Azkoitiko Udalak I. Kultura Saria Sahatsa taldeari emango dio gaur. Nola jaso duzue berria?
JUAN LUIS LIZABE: Guretzat oso pozgarria da jendeak gugan halako iritzia izatea. Kultura Saria guretzako bultzada da lanean jarraitu ahal izateko.
PELLO LARRAÑAGA: Beste edozeinek ere mereziko luke saria. Itxura denez, galdetegia egin zenean, gure izena atera zen, eta Kultura Sariaren batzordeak erabaki zuen saria Sahatsari ematea, besteak beste, dantza taldeak lanean daramatzan urteak kontuan hartuta. Gustura hartu dugu berria, beste edozeinek hartuko lukeen bezala.
1976. urtean sortu zen Sahatsa, Urrestillan. Nolakoak izan ziren taldearen hastapenak?
P.L.: Urrestillako gazteek bazuten egonezin bat euskal dantzekiko eta folkloreakiko, eta Azkoitiko erretore Felix Azurmendi han zegoen garai hartan; hura gazteekin asko ibiltzen zen. Trintxerpeko eta Pasai San Pedroko (Gipuzkoa) dantza taldearekin harremana zuen hark, eta hango maisu batzuk eraman zituen Urrestillara dantzak erakustera. Ahoz aho, Azkoiti-Azpeitira zabaldu zen taldea.
J.L.L.: Urrestillako gazteek ateak zabaldu zizkioten bailarako beste herritarrei, eta Azkoiti-Azpeitiko orduko gazte asko batu ginen hara. Horrek aukera eman zigun taldea osatzeko, eta 1977. urtean Azpeitiko Ikastolaren aldeko lehen emanaldia eskaini genuen Loiolan.
Nola gogoratzen duzue Loiolan egindako lehen emanaldi hura?
J.L.L.: Oso emozionantea izan zen. Dantza egitera atera aurretik ikustea han denak dantzariz jantzita, ikurrinekin… Urduri geunden, baina oso hunkituta.
Nolakoa izan da taldearen bilakaera hasi zenetik hona?
J.L.L.: Dantza taldeetan ibilbidea ziklikoa izan ohi da, eta batzuetan jaitsiera eta jende falta egon ohi da. Baina guk esan dezakegu hasiera-hasieratik hor mantentzen garela urte askoan. Loiolako lehen emanaldia eta gero, inguruko auzoetan hasi ginen emanaldiak eskaintzen: Aratzerrekan, Matxinbentan… Urte batzuk geroago, jaialdietara joaten hasi ginen.
P.L.: Jaialdietara joaten hasi baino lehen emanaldi garrantzitsuak ere egin genituen. 1980-81 urteen inguruan, Azkoitian emanaldi bat eskaini genuen abesbatzarekin eta musika bandarekin batera. Eta gero sortu zitzaigun kanpora joateko aukera, beste era bateko saioak egiten hasi ginenean, hain zuzen.
J.L.L.: Oso harrera ona izan dugu jaialdietan. Gehiena hunkitu gintuena Suitzan egindakoa izan zen. Txalo mordoa entzuten genituen, eta ekitaldia amaitu zenean Espainiako enbaxadorea eta guzti jaitsi ziren zorionak ematera.
Zer-nolako esperientzia izan zen euskal dantzak atzerriko jaialdietan egitea?
J.L.L.: Ikaragarri ikasi genuen jaialdi horietan. Beste nazioetako taldeekin batera egin behar izaten genuen dantza, eta hor ikasi genuen beste hainbat talde nola antolatzen ziren eta abar. Jauzi handia egin zuen taldeak orduan. Europako hainbat naziotan barrena ibili ginen jaialdietan parte hartzen, eta gaur egun jarraitzen dugu dantza tradizionalak egiten plazetan eta herrietan, elkarlaneko emanaldiak egiten Azkoitiko eta Azpeitiko musika bandekin eta abesbatzekin, zein lan berriak gauzatzen ere bai. Orain, Sahatsa dantza taldea momentu onean dagoela esango nuke.
Euskal Herriko hainbat txokotako dantzak taularatu izan dituzue azken urteetan. Azkena, Matalaz ikuskizuna izan da. Zer-nolako harrera izan du?
J.L.L.: Ona. Emanaldia Azpeitian egin genuenean jendea gustura gelditu zen. Matalaz ikuskizuna benetako pertsonaia batean oinarrituta dago, eta uste dut, dantza horiek guk taularatzen ditugun moduan, oso ondo lortu dugula istorio hori kontatzea. Ikuskizuna beste leku batzuetara esportagarria zela esan ziguten Azkoitiko eta Azpeitiko udaletako kideek, eta ea nahi al genuen Matalaz beste leku batzuetan egin ahal izateko harremanetan jarri beste herri batzuetako ordezkariekin; nahiago genuen, ordea, hori guztia geuk kudeatu. Izan ere, jende asko gara, eta ez da erraza denok batzea. Partaideek badute konpromisoa, baina norberaren lan egoerak askotan ez du laguntzen. Orain, adibidez, Frantziako jaialdi batean parte hartzeko gonbidapena iritsi zaigu, baina uztaila beteta daukagu, eta ezetz esan behar izan dugu.
P.L.: Pastoral batean ere parte hartu genuen, duela hiruzpalau urte edo.
J.L.L.: Bai. Baionan bizi den Zuberoako jendea etorri zitzaigun, Katalina Erausoren inguruko pastorala egin nahi zutelako. Zazpi hilabete inguru pasatu genituen entseguak egiten Baionan; garai ederra izan zen. Eta haiek dantza egiteko eratik etorri zen Matalaz ikuskizuna.
Azkoitian sanandresen bueltan egin ohi duzue emanaldia. Herrian ikusten al duzue euskal dantzetarako zaletasunik?
J.L.L.: Gure publikoa, orokorrean, jende heldua izan ohi da, eta gaur egun ere esango nuke horrela jarraitzen duela izaten. Jende asko etortzen da ikuskizunetara; herritarrek ondo erantzuten dute, eta jasotzen dugun erantzuna ere ona da. Azpeitia Dantzan eta halako egitasmoetan dantza egiten hasi ginenean, aretora joaten ez den jende gaztea ere ekitaldietara etortzen hasi zen. Agian jende hori ez da ikuskizun osoa ikustera geldituko, baina bai zati bat. Bestalde, taldean dantzari aldetik ondo gabiltza; Sahatsan mutil gehiago daude neskak baino, eta garai batean neska gehiago animatzen zen dantzara.
Ildo horretatik, Sahatsaren etorkizuna bermatuta dagoela esango al zenukete?
J.L.L.: Gizartea asko aldatzen ari da, beraz, ezin dugu jakin. Hala eta guztiz ere, Sahatsaren hasierako osagaiek gaur egun ere hor jarraitzen dute. Nola aldatuko den, ordea, ez dakigu.
P.L.: Pandemiak talde hau ez du horrenbeste ukitu, baina inguruko beste talde asko desegin egin dira; guk heltzen diogu. Txistularietan, ordea, bai ikusten dugula ez dagoela urte luzerako txistularirik. Musika eskoletan jendea ez da ari txistua ikasten, baina hori ez da hemengo kontua soilik. Beraz, txistulari gazteekin bilkurak egiten ari gara, konponbidea topatzeko.
Hemendik lau urtera 50. urtemuga ospatuko du taldeak. Ezer berezirik egiteko asmorik ba al duzue data berezi horretara begira?
J.L.L.: Zerbait egingo dugu, baina oraindik ez dugu ezer prestatu. Oso aldakorrak gara. Garai bateko kideekin bost urtean behin elkartzen gara afaria egiteko, eta aurten egingo dugu 45. urteurreneko afaria, joan zen urtean ezin izan baikenuen egin. Hor neurtuko dugu jendearen gogoa. 25. urteurrena egin genuenean, adibidez, ekitaldi potoloa egin genuen.