Memoria historikoa berreskuratzeko lanketa hasi du Azkoitiko Udalak, Aranzadirekin elkarlanean

Ane Olaizola 2022ko eka. 2a, 16:18

Mendizabal eta Buces, gaur, agerraldian. (Ane Olaizola)

36ko gerran eta Frankismoaren lehen bi hamarkadetan eskubide urraketak eta errepresioa bizi izan zituzten "biktimak guztiak" identifikatzea da proiektuaren helburua. Proiektua behar bezala osatzeko, premiazkotzat jo dute herritarren laguntza.

Espainiako II. Errepublikaz geroztik (1931-1939) 1960ra arteko memoria historikoa berreskuratzeko konpromisoa hartu du Azkoitiko Udalak, eta beraz, 36ko gerran eta haren ondorengo Francoren diktaduran azkoitiarrek jasan zituzten giza eskubide urraketen zein errepresioaren gaineko lanketa­ egingo du datozen bi urteetan, Aranzadi zientzia elkartearekin lankidetzan.

Juan Bautista Mendizabal udaleko Ondare zinegotziak eta Javi Buces Aranzadi elkarteko kideak gaur eman duten proiektuaren xehetasunen berri, eta zinegotziak adierazi du udalak "hasieratik" zuela garbi memoria historikoa lantzeko proiektua egin behar zuela. Era berean, proiektuak duen garrantzia azpimarratu du zinegotziak hitzartzean: "Memoria ez da erabili behar gorrotoa mantentzeko, memoriak balio behar du gertatutakoa barneratzeko eta aurrerantzean halako jokabiderik gehiago ez izateko", adierazi du Mendizabalek, Aintzane Ezenarro Gogora memoriaren institutuko zuzendariaren hitzak bere eginez. 

Bucesek, bere aldetik, azpimarratu du "biktima guztiek" dutela egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea, eta Aranzadiren lana izango dela "gertatutakoa ezagutzea", ikerketa historikoaren bidez: "Egia bilatzea da gure lana. Izan ere, egia jakin gabe, ezin dira erreparazioa eta justizia lortu". Hain zuzen ere, Frankismoaren errepresioa eta indarkeria zeinek sufritu zituzten "izen-abizenekin" ezagutu nahi du Aranzadik, "biktima guztiak identifikatu" ahal izateko. 

Aurretik, gaiari lotutako hainbat liburu ditu argitaratuta udalak, eta material hori aztertu dute erakundea osatzen duten alderdiek. "Alderdiok elkarrekin egin dugu lanketa. Esku artean genuen dokumentazio guztia Gogora institutura bidali genuen, eta haiek hainbat gomendio helarazi zizkiguten", jakinarazi du zinegotziak. Ildo horretan, Bucesek adierazi zuen elkartea ez dela hutsetik hasiko proiektua egiten, "lan asko" egina baitago. 

Datuak egiaztatzea izango da elkartearen aurreneko lanetako bat, eta horretarako, tokiko, lurraldeko eta estatuko artxiboetara zein artxibo militarretara joko dute. Biktimen fitxak egingo dituzte gero, zehaztuz bakoitzak zer eskubide urraketa jasan zuen eta zein diren hori frogatzen duten elementuak. 

Proiektua osatzeko garaian, dokumentazio historikoaz gain, berebizikoak izango dira herritarren testigantzak ere. Hain zuzen ere, sustatzaileen helburua da "ahalik eta testigantza gehien" biltzea, jakin badakiten arren garai hura bizi izan zuten "asko" hilda daudela. "Oinordekoak, ordea, gure artean daude, eta etxean gordetzen dituzte pasarte horiek", azpimarratu du Mendizabalek. Ildo beretik hitz egin du Bucesek ere: "Proiektua ondo atera dadin, herritarren laguntza behar dugu: testigantzak, oroitzapenak, argazkiak... ezinbestekoak dira. Izan ere, guztia ez dago artxiboetan; esaterako, emakumeen aurkako errepresioa edota estigmatizazio sozialaren gaineko froga dokumentaturik ez dago; oroitzapenetan dago hori. Denbora asko pasatu da, baina senideek gordetzen duten oroitzapen hori berreskuratu behar dugu". 

Ildo horretan, hainbat udalerrik memoria historikoa lantzeko hautua egin izana goraipatu du ikerlariak: "Etapa hori ixteko ari gara lanean, Espainiako gerraren eta Frankismoaren aurreneko urteen erradiografia egin eta gutxienez erreminta bat izan dezagun jakiteko nortzuk sufritu zuten errepresio hori". 

Oroimen bulegoa, ekainean

Herritarrek informazioa emateko nahiz eskatzeko, harremanetarako hainbat bide jarri ditu erabilgarri Aranzadik, eta besteak beste, oroimen bulegoa irekiko dute Azoka Plazan. Ekaineko ostegunetan zabalduko dute bulegoa, hain zuzen ere, hilaren 9an, 16an, 23an eta 30ean, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara artean. 

Posta elektronikoz (memoria@aranzadi.eus) edo telefonoz (943-46 61 42) ere jar daiteke elkartearekin harremanetan. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide