Jesus Arrizabalaga 'Tata': "Gure lekua bigarren planoa da"

Nerea Uranga 2022ko uzt. 5a, 09:01

Jesus Arrizabalaga 'Tata'. (Argazkiak: Arnaitz Rubio)

Hilabete batzuk barru erretiroa hartzea aurreikusita du Arrizabalagak, garaia iritsi zaiolako. 1984tik da Azkoitiko Udaleko kirol, kultur eta festetako teknikaria. Lanari aitzakiarik ez dio topatzen, gustura aritu eta aritzen delako dagokion jardunean.

Ia 40 daramatza Azkoitiko Udaleko kultura, kirol eta festetako teknikari lanetan Jesus Arrizabalaga Tatak (Azkoitia, 1957). Udalaren departamentu horretako lehen teknikaria da. Gertu du erretiroa. Abuztuaren bukaeran beteko ditu 65 urte, baina irailaren amaiera artean udaletxean lanean jarduteko asmoa du: "Andramarietako kontuak itxita utziko ditut". Gustuko lana egiten duela aitortu du, eta gustura joaten dela lanera: "Baina erretiroa hartzeko garaia iritsi zaigu, eta beste batzuei tokia egin beharko diegu".

Noiz hasi zinen udalean teknikari lanetan?

1984ko urtarrilean hasi nintzen. Aurrez, Eusko Jaurlaritzako animazio soziokulturalari lotutako proiektu batean bi urte pasatu genituen 11 lagunek Gasteizen, barneko ikasle moduan. Europako hainbat tokitan kultur teknikariak bazirela eta, proba pilotu gisa antolatu zuten ikastaroa. Proiektu hartako partaideok Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat udaletxetan egon ginen urtebetez probaldian, soldata Jaurlaritzak ordainduta. Behin urtea pasatu zenean, Azkoitiko Udalak postua sortzea erabaki eta lehiaketara atera zuen. Ez zegoen jende asko lanpostu hartarako, eta hala hasi nintzen ni. Orduan, ia teknikaririk ez zegoen Azkoitiko udaletxean; bulego teknikoan zegoen bat eta Ongizatean hasita zeuden gizarte laguntzaileak.

Kulturako, kiroleko eta festetako teknikaria zara.

Mundu edota sail horretan ez zegoen inor, eta hasi nintzenean, horiek denetan aritzea egokitu zitzaidan. Ondoren, kiroldegia eraiki zuten, eta hango ardura ere hartu egin behar izan nuen. Zumarragan [Gipuzkoa], Irunen [Gipuzkoa]... ibili nintzen kiroldegiak ikusten, eta Bartzelonan ikastaro bat egin nuen. 1988an inauguratu zuten kiroldegia, eta, handitu zuten arte, 21 urtez izan nintzen hango zuzendaria.

Zure egitekoak nolako ibilbidea izan du?

Aldaketa handiak izan dira, batik bat administrazioa hazten joan delako; esaterako, egun denbora asko pasatzen dugu paper artean. Lehen gehiago zen ekintzak egitea, eta orain, berriz, izapide asko egin beharra dago. Horrez gainera, elkarteak asko gehitu dira herrian, eta askoz ekintza eta programazio gehiago egiten dira. Pentsa, gure departamentuan lehen ni bakarrik aritzen nintzen lanean, eta orain beste hiru laguntzaile ere badaude.

Herrian aurpegiz ezaguna den udal teknikaria zara, ekitaldi askotan egoten zarelako edota bertatik bertara jarraitu izan dituzulako.

Elkarteei edota herritarrei esku artean dituzten asmoetan laguntzea izan behar du gure lanak, baita ekintzen egunean bertan ere, zerbait behar badute norbaiti deitzeko eta abar. Haiek babesa behar izanda ere, laguntzeko gertu izatea gustatzen zait. Egun, jardun hori pixka bat galtzen ari da, ordea.

"Elkarteak asko gehitu dira, eta ekintza eta programazio gehiago egiten dira"

Dagoeneko herriko hainbat ekitaldi begiak itxita ere antolatuko zenituzke, ezta?

Bai, gauza asko eta asko antolatuko nituzke, baina hori urteetako esperientziak ematen du. Adibide bat ematearren: sanandresetan ikastetxeek postuak muntatzen dituzte Azoka Plazako arkupeetan, eta plazako lokal batean denda ireki behar zutela eta Udaltzaingoa Torrezurira pasatuko zutela jakin nuenean, sanandresetako postuak nola antolatu behar nituen begiratzera joan nintzen segituan. Postu denak sartzeko tokia zegoela ziurtatu nuenean lasaitu nintzen. Hori sanandresak baino ia urtebete lehenago egin nuen. Perspektiba hori esperientziak ematen du. Kaleren batean obrak edota beste zerbait dagoela jakindakoan, berehala zertan eragin diezaguken pentsatzen hasten naiz, eta eragingo baligu, nola konpondu pentsatzen. Urteetan lanbide berean aritzeak erraztu egiten ditu lanak: badakizu noiz hasi behar duzun batean eta bestean baimenak eskatzen, izapideak egiten...

Azkenaldian, hainbat eragilek izan zaituzte gogoan. Esaterako, Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiko antolatzaileek oroigarria eman zizuten.

Horrek sorpresan harrapatu ninduen. Horrelakoak ez zaizkit gehiegi gustatzen, nik nire lana egiten dut, eta gustukoa dut lana, baina atzeko lana. Protagonismoa elkarteek eta antolatzen dutenek izan behar dute. Gure lana, berriz, horiei laguntzea da, baina atzetik. Hamaika aurkezpen eta ekitaldi antolatu izan ditu udalak, baina horietan argazkietarako-eta aurrean egon behar duena ez da kultur edota kirol teknikaria, toki hori zinegotziari dagokio. Gure lekua bigarren planoa da, gu lanerako eta laguntzeko gaudelako.

Tata danborrada elkartea sortu dute.

Taldeari izen hori nik ezer jakiteke jarri zioten. Aurretik, elkartearentzako beste izen batzuk proposatu nizkien nik, eta gero jakin nuen Tata jarri ziotela. Lehen Azkoitiko helduen danborrada Andramari bezperan egiten zen; hemezortzi danbor-jotzaile, 33 upel-jotzaile, paelleroak eta karroza ateratzen ziren, ez besterik. Azken urteetan sanandresetan egiten da danborrada, eta bolumen handia hartu du egitasmoak. Danborradaren bileretan askotan aipatu izan dut: helduen Azkoitiko danborradak ez luke aurrera jarraituko neskengatik izan ez balitz. Urte batean, danborradan jende gutxik irteten zuelako eta ekitaldia galtzear zegoelako, bilera ireki bat deitu zen Kultur Etxean. Neska kuadrilla handi bat etorri zen batzarrera, parte hartzeko aukerarik ba al zuten galdezka. Baiezkoa eman zitzaien, noski; eskerrak etorri ziren, bestela ez dakit danborradarik egingo zen. Haiek taldea osatu eta irten egin zuten. Ondoren, danborrada sanandresetara pasatzea erabaki zen; zehazki, danborradak 50 urte egin zituenean irten zen helduena azkenengoz andramarietan. Gaur egun danborradak duen partaide kopurua ikusita, beharrezkoa zen talde bat osatzea, baita umeena aurrera eramateko ere. Dena den, oraindik udalari egokitzen zaio danborradako lana egitea, beste leku askotan ez bezala, Azkoitian bi danborradetako material guztia udalarena delako.

"Nik nire lana egiten dut, eta gustukoa dut lana, baina atzeko lana"

Lanik gustukoena zein izan duzu?

Bat ala bestea, berdin-berdin ditut gustuko, izan kirola, izan kultura, izan festak... Azkenengo urteetan, zahartu naizen horrekin, agian, musika klasikoa gehiago gustatzen zait, eta Udaberriko Musikaldia eta Organo Erromantikoaren Zikloa gustura antolatzen ditut. Baina bestelako ekitaldiek ere ez dute aitzakiarik, orain gutxi musika elektronikoaren jaia antolatu du talde batek, eta modu berean saiatu naiz haiei laguntzen. Kirol kontuetan ere gustura ibili naiz beti. Kuadrillakoak-eta urte pila batean ibili izan ziren atletismo taldean, Xeyen aurretik zen Iraurgi atletismo taldean. Ni Iraurgiko lehendakaria izan nintzen urte askoan, eta entrenatzaile lana, berriz, Julianek [Olano] egiten zuen. Gauza askotan ibili naiz, baina erraz, gustura. Oraindik ere hala segitzen diot, e!

Herritar guztiak kontuan hartuta ekintzak antolatzen asmatzea erraza izaten al da?

Gauzak eta egitasmoak aurrera ateratzeko, antolatzeko, kezka edota ekimena duen jendeari lagundu egin behar dio administrazioak nire ustez; musika elektronikoaren jaia dela, Floreagako festak direla, lasterketa bat, xakeko txapelketak, Pelotai Eune... Gu jendeak egitea nahi duen gauza horiek bultzatzeko gaude. Gero, arloren batean hutsunea ikusten badugu, hor sartu behar dugu udaletxekook. Garbi esanda, gaur egun ezinezkoa izango litzateke enpresa pribatu batek zinema programazioa eskaintzea, antzerki programazioa ekartzea edota jaialdiak egitea. Ekitaldi horien zabalkundean udalak edota Foru Aldundiak esku hartu beharra daukate. Gabezia horiek estaltzeko eskaintza administrazioak egin behar du. Baina zenbait festa, ekitaldi, proba... antolatzeko ekimena duen jendea badago, eta udalaren egitekoa haiei beren asmoa aurrera ateratzen laguntzea da. Kirol elkarte ugari dira baliabide gutxirekin eta boluntario lan ugari eginez ekintzak egiten dituztenak, eta haiek aurrera egin dezaten batean eta bestean gauzak antolatzen eta dirua biltzeko ahalegin handia egiten ibiltzen dira.

Lanaren zer arlo egin egin zaizu gogorrena?

Lana oso gustura egin dut. Batzuk esan ohi dute: "Hau jubilatzeko gogoa". Nik, ordea, ez daukat bereziki gogo hori, lanerako arazorik ez daukat. Baina urteak ailegatu dira, eta ospa! Ia 40 urte egin ditut lanean, eta etor daitezela beste batzuk beste ikuspegi edota ideia batzuekin. Iritsi da garaia, etapa bat beteko dut. Abuztuaren bukaeran beteko ditut 65 urte. Egiteko geldituko diren kontuak egiten ariko naiz irailean: andramarietako fakturak lotu, espedienteak itxi... Nire asmoa irailaren bukaeran jubilatzea da.

Beraz, aurtengo andramariak izango dituzu azkenak lanean.

Bai, andramarietan oraindik udaletxean egongo naiz. Gero, osasunak laguntzen badu behintzat, dakidan gauzetan laguntzera joateko asmoa daukat. Izan ere, izaten dira boluntarioak behar izaten diren ekintza batzuk, eta nik urte askoan jardun dut horietarako jende bila. Ez daukat asmorik ospa egin eta denarekin ahazteko.

"Urteetan lanbide berean aritzeak erraztu egiten ditu lanak"

Lanean militantzia puntu hori baduzu, ezta?

Bai, handia. Azkenean, urteotako ibilbidean sortu diren talde guztiekin izan dut harremana, eta haiena ere militantzia da, boluntario aritzen dira-eta ordu askoan. Nik ez dut lan egin ordutegiari begira, ez dut era horretan funtzionatu. Bulegoko lanaz gain, bestelako hainbat lan egitea ere egokitu zait, baita erratza pasatzea ere. Denetarik egin izan dut beti. Izan ere, igande arratsalde batean ekitaldi bat antolatu plazan eta han aulkiak jartzeko eta kentzeko ez diet deitzen brigadakoei. Neuk plazan egon behar badut eta lan hori egiteko gai banaiz, egin egiten dut, askotan departamentuko beste batek lagunduta, eta kitto. Geuk han egon beharra baldin badaukagu, zertarako lana eginarazi beste langile bati igande arratsalde batean?

Zure lekukoa nork hartuko duen kezkatzen al zaitu?

Bai, ematen dit kezka, baina pentsatuta departamentuak beste estrukturazio bat behar duela. Gipuzkoako udal teknikarion bileretan ikusitakoagatik dakit, 5.000 biztanletik gora dituzten beste inongo udaletan ez dagoela kirola eta kultura batera eramaten dituen teknikaririk. Gure departamentuan kirola, kultura eta festak sartzen dira, baita turismoa ere, eta merkataritzako eta hezkuntzako zenbait kontu ere bai. Udaleko departamentu moldagarriena gurea da, beste hirurak nahiko tinkoak direlako. Baina beti "bai" esaten dugunez, gugana etortzen dira egitekoak, eta gu horiek ahalik eta ondoena eta txukunena egiten ahalegintzen gara.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide