Euskal presoen urrunketarekin "behingoz" amaitzea eskatu du Sare Herritarrak

Andoni Elduaien 2022ko mai. 28a, 10:24

Ohi bezala, herriko plaza nagusian egin zuten elkarretaratzea. (Sare Herritarra)

Hileko azken ostiraleko elkarretaratzean aldarrikatu du Sare Herritarrak euskal presoen urrunketarekin amaitzea. "Euskal presoen aurka" mantentzen den espetxe salbuespenarekin "behin betiko amaitzeko borondate politikorik ez" dagoela adierazi zuen Sare Herritarrak.

Atzo, ostirala, Sare Herritarrak deitutako maiatzeko elkarretaratzea egin zuten dozenaka lagunek herriko plazan. Euskal presoen urrunketarekin "behingoz" amaitzea eskatu zuen plataformak. "Gezurra dirudi aspaldi atzean geratu behar izan zuten kontuengatik mobilizatzen jarraitu behar izatea. Oso nekatuta gaude; bi urteko pandemiatik gatoz, espetxeetako inkomunikazioak eragin handia izan du, eta, batez ere, nazkatuta gaude, estatuak barrez ari baitira, ez bakarrik presoez, baita erbesteratuez, deportatuez eta haien senideez ere; euskal herritarrez barre egiten dute, eta ez dute gizarte honen gehiengoaren borondatea errespetatzen", nabarmendu zuten plazan egindako ekitaldian.

Espainiako Estatuaren aldetik, "euskal presoen aurka" mantentzen den espetxe salbuespenarekin "behin betiko amaitzeko borondate politikorik ez" dagoela adierazi zuen Sare Herritarrak. Era berean, bestelako salaketak ere egin zituen plataformak, hala nola presoei espetxe lege arrunta aplikatzea blokeatu izana, gaixotasun larriak dituzten presoak espetxean mantendu izana, Frantzian betetako kondenak ez batu izana eta 40 urteko zigorrak ezarri izana. "Egoera odoltsu horiekin amaitzea ez da onura bat euskal presoentzat. Inoiz ez zaie mesederik egin, alderantziz". Halaber, azpimarratu zuten euskal presoentzat ez dela "dispertsioaren eta urruntzearen zikloa behin betiko itxi". 

Egun, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) 65 presok jarraitzen dute Espainian urrunduta, eta hemeretzi dira Frantziako Estatuan daudenak. "Espetxe periferikoetan eta urrun dauden beste espetxeetan daude preso horiek. Kontrakoa dirudi, baina Estremaran, Salamancan, Leonen, Palentzian, Asturiasen, Darocan, Zueran eta Sorian [Espainia] euskal presoak daude oraindik. Hori da errealitate krudel eta lotsagarria, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak espetxe-politika aldatuko zuela iragarri zuenetik lau urte igaro direnean, indarkeria armatuaren zikloa amaitu ondoren". Gogorarazi zuten, bide batez, urtebete lehenago euskal ordezkaritzaren eta Frantziako Justizia Ministerioaren arteko negoziazioek Lannemezanera eta Mont de Marsanera (Frantzia) eraman zituztela presoak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide