Hitz bitan

Manuel Olariaga 'Txomingorri': "Basozain lanean asko ikasten da mendian orientatzen"

Ane Olaizola 2022ko uzt. 11a, 09:50

Manuel Olariaga 'Txomingorri' basozaina. (Ane Olaizola)

Gipuzkoan dauden ia berrogeita hamar basozainetako bat da Manuel Olariaga Txomingorri (Azkoitia, 1956). Duela 35 urte hasi zen zeregin horretan, eta ordutik, Soraluzeko, Elgoibarko, Eibarko eta Mendaroko basoak zaintzen dihardu. Adierazi duenez, "oso lan polita" da berea. Erretiroa hartzear da orain.

Zein dira zure eguneroko zereginak?

Izadi zaintza da nire ardura. Eibarrek, Soraluzek, Elgoibarrek eta Mendarok osatzen duten zonaldeko basoen gaineko kudeaketa dagokit: zuhaitzen mozketak, horien zainketa, basoa soiltzen denean egiten den landaketa, eta horiei lotutako dirulaguntzak. Suteren bat gertatzen bada edo erreketak egin behar baldin badira, horien gaineko kontrola ere eramaten dut. Beste kide batzuk arduratzen dira ehizaz eta arrantzaz, baina taldelana eta zaintza lana egitea suertatzen zaigunean ere, guk hartzen ditugu ardura horiek.

Asko hitz egiten da basoez. Zuhaitz autoktonoez osatutako basoen aldeko joera handitzen ari al da?

Ahoz aho dabilen gaia da hori. Azken mendean insignis pinua ustiatu dugu, eta ia-ia monokultiboa izatera iritsi da, azkar hazten den zuhaitza delako eta industria indartsua sortu duelako. Ondorioz, bertako zuhaitzei oso leku murritza geratu zaie. Orain, ordea, pinuak gaixotu egin dira, eta inguru asko oso kaltetuta daude. Bertako zuhaitzez osatutako basoak, berriz, dezente errespetatzen ditugu, eta bide horretan orain aldaketa gehiago egiten direla uste dut. Hainbeste maite ditugun gure zuhaitzek, ordea, urte dezente behar dituzte hazteko; asko kostatzen zaigu horretaz jabetzea.

Arrantzari eta ehizari dagokienez, inspekzioak egin behar izaten al dituzue?

Bai. Garai batean beharra zegoelako ehizatzen zen, eta orain, kirol gisa egiten da; beraz, arautu egin behar da, espezie batzuk zaintzeko. Kaltetuta edo arriskuan dauden animalia eta espezie batzuen jarraipena ere egiten dugu, esaterako okil beltzarena. Garai batean oso gutxi zeuden, eta orain gehitzen ari dira. Zentzu horretan, oso lan polita da gurea.

Asko aldatu al da zure egitekoa 35 urteotan?

Industria aldatu da, batez ere, azken urteetan pinuaren bueltan ibili baikara. Duela 25 bat urte, ikaragarrizko prezioa hartu zuen egurrak, eta izugarrizko mugimendua egon zen horren bueltan. Orain, monolaborantzaren eraginez edo, pinuak gaixotu egin dira, eta etekin hori apaldu egin da: garai batean, hektarea bat pinurekin hamar milioi pezeta jaso zitezkeen; orain, berriz, bi milioi pezeta. Bertako zuhaitzak pixka bat gehiago zaintzen ditugu orain. Jendeak jabetu egin behar du beste erremediorik ez dagoela.

Zer da zure lanbidearen gauzarik gogorrena?

Norbaitekin aurrez aurre jarri behar izatea, hark arauak errespeta ditzan. Batzuetan, gainera, horrek ingurua garrazten du, eta norbaitek, beharbada, azio bat egiten du gero; adibidez, zuhaitzak mozten ditu ezer esan gabe. Horrez gain, lan administratiboa ere egin behar izaten dugu, eta ondorioz, ordu asko igarotzen ditugu bulegoan. Inori ez zaigu gustatzen hori egitea.

Anekdotarik izango duzu.

Pasarte oso bereziak gertatzen dira, baina gogorrak ere bai. Ederrak ere izaten dira, ordea, esaterako, mendian galdutako norbait topatzen duzunean. Noizean behin gertatzen da mendizaleren bat laino itxia tarteko noraezean geratzea. Halakoetan, telefonoz galderak eginez joaten gara pistak ateratzen, eta emandako erreferentzia horiekin aurkitzen dugu mendizalea, asko kostatzen bada ere. Izan ere, basozain lanetan asko ikasten da mendian orientatzen.

Pandemia garaian, herritar askok hartu zuen mendira joateko joera. Antzeman al duzue gorakada?

Bai. Izurrian, jendez beteta egon dira mendiak; esajeratua izan da. Poza ematen du jendea mendian ikusteak, baina bestalde, tristea da horien joan-etorrien ondorena. Izan ere, oso erraz uzten dugu zakarra mendian. Noiznahi ikusten dituzu plastikozko botilak, aluminio paperak... Amorrua ematen du horiek ikusteak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide