Dabilen herria

Nerea Uranga 2022ko uzt. 15a, 14:20

Nerea Uranga kazetariak ekaineko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Dabilen herria'.

Herriko kulturari bultzada eman nahian, hainbat herritarren ekimenari esker, Herrikoloreak Eguna egin zuten 2018ko irailaren 15ean Azkoitian. Herrian barrena hamaika ekitaldi egin zituzten egun bakar batean. Bederatzi hilabeteko lanaren fruitua izan zen, antolatzaileek azaldu zutenez. Egun harekin herriko elkarteen eta taldeen lana hauspotu nahi zuten, herritarrek kulturaz goza zezaten eta kulturaren alde egiten jarraitzeko akuilu izan nahian.

Datorren irailaren 15ean lau urte beteko dira ordutik. Tartean, eta Herrikoloreak Egunetik bi urte geroago, pandemiaren ondorioz hartutako neurri murriztaileek itzalaldira behartu zituzten kultur taldeak, eragileak, kulturzaleak edota kontsumitzaileak. Bat-bateko estualditik eta itxialditik malgutzen joan ziren neurriak, zabaltzen ateak, luzatzen sokak, bistaratzen irribarreak. Etxeratzeko iluntzeko ordutegia mugatuta genuen garaian antzokiak jendez betetzen ziren, edukiera mugatuarekin, baina. "Inoiz antzerki emanaldi batera edota zinemara joan gabeko jendea-eta dena joan zen gaueko ordutegiak murriztuta zeuden aldi hartan Baztartxora", gogoratu du Jesus Arrizabalaga udaleko kultur teknikariak argitalpen honetarako elkarrizketarako izandako hizketaldian.

Herrian bertan zertaz gozatu izatea ederra da, baita askotariko aukera izatea ere

Ordutegiak pandemia aurreko garaira itzuli direnean, jendez hustu egin dira aretoak. "Zinema emanaldietan eta antzerki saioetan pandemia aurreko ikus-entzule kopuruetara iristeko denbora asko beharko da, hilabeteak edo gehiago", uste du Arrizabalagak. Bestalde, gaur eguneko kultur eskaintza "sekula baino oparoagoa" dela dio. Horretan kontrarik ezin egin: udaberrian nola loratu dira ekitaldiak, festak eta ospakizunak. Maiatzeko asteburu bat adibide gisa hartuta, 11 ekitaldi baino gehiago zenbatu ditut Azkoitian: bertso saioa, lau musika emanaldi, magoa... Ikusi besterik ez dago, puri-purian daude talde asko, eta bi urtetan egin ezin dituzten asmoak eta nahiak martxan jarri dituzte kaleak zabaldu eta arratsaldeak luzatu orduko. Herrian bertan zertaz gozatu izatea ederra da, baita horretarako askotariko aukera izatea ere. Antolatzen dabilen horri aitzakiak jartzeak baino, egin nahi duen hori aurrera eramaten laguntzeak edota parte hartzeak dauka meritua. Euskaltzaleen Topagunearen Kultur Errota egitasmoaren leloak dioen bezala, Biraka dabilen harria sorkuntzan ari den herria.

Udaberrian eta udan kalea, kalekoa, nahiago izaten da, hori pandemiaren aurretik ere hala zen. Orain oraingoarekin disfruta dezagun, baina udazkenarekin batera, eguzki argia apaltzen hastearekin batera aretoetako epelari heldu diezaiogun musikaz, zinemaz, antzerkiaz edota dena delakoaz gozatzeko. Etxealdian nahikoa egon gara-eta orain dela gutxi.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide