Herrilab +700 prozesuaren barruan, herritarrekin zein eragileekin herri batzarra egingo du udalak

Ane Olaizola 2022ko eka. 3a, 10:30

Azkoitiko udal ordezkariek herri batzarrean parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. (Azkoitiko Udala)

Iaz osatutako Herri Diagnostikoa eta beste zenbait lanketa oinarri hartuta, Herri Plana egingo du udalak aurten, eta horretarako, herri batzarra egingo dute asteartean. Herri Plana balioztatzeko, berriz, Herri Kontseilua osatuko dute, eta ausaz aukeratutako herritarrak gonbidatuko dituzte han parte hartzera.

Azkoitiak 2024an 700 urte beteko dituela eta, udalak martxan du Herrilab +700 hausnarketa prozesua joan zen urtetik. Proiektuaren barruan, Herri Diagnostikoa osatu zuten iazko urte amaieran, herriko hainbat eragilerekin, elkarterekin eta herritarrekin, eta horri jarraipena emateko asmoz, Herri Plana egingo du udalak aurten.

Herri Diagnostikoa zein beste hainbat "lanketa" oinarri hartuta osatuko dute Herri Plana, eta horretarako, aurreneko herri batzarra egingo dute datorren asteartean, hilaren 7an, 18:00etan, Elkarguneko Oteiza aretoan. Udaleko alderdi guztiek "babestutako" egitasmoa da Herrilab+700, eta horiek herritar guztiak zein elkarteak eta eragileak gonbidatu dituzte saiora.

Udalak jakinarazi duenez, aurtengo parte hartze prozesua Aztiker Soziologia Ikerguneak diseinatu du, eta azaroan amaituko da. Erakundeak adierazi duenez, aurtengo prozesuak lau lan-fase ditu: lehendabizikoa da Herri Planaren zirriborroa egitea; bigarrena, Herri Plana kontrastatzea eta osatzea; hirugarrena, Herri Plana balioztatzea; eta laugarrena, itzulketa egitea eta aurkezpena. Udalak dagoeneko hasi du prozesua, eta lehen fasean, udal ordezkariek, teknikariek eta langileek parte hartu dute, eta bigarren fasean asteartean hasiko du, herri batzarrarekin. Horrez gain, elkarrizketak egiteko asmoa ere badu udalak, eta galdetegi bat ere prestatuko du.

Prozesuari dagokionez, berriz, metodologia "berritzailea" erabiliko du udalak aurten. Izan ere, ausaz hainbat herritar aukeratuko ditu, eta horiek Herri Kontseilua osatuko dute, haiek hala nahi izanez gero. Izan ere, hango parte hartzea borondatezkoa izango dela azpimarratu du erakundeak. Errolda bidez, adina, generoa, ikasketak, jatorria eta beste hainbat adierazle kontuan hartuta, askotariko profila duten herritarrei dei egingo die Herri Kontseiluko kide izateko, eta horien lana izango da Herri Plana baliozkotzea.

Erakundearen arabera, gaur egungo arazoak "konplexuegiak" dira hark bakarrik aurre egin ahal izateko. Hori hala, ezinbestekotzat jo ditu elkarlana eta lankidetzazko gobernantza; "horixe da parte hartze prozesu honen oinarri nagusia". Bestalde, jakinarazi du prozesuaren inguruko informazio guztia — deialdiak eta dokumentazioa— honako lotura honetan argitaratzen joango dela: azkoitia.eus/gobernu-irekia/herrilab-700-urte/2022.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere aldetik, Herri Kontseiluak sortzeko web gida egiteko asmoa du Etorkizuna Eraikitzen proiektuaren barruan, eta horretarako Gipuzkoako hiru herritako esperientziak hartuko ditu oinarri: Azkoitikoa, Errenteriako eta Tolosakoa.

Ingurumen Mahaia, sortzear

Herrilab+700 prozesuaren barruan, iaz egin zen Herri Diagnostikoan jasotako eskaera bat gauzatzea erabaki du udalak: Ingurumen Mahaia sortzea. Dena den, aurreratu du aurtengo prozesuan erabakiko direla taldearen oinarriak; hau da, han zehaztuko dituzte mahaia nortzuk osatuko duten, haren funtzioak eta konpromisoak zein izango diren eta nola dinamizatuko den.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide