Julen Garate: "Euskaraldian jendeak ilusioz parte hartzea nahi dugu"

Andoni Elduaien 2022ko eka. 9a, 09:00

Julen Garate, Euskaraldiaren Azkoitiko koordinatzailea. (Andoni Elduaien)

Julen Garate (Azkoitia, 1968) da Euskaraldiaren Azkoitiko koordinatzailea. Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko kidea da bera, eta dagoeneko jarri da harremanetan egitasmoaren aurreko edizioetan izena eman zuten ariguneekin; arigune berriak lotzen, berriz, datozen hilabeetan hasiko da. Euskaraldian parte hartzeko interesa dutenek, maxixatzen@maxixatzen.eus posta elektronikora idatzi beharko dute, edo 675 85 71 11 telefonora deitu.

2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da aurten Euskaraldia. Berritasunik izango al du ekimenak?

Euskaraldiaren lehen edizioa ilusioarena izan zen, eta bigarrena, pandemiarena. Aurten, berriz ere ilusioa berreskuratu nahi da, pixka bat kolokan gelditu zen ariguneen arloa berrindartuz. Era berean, Euskaraldia gizarteratzea lortu nahi da, kalean ikusgarriagoa eginez.

Azkoitian Euskara Mahaia arduratuko da Euskaraldiaren antolaketaz, eta zu zeu izango zara koordinatzailea.

Aurreko edizioetan Euskara Mahaia eta udaleko euskara teknikaria arduratu dira Euskaraldiaren lanketarekin. Euskara Mahaiak Euskaraldiaren, eta bereziki, ariguneen jarraipen zehatzagoa egiteko beharra ikusi du, eta horretarako koordinatzaile bat hartu du, kasu honetan ni.

Dagoeneko hasi zarete Euskaraldia herriko entitateei zabaltzen, ezta?

Azaroan denez, jendeak urrun ikusten du Euskaraldia. Halere, aurreko edizioetan izena eman izan duten entitateengana hasi naiz joaten, egitasmoa pixkanaka zabaltzeko. Lehen lanketa egiten hasiko gara orain. Herrixen merkatari elkartearekin egon gara, eta kultur zein kirol taldeekin lehen bilera bat ere egin dugu dagoeneko. Irailean berriz egitea aurreikusten dugu; izan ere, urriaren 1ean Euskaraldia lantzen nahiz prestatzen hasteko mintegi bat egingo dugu, norbanakoekin eta herriko eragileen ordezkariekin elkartuta. Datozen hilabeteetan mintegi hori ahalik eta zabalena izan dadin lan egingo dugu. Horrez gain, aurtengo Euskaraldiak gazteengan eragitea ere nahi dugu. Euskaraldia gizarteratzerakoan, gehien bat gazteengan zentratu nahi dugu, komunikazioa beste era batera landuz eta haiengana gu geu gerturatuz.

Aurreko edizioetan Azkoitiak ezduizanEuskaraldiaren koordinatzailerik. Orain, zertan lagunduko du koordinatzailearen profila herrian bertan izateak?

Euskaraldian parte hartu nahi duten norbanakoei nahiz entitateei prozesua erraztea da asmoa. Dena den, gure helburuetako bat da lehen iristen ez ginen lekuetara iristea. Herrian ariguneak zabaltzeko aukera dago, eta aztertu dugu sektore desberdinetako eragile bana egotea arigune horietan, hala nola enpresa, merkataritza edo kirol mundukoak. Behin horiek zehaztuta, eragile horien bila hasi gara. Gainera, Euskaraldiaren emaitza zehatzak eskatuko ditugu eta txosten bat egingo dugu amaieran.

Zein dira datozen hilabeteetan koordinatzaile bezala egin beharko dituzun lanak?

Ekainean eta uztailean, lehen arigune bezala izena eman zutenekin harremanetan jarriko gara, horien berrespena jasotzeko. Horietako batzuekin laster lanean hastea da gure asmoa. Irailean, berriz, arigune gehiago biltzen saiatuko gara. Dena den, herriko gazteekin lehen lotura edo harremana egitea ere gustatuko litzaiguke. Ez dugu nahi gazteek guk esandakoa egitea, baizik eta jakitea gazteek nolako Euskaraldia nahi duten.

 

"Euskaraldia lantzen nahiz prestatzen hasteko mintegi bat egingo dugu urrian"

 

Euskararentzako ariguneak areagotu nahi ditu Euskaraldiak.

Azken edizioan, 28 arigune inguruk eman zuten izena Azkoitian. Erronka arigune kopurua handitzea da, uste baitugu herrian kopurua handiagoa izan daitekeela. Norbanakoek zein entitateek jakin behar dute Euskaraldian parte hartzeko prozesua erraza izango dela; ez dugu nahi Euskaraldia herritarrentzako beste bu- rukomin edo gainkarga bat izatea.Herritarrek ilusioz parte hartuko duten egitasmo bat izatea nahi dugu Euskaraldia. Aurtengo edizioan, baina, bada aldaketa bat ariguneen arloan. Lehen, barruko eta kanpoko ariguneak bereizten ziren. Bereizketa korapilatsua zela ikusi zuten, eta horregatik, aurten ariguneen profil bakarra egongo da.

Zer da aurtengo Euskaraldiarekin herrian lortu nahi duzuena?

Euskaraldiak jarraipena izan al duen edo zertan lagundu duen neurtu nahi dugu. 'Aurreneko hitza euskaraz egingo dut' edo 'hizkuntza ohiturak aldatzen saiatuko naiz' esaten dugunean, hori bete den edo ez ikusi nahi dugu. Finean, egoeraren ikuspegi erreala zein den jasotzea da asmoa. 365 egunez euskaraz bizi behar dugu. Euskaraldia bezalako egitasmoek bultzada handia ematen diote hizkuntzari, baina guk jarraipena eman nahi diogu bultzada horri, garai zehatzetatik kanpo ere euskara normalizatuz. Herrian asko egiten da euskaraz, baina elkarrizketetan badago halako joera bat gaztelaniara igarotzeko. Beharbada, horrek ere izan behar du Azkoitiko erronketako bat.

Norbanakoen izen-ematea, berriz, irailaren amaieran zabalduko da.

Ariguneetan norbanako bezala izena emateko aukera izango dute entitateek, eta horrela, automatikoki Euskaraldian norbanako bezala izena emanda geldituko dira. Duela bi urte Euskaraldian izena eman zutenek ere mezu edo abisu bat jasoko dute, aurten berriro parte hartu nahi al duten galdetzeko. Izen-ematea berresteak hiru datu eguneratzea besterik ez du eskatuko.

Oraindik goiz da Euskaraldiari lotutako zer ekintza egingo diren esateko, baina izango al da aldaketarik?

Irailean hasiko gara kanpora begirako ekintzen berri ematen. Zerbait ikusgarria eta erakargarria egin nahi dugu. Esaterako, aztertzen ari gara Euskaraldiko hamaikakoa egin edo ez, sare sozialetan zerbait egin edo ez... Iraila, Euskaraldia ikusarazteko hilabetea izango da. Euskaraldia hamabost eguneko kontua da, baina Azkoitian urriaren 1eko batzarraren ostean hasiko gara egitasmoa mugitzen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide