Urrea lortu du Txikia IV.ak bailarako bi aizkora probatan

Anartz Izagirre 2022ko eka. 6a, 15:20

Julen Alberdi 'Txikia IV.a', Iker Vicente eta Mikel Larrañaga, atzo, Azpeitian. (Ibon Errazu)

Larunbatean Aian jokatu zen Gipuzkoako Lehen Mailako Binakako Aizkora Txapelketa irabazi zuen azkoitiarrak Ugaitz Mugerzarekin batera. Atzo, berriz, XXV. Urrezko Banakako Aizkora Txapelketan gailendu zen, Iker Vicenteri bost segundoko aldea aterata.

Urrezko asteburua izan da joan dena Julen Alberdi Txikia IV. a-rentzat. Izan ere, bi norgehiagoka izan ditu, eta bietan lehen postua erdietsi du azkoitiarrak. Gipuzkoako Lehen Mailako Binakako Aizkora Txapelketa Aian jokatu zuten larunbatean, eta Txikia IV.ak Ugaitz Mugerzarekin osatutako bikoteak irabazi zuen lehia. XXV. Urrezko Banakako Aizkora Txapelketa, aldiz, Azpeitian jokatu zuten igandean, eta proba horretan banaka izan zen garaile azkoitiarra.

Herri kiroletako hitzordu garrantzitsua izan zen atzokoa, sei aizkora eta harri jasotze txapelketa jokatu baitzituzten Izarraitz pilotalekuan. Bost lan egin behar izan zituzten Txikia IV.ak, Iker Vicentek eta Mikel Larrañagak, eta lehen bi lanetan otsagabiarra nagusitu bazen ere, zutikako proban aurre hartu zuen azkoitiarrak, eta azken proban bost segundoren aldearekin irabazi zuen lehia. 22 minutu eta 52 segundo behar izan zituen azkoitiarrak probak amaitzeko; Vicenteren denbora 22:57 izan zen, eta Larrañagarena, 24:01.

Larunbat arratsaldean ikusmina sortu zuen Aiako probalekuan jokatu zen herri kirol jaialdiak ere. Alde batetik, Gipuzkoako Lehen Mailako Binakako Aizkora Txapelketan hiru bikotek parte hartu zuten eta Julen Alberdi Txikia IV.a-k eta Ugaitz Mugerza mutrikuarrak lortu zuten txapela, lana 20:15 denboran osatuta. Bigarren postuan sailkatu ziren Eneko Otaño beizamarra eta Iñaki Azurmendi beasaindarra (23:11), eta hirugarrenak izan ziren Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Jesus Mari Mujika ibartarra (23:35).

Mugerza eta Txikia IV.a, Gipuzkoako Lehen Mailako Binakako Aizkora Txapelketan (Ibon Errazu)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide