Esku pilota tradizio handiko kirola izan da eta da egun Azkoitian. Jesus Maria Beristain idazleak Azkoitia pilotarien "soro emankorra" zela adierazi zuen liburu batean. "Pilotaren sehaska" izenez ere batek baino gehiagok ezagutuko du herria, eta Kontzejupea "pilotaren unibertsitatea" izan zela ere badiote aditu askok. Gaur egun, tarteka libre egoten bada ere, duela ez hamarkada asko, eguna argitu aurretik okupatzen zuten frontoia, eta ez zen libratzen ilargia iluna argitzen hasi arte.
Kaleko eskola haren lekuko izan ziren Carlos Arrizabalaga Xapatero (Azkoitia, 1937) eta Jesus Larrañaga Txanton (Azkoitia, 1938). Haurrak ziren sasoian, pilota usatzera joaten zen bikotea, herriko ia mutil guztiak bezala. Azkoitian pilota egile bat baino gehiago zeuden orduan, eta haiek bigundu gabeko pilotak ematen zizkieten herriko umeei. Pilota Kontzejupeko hormen aurka kolpatuz bigundu ondoren, pilota egileen eskutik dirua jasotzen zuten bueltan haurrek. Urte bat baino gehiagotan aritu ziren zeregin horretan Xapatero eta Txanton. Bikoteak adierazi du pilotak Kontzejupean usatu behar izaten zirela nahitaez, plazako frontoiak beste pilotalekuen aldean "zoru gozoa" baitzuen. "Azkoitian bi pilota egile zeuden orduan, eta kuriosoa zen, baina batek besteak baino gehiago ordaintzen zuen pilotak usatzeagatik. 11-12 urte genituela, goizaldeko 05:30-06:00 aldean joaten ginen Kontzejupeko txokoa hartzera. Txoko sakratu hura hartuz gero, egun guztirako norberarena izaten zen, eta bi edo hiru pilota usatzeko aukera izaten genuen horrela. Astean bi edo hiru aldiz joaten nintzen ni, eta bi edo hiru duro irabazten nituen, kasik gure aitak lanean baino gehiago. Sarritan lekurik ez genuen izaten, eta ondorioz, pilota Kontzejupeko arkupeetako hormen aurka joaz usatu behar izaten genuen", nabarmendu du Txantonek.
"11-12 urterekin, 05:30-06:00 aldean joaten ginen Kontzejupeko txokoa hartzera"
"Tranpatxoak" ere egiten zituzten, ordea, pilota usatzaileek, pilota azkarrago biguntzeko trikimailu bat aurkitu baitzuten frontoitik ez oso urrun. "Udaletxeko atearen atzeko kakoarekin pilota bigundu egiten genuen, baina pilota egileek segituan igartzen zuten", dio Txantonek. Xapateroren arabera, Berdura plazan pilota zanpatzeko beste ate bat ere bazen. Hark segituan ekarri du gogora pilota usatzen zuen mutiko baten istorioa. "Mutiko bati galdu egin zitzaion usatu behar zuen pilota. Oker ez banago, pilota hark 60 pezeta balio zituen, eta gazteak hura ordaintzeko dirurik ez zuenez, hamabi pilota usatu behar izan zituen debalde. Herriko kale garbitzaileak Kontzejupeko txokoa dagoen atean gordetzen zituen astoa eta gurdia, eta antza, hango otarre batera erori zen pilota. Urte batzuk geroago aurkitu zuten pilota, baina ordurako guztiz hondatuta zegoen". Bi lagunak baino gazteago ziren mutilek ere jardun zuten pilota usatzen. Ez denbora askoan, ordea; izan ere, Xapaterok dio makinaren bat asmatu zutela pilotak azkarrago biguntzeko. Horrela galdu zen pilota usatzaile lana Azkoitian.
Kontzejupean, denetarik
Frontoi txikia eta bihurria izateagatik da berezia Kontzejupea. Pilotaleku horren kontuak aipatu bezain laster, frontoiko "gurutze barrua" –udaletxerako sarreratik frontiserako eskuineko zatia, eskuin horma aldekoa– aipatu du Xapaterok: "Abilezia handiena zuten pilotariak aritzen ziren txoko hartan. Ezkerrez jota zein eskuinez efektuarekin jota, pilota lehen ate zulora sartzea izaten zen guztien helburua. Kontzejupeko partidarik ezagunenak gurutze barruan jokatutakoak dira". Kontzejupean lau koadroren barruan ere aritzen ziren –udaletxerako sarreratik frontisera bitarteko zati guztia–, eta nola ez, baita frontoi osoan ere.
"Kontzejupeko partidarik ezagunenak gurutze barruan jokatu izan dira"
Historian zehar, erronka eta desafio ugari jokatu dira Kontzejupean, eta Xapaterok trabeserako erabiltzen zen aspaldiko pilota bat erakutsi du orduan: libra erdiko pilota, hots, 250 gramoko pilotatzarra. Desafioak, baina, era askotara jokatzen zituzten: "Eskua bizkar aldera lotuta edo oinak edo eskuak bikoteari lotuta jokatzen zituzten partidak, baita abarketa sorta bizkarrean kargatuta nahiz zakuetan sartuta ere", dio Xapaterok. Kontzejupean, ordea, beste era askotako partidak ere izaten zirela adierazi dute bi lagunek. "Lehia batzuetan, pilotari batek normal jokatu behar izaten zuen pilotan, eta beste pilotariak eskuan hartu ondoren bota egin behar izaten zuen pilota". Txanton, bere aldetik, arau berezia zuen beste jokamolde batekin oroitu da: "Pilotak frontisa jo ondoren sabaia jo behar izaten zuen nahitaez; osterantzean, tantoa aurkariarentzat izaten zen".
Egungo pilota askorekin pentsaezina da pilotan esku hutsik jokatzea, baina hala aritzen ziren lehen denak, eskuak guztiz hazi edo odoldu arte. Hatzaparrak ahalik eta azkarren berreskuratu behar izaten zituzten pilotan egiteko. "Bizarra mozteko xaflarekin ireki edo zulatzen genituen hazitako behatzak, eta ondoren, norbere pisa botatzen genuen behatzetara. Eskuetarako erremedio ona zen. Lagun batek bere oinarekin eskuak zapaltzea zen beste erremedioa", dio Txantonek.
Frontoian ere, maisuak
Kontzejupeko hormetatik ezker hormarako bidea hartu zuten gerora gazte askok eta askok. 1972ko irailaren 24an eskuratu zuen Azkoitiak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako lehen txapela. Donostian jokatu zuten final hura Bergararen aurka, eta infantil, jubenil eta nagusien mailan garaile izan zen Azkoitia. Xapatero Herriarteko txapelketetako sari ugari jasotakoa da, Beti Poz pilotazale elkarteko kidea baitzen hura orduan. Elkarte gastronomiko bat martxan jarri ahal izateko, ekintzailetasuna eskatzen zitzaien soziedadeei, eta haiena izan zen herriko pilota elkarteetan lehena. 1972az geroztik, beste hamabost aldiz jantzi du Azkoitiak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako txapela eskuzko modalitatean.
Herrien arteko lehia ez ezik, Azkoitiko auzoen arteko lehia ere antolatu zuten, ordea. Xapaterok gogoan duenez. 1970-71 denboraldian hasi ziren txapelketa antolatzen, eta bost bat urtean jokatu zuten hura. "Martirietak, Elosuak, Urrategik, Kukuherrik eta Madariagak parte hartu zuten auzoen arteko lehian. Txapelketak kanporaketa sistema zuen, joaneko eta itzulerako partidekin, eta auzo bakoitzeko frontoira joaten ginen partidak jokatzera. Finala, berriz, udal pilotalekuan jokatzen zen. Auzotik auzora alde handia zegoen pilotalekuei zegokienez, eta horregatik, kanporaketa guztiak udal pilotalekuan jokatzen hasi ginen gero". Gipuzkoan oraindik orain gehiago egin ez den eguna ere antolatu zuten Azkoitian, eta antolaketa lanetan aritu ziren bi lagunak: 24 orduz jarraian pilotan jokatzen aritu ziren. "Beti Poz pilota elkartearen 25. urteurrena ospatzeko antolatu genuen eguna. Gelditu ere egin gabe jokatu zituzten partidak frontoian: mutil koskorren partidak, gizonemakumeen partidak, erremintadun partidak... Modalitate guztietako neurketak izan ziren. Gogoan dut, profesionalen puntapuntako partidak jarri genituela azken bi orduetarako".
Profesionalik zaharrena, Larrañaga
Manolo Larrañaga (Azkoitia, 1927) da profesional mailan jokatu zuen Azkoitiko egungo pilotaririk zaharrena. 19-20 ur terekin egin zuen debuta, modu "zeharo bitxian", haren hitzetan. "Urte Berri egunean egin nuen debuta. Nire aita pontekoaren ur tebetetze eguna zen, eta eguna ospatzeko bazkaria egin genuen. Bazkalondoren, Eibarrera [Gipuzkoa] joan ginen Atano III.a ikustera. Min hartu zuen eguneko bigarren partida jokatu behar zuen pilotari batek, eta hirugarren par tidan buruz buru aritu behar zuen beste pilotari batek ordezkatu zuen hura. Hirugarren partidarako, baina, pilotari bat falta zuten", dio Larrañagak. Orduan, arduradunek azkoitiarrari egin zioten proposamena. "Pilotan aritzeko arroparik ez nuela erantzun nien. Segituan etorri zen nigana Atano III.a, eta hark jokatu behar zuen par tida amaitutakoan bere arropak utziko zizkidala esan zidan. Hala egin nuen debuta, Atano III.aren arropekin". Mendietaren aurka aritu behar izan zuen azkoitiarrak buruz buruz, eta 18 eta 8 galdu zuen. "Sekulako bazkaria eginda, eta gainera, entrenatu gabe nengoen; hauspoa bete egin zitzaidan".
Manolo Larrañagak Atano III.aren arropekin Eibarren egin zuen debuta profesional mailan
Larrañaga federatuta zegoen ordurako, eta afizionatu mailan jokatzen zuen atzelari postuan. "Eibarren jokatu nituen partida gehienak, baina baita Gasteizen eta Logroñon [Espainia] ere. Logroñora gustura joaten ginen, Gipuzkoatik ir tenda diru kopuru bikoitza jasotzen baikenuen". Bigarren edo hirugarren partidak jokatzen zituen Larrañagak batez ere, baina gogoan du Zarautzen (Gipuzkoa) partida nagusi bat ere jokatu zuela. "Udan, Eibarko pilota enpresak Zarautzen antolatzen zituen par tidak, eta han Zurdo de Mondragonekin jokatu nuen. Kasik bakarrik irabazi zien hark aurkariei". Profesionaletako ibilbidea, baina, ez du oroitzapen onekin gordeta. "Ez nuen batere gozatu. Esku ahulak nituen, eta minez ez banengoen, minduko ote zitzaizkidan ikaratuta egoten nintzen; frontoira irteteko ere beldurra izaten nuen. Modu horretan ez dago gozatzerik", nabarmendu du azkoitiarrak. Gainera, Larrañagak dio garai har tan ez zirela ondo prestatzen pilotariak. "Ez genuen izaten prestatzailerik, eta mendian ibiltzea ona zela esaten zutenez, han ibiltzen ginen gora eta behera. Behin, ordea, Olimpian eman zuen hitzaldi batean, honako hau esan zuen batek: 'Mendian ibiltzea bizitza osasuntsuaren seinale da, baina pilotariak frontoian entrenatu behar du, futbolariek futbol zelaian entrenatzen duten moduan'. Ez zitzaion arrazoirik falta".
"Haurrek ez zuten Kontzejupean asko jokatzen; zaharragoek bidali egiten zituzten"
Kontzejupean asko aritutakoa da Larrañaga. Gogoan du han binakako trabesa egin zuten egunean ger tatutakoa. "Inazio Urzelaik eta Tomas Lersundik Sebastian Larrañaga eta bion aurka jokatu zuten. Haizeak nahikoa gogor jo zuen egun har tan, eta plazako iturritik ura sartu zen Kontzejupera, lurra pixka bat bustiz". Larrañagak atzera luze jo zuen pilotakada batean ger tatu zen ondorengoa: "Lersundik irrist egin zuen, oin hutsik ari baitzen jokatzen. Kolpe txarren bat har tu zuen, eta konortea galdu. Kontzejupean zerbait gertatzen zen aldiro plazako farmaziara joaten ginen, eta han itzuli zen bere onera. Kontzejupera etorri zenean hala esan zuen: 'Nork jo nau ni?'. Ez zen ezertaz gogoratzen". Udaletxe azpiko frontoian bezala, Goiko Losan ere asko aritu zen Larrañaga. "Umetan ez zen Kontzejupean pilotan asko jokatzerik egoten. Jokatzen ari bazinen ere, adinez zaharragoak etortzen zirenean alde egin behar izaten zen. Goiko Losara joaten ginen orduan, eta han ezker horma zati askotan banatzen genuen. Frontoiko azken koadroei 'beltza' deitzen genien; beste zati batean haurrek jokatzen zuten; haren aurreko koadroetan beste zati zabalago bat zegoen; eta frontisa ere erabiltzen genuen".
Larrañaga bezala, Kontzejupean hazi eta hezitako herritar ugari iritsi dira pilotaren gailurrera. Kontzejupe izenez ezagutzen den herriko frontoi bihurria "pilotaren sehaska", "unibertsitatea" edo "soro emankorra" den seinale.