Maite Lopez Las Heras idazle eta irakasle azkoitiarrak Amatu (Alberdania) hirugarren liburua kaleratu du, eta gaur, osteguna, aurkeztu du lana, Donostiako Udal Liburutegian. Azkoitiarrak saiakerari heldu dio lan berrian, eta amatasuna zein horrek sortutako hamaika galdera oinarri izanda ondu du liburua.
Lopezek adierazi duenez, haurdun zegoenean piztu zitzaion ama izateak zer esan nahi duen jakin mina, eta horrek bultzatu zuen hura liburua idaztera: "'Amatu' aditza bera erabat adierazgarria iruditzen zait, lehenik 'ama bihurtu' esan nahi duelako, eta gero 'maitatu' adiera ere baduelako. Hori horrela, nire buruari egindako galderen erantzunak bilatu nahian, hasieran, eta kezkak partekatu eta beste ikuskera desberdinei abegi egiteko asmoz, ondoren, sortutako gogoeta liburua da", azaldu du azkoitiarrak.
Hain zuzen ere, amagai zela sortu zitzaizkion hainbat galderari tiraka osatu du saiakera lana idazleak: "Noiz amatzen da emakume bat? Amatzeak nahitaez umea maitatzea esan nahi al du? Ama guztiek berez maitatzen al dute?". Lehen pertsonan idatzi du Lopezek Amatu, eta, bere bizipenak, gogoetak eta besteekin izandako elkarrizketak ardatz hartuta, lana hainbat hausnarketaren ondorio dela azpimarratu du hark. Era berean, saiakera bi zatitan banatuta dago: Aurretik eta Ondoren. "Erdigunetzat erditzea hartu dut. Eta hitz-jokoen ildo beretik, amatu eta amaitu arteko urrats laburra arakatzea izan da nire asmoa, baita amatzea eta asmatzearen artekoa ere".
Horrez gain, idazleak adierazi du liburuaren beste helburuetako bat izan dela gaiaren anbibalentziarekin "adiskidetzeko ahalegina" egitea. "Amatasuna ez da bakarra eta modu berekoa; ez da norabide jakineko lerro zuzen bat. Ama guztiek ez dute lerro bera jarraitzen, ez noranzko bera irudikatzen ere". Hori dela eta, Lopezek ezinbestekotzat jo du amatasunaren "forma guztiak" azaleratzen laguntzea. "Horixe izan da nire ekarpena".
Azkoitiarraren arabera, edonori zuzendutako liburua da kaleratu berri duena, ez soilik emakumeei edota amei: "Amatasuna guztion kontua da, denok garelako amak sortuak. Horrexegatik hain zuzen, irakurle guztiei zuzenduta dago liburua: ama direnei, izango direnei, izango ez direnei eta aita guztiei, beraien guztien ekarpenak aberasgarriak baitira amatasunaren sarea ehuntzeko".
Ikuspegi "azidoa"
Aritz Galarraga izan da liburuaren editorea, eta hark adierazi duenez, amatasunaren gaineko ikuspegi "azido, ez onbera eta desberdina" eskaintzen du azkoitiarraren aurreneko saiakera lanak. "Kronika pertsonalaren eta amatasunaren inguruko gida lotsagabe baten artean, liburuak erditu aurreko eta ondorengo eguneroko ohiko hainbat egoera jasotzen ditu. Ama izateko ikasi behar den hiztegi berria, gauza bat eta kontrakoa aholkatzen duten pertsona 'eskuzabalak', haurraren adimena garatzeko 'estrategiak', haur parkeetako parekorik gabeko fauna...". Amatasunaren inguruko liburuak "ugalduz" ari diren honetan, berriz, idazlearen ekarpena "bidelagun ezin hobea, freskoa eta pizgarria" dela azpimarratu du editoreak. Azalaren irudia, berriz, Ainara Azpiazu Axpik egin du, eta amatasuna modu askotakoa izan daitekeela irudikatu du hark.
Filologia Klasikoan lizentziaduna da Lopez Las Heras, eta egun, irakaskuntza du ogibide. Hiru liburu ditu kaleratuta, baina aurreneko aldia da saiakera generoa landu duena. Izan ere, 2018an Pienso, luego escribo poesia liburua kaleratu zuen, eta 2020an duela 2.700 urte Mendebaldeko aurreneko emakume poetek idatzitakoa grekotik euskarara itzuli zuen Safo, poesia guztia liburuan. Horrez gain, Maxixatzen aldizkarian kolaboratzen du joan den urteaz geroztik.