerak antolatzen zituen garai hartan, eta Plazaolak dio horietara joaten zela ahal zuenean.

Talde harekin eman zituen aurreneko lasterketetako lehen pausoak, eta aurrena egin zuen proba Lilatoia izan zen, 2011n. Egun, Itsasmendi kirol elkartean dabil: "Lasterketetan parte hartzeko jendea behar zutela esan zidaten Itsasmendikoek, eta beraiekin Espainiako Txapelketan parte hartzea nahi al nuen galdetu zidaten. Baietz esan nien, eta orain talde horretan aritzen naiz". Kirol horren barruan modalitate asko badaude ere, azkoitiarra abiadura modalitatean lehiatzen da normalean: "Ni kalean egiten diren lasterketetan ibiltzen naiz. Korrikako probak antolatzen dituztenean, batzuetan errepidea itxi egin behar izaten dutenez, aprobetxatu egiten dute patinaketa lehiaketak antolatzeko". Abiadura probetan lurrak "baldintza batzuk" bete behar dituela azaldu du Plazaolak, eta horrek garrantzi handia duela moldalitate horretan lehiatzen diren kirolarientzat: "Guretzat errepideak zenbat eta zuzengune gehiago izan, askoz hobe, abiadura hartu eta mantendu egiten baituzu".

2018. eta 2019. urteak izan ziren Plazaolak proba gehienetan parte hartu zuen sasoia. Euskal Herrian, besteak beste, Donostiako Klasikoan, Behobia-Donostian eta Zubiri Pamplona Puente Skate Race txapelketan lehiatu izan da, eta 2019an Espainiako Txapelketan zein WRG Barcelona munduko txapelketan parte hartu zuen: "Munduko txapelketan parte hartzea erabaki nuen une horretan fisikoki ondo nengoelako eta gertu tokatu zelako". Azken bi urteetan, ordea, lasterketarik ez da izan pandemia dela eta, nahiz eta aurten dagoeneko bi txapelketa irabazi dituen: Euskadiko Zirkuituko Txapelketa eta Tuterako II. Maratoi Erdia.

Espainiako Txapelketan "presiopean" sentitu zela azalarazi du Plazaolak, izatez hamar maratoitan parte hartu behar zuelako, nahiz eta horietara guztietara joateko abagunerik ez zuen izan. "Hamar maratoi horietatik bost onenak ziren puntuagarriak, eta ni zortzitara aurkeztu nintzen; presiopean sentitzen nintzen, lasterketa batera joaten ez bazara, zure aurretik doanak puntu gehiago lor baititzake lasterketaren batean". Lasterketa horiek guztiak, gainera, Euskal Herritik kanpo jokatu behar izan zituen; besteak beste, Huescan, Bartzelonan, Madrilen eta Albaceten.

Azkoitiarrak normalean abiadura probetan parte hartzen badu ere, askotariko modalitateak daudela azaldu du, esaterako, zirkuituko probak. Halakoak atletismoko proben antzekoak izaten direla adierazi du, adibidez 100, 500, eta 5.000 metrokoak. Horrez gain, patinaketa zeharkaldiak ere egin ohi dira hainbat txokotan, nahiz eta berak horietako batean soilik parte hartu duen orain arte.

Zaletasuna bultzatu beharra

Plazaolaren arabera, patinatzen teknika lortzeko garrantzitsua da umeek saioak txikitatik jasotzea: "Klaseekin bultzatu behar da patinekiko zaletasuna, eta inguruan txapelketak egotea ere beharrezkoa da. Hemen ez dugu izaten entrenatzeko aukera handirik, eta jende asko Iruñera joaten da entrenatzera eta probetan parte hartzera". Hala eta guztiz, inguruko zenbait herritan patinatzen ikasteko tailer batzuk antolatu dituztela jakin du Plazaolak, Zarautzen eta Legazpin (Gipuzkoa), esaterako.

Azkoitiarrak entrenamenduetan abiadura lantzen du bereziki, eta aitortu du koordinazioa zein oreka hobeto landu beharko lituzkeela: "Zailena teknika menperatzea da; horretarako denbora behar da". Garai batean Astigarragara (Gipuzkoa) joaten zen teknika hobetzera, baina utzi egin behar izan zion zeregin horri, "logistika kontuengatik". Hala dio: "Astigarragako kiroldegian astearteetan eta ostegunetan elkartzen dira teknika lantzeko. Urte batean edo bitan joan izan nintzen entrenatzera, baina gero utzi egin nion. Izan ere, Azkoitian bizi naiz eta Arrasaten [Gipuzkoa] egiten dut lan, eta handik Astigarragaraino joatea oso nekeza zen niretzat. 22:00 aldera iristen nintzen etxera, eta ez zidan konpentsatzen horrela ibiltzeak".

Proba nekezenaz galdetuta, azkoitiarrak gogoratu du Calafateko (Tarragona, Herrialde Katalanak) zirkuituan egin zen hamabi orduko proba batean parte hartu zuela, eta hura amaitzea ez zela ahuntzaren gauerdiko eztula izan: "Apur bat inkontzientea izan nintzen Calafateko proban parte hartu nuenean. Taldeka edo bakarka egin zitekeen proba, eta nik bakarka egin nuen. Sekulako beroa egin zuen, eta ordubeteko atsedenaldia bakarrik egin nuen. Nire lehen eta azken aldia izan zen han".

Plazaolak dio patinaketa lasterketetan ibiltzen diren beste bizpahiru pertsona ere ezagutzen dituela Azkoitian, eta horiekin topo egin izan duela parte hartu duen proba batzuetan. Patinaketa herrian zein inguruan presentzia handiegirik ez duen kirola izanagatik, garrantzitsutzat jo du entrenatzeko leku gehiago izatea, eta, bereziki, kirol hori haurrekin eta gaztetxoekin lantzea, kasualitatea baino kausalitatea izan dadin inguruan patinaketarako zaletasuna.

Motzean

  • Adina: 38 urte.
  • Ikasketak: Ingeniaritza informatikoa.
  • Lanbidea: Informatika munduan egiten dut lan, analista programatzaile moduan.
  • Patinatzailea ez banintz… Bizikletan ibiltzea eta surf egitea ere asko gustatzen zaizkit.
  • Entrenamendua amaitzean gogoko dut… Lagunekin zerbait hartzea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide