Etzi, asteartea, itxiko da I. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketara lanak aurkezteko epea. Azkoitian hitanoaren erabilera sustatzeko, eta, bereziki, nokaren –emakumeei zuzentzeko erabiltzen den hitanoa– galerari aurre egiteko Hike Eizan egitasmoa aurkeztu zuten ia urtebete duela, eta proiektu horren barruan dago kokatuta lehenengo bertsopaper lehiaketa.
Izena ematen dion egitasmoaren ildotik, "hika edo hitanoa bertsogintzan ere erabiliz, hika hizkerari oro har bultzada ematea" da lehiaketaren helburua. Nahi duen herritar orok du idatzitako bertsoak lehiaketara aurkezteko aukera. Antolatzaileek bi maila bereizi dituzte, gazteena (18 urte artekoak) eta helduena (18 urtetik gorakoak), eta horien arabera banatuko dituzte lehiaketak emango dituen sei sariak. Gazteen sailerako 250 eta 125 euroko bi sari ezarri dituzte, helduenerako 500 eta 250 euroko beste bi sari, eta horiez gain, Azkoitia izeneko sari bana gazte (150 euro) zein helduentzat (300 euro). Hike Eizan! egitasmoaren lantaldeko bi kidek eta Erniarraitz bertsozale elkarteko beste bik osatuko dute epaimahaia.
Bertsoen gaia, neurria eta doinua libreak dira, baina guztiak hitanoan idatzita egon beharko dira; halaber, noka idatzitakoak "baloratu" egingo ditu epaimahaiak. Lehiakideek nahi adina bertsopaper aurkez ditzakete; gazteek gutxienez sei bertsorekin osatu behar dituzte horiek, eta helduek gutxienez zortzirekin. Lehiaketara aurkeztutako bertsoak "jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta inon saritu gabeak" izan beharko dira. Egileek ezizenarekin sinatu behar dituzte bertsopaperak, eta izen-emate orriarekin batera aurkeztu, udaletxeko harrera bulegoan, aurrez aurre, postaz edo telematikoki.
I. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketaren oinarriak udalaren Azkoitia.eus webgunean kontsulta daitezke. Informazio gehiago nahi dutenek, berriz, euskara@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzi edo 943-85 71 75 telefono zenbakira dei dezakete.