Ez duzu jarraituko Anaitasunaren emakumezkoen lehen taldearen entrenatzaile postuan. Zerk bultzatu zaitu erabaki hori hartzera?
Garrantzitsua iruditzen zitzaidan taldean ibilbidea ondo amaitzea. Intentsitate handiko lau urte izan dira, guztia ematen aritu gara bai jokalariak, bai entrenatzaileak. Iruditzen zitzaidan goia jota nengoela taldearekin. Iaz hirugarren sailkatu ginen, aurten bigarren. Lehen postua eskuratzea falta izan zaigu soilik, baina beharrezkoa nuen atsedena, aldaketa bat. Taldearekin oso-oso ondo amaitzeko modua aurkitu dut, guztiekin harreman ona izanez. Beldur nintzen taldean urtebete gehiago eginda, jokalariak erre edo deseroso sentituko ote ziren.
Nesken taldeko ardura hartu zenuenean, bai liga eta bai taldea berriak ziren zuretzat. Sailkapenei begiratu besterik ez dago txapelketa ezagutu duzuela baieztatzeko, ezta?
Taldea hartu genuenean, liga ezezaguna zen taldearentzat, Euskal Ligara igo berriak ziren eta. Niretzat ere berria zen emakumeen arloa. Jokalariek eta entrenatzaileok elkarrekin ikusi eta ikasi dugu zer den emakumeen euskal futbola. Elkarrekin egin dugu hazteko bidea; izan ere, oso gazte eta oso ezjakin iritsi ginen taldera. Jokalarien multzoa mantendu izana da maila hobetzearen arrazoi nagusienetako bat. Eskarmentua hartu dugu, ligari eta aurkariei errazago aurre egiteko. Goi mailako euskal taldeen harrobiko taldeak izan ditugu aurkari, Reala, Athletic edo Eibar. Hain zuzen, hiru horiek lortu dute azken hiru denboraldietan mailaz igotzea.
Azken urteetako blokea mantendu duzue, baina gazteak ere ate joka datoz beheko mailetatik.
Etorkizun ona ikusten diot taldeari. Blokea mantentzeaz gain, azken urteetako bilakaeraren sekretua izan da herritik kanpo jokatzen ari ziren Azkoitiko jokalariak Anaitasunara etorri izana. Horiek ikusi dute herrian ondo ari dela lantzen emakumeen futbola, eta Anaitasunara etortzeko gogoa piztu zaie, bide batez, taldea sendotuz. Era berean, etxeko jokalariek Anaitasunatik beste talderen batera joateko aukera politak izan dituzte, baina erabaki dute etxean hobeto daudela. Klubak egindako fitxaketek ere taldea sendotzen lagundu dute.
Talde handiak izan dituzue aurkari, eta haientzat ere zuek izan zarete lehiakide zuzenenak. Zer esan nahi du horrek zuretzat?
Balio handia ematen diot, Euskal Ligako herri txikiena ordezkatzen baitu Anaitasunak. Iruditzen zait, gainera, maila honetatik gora oso koska txikia dagoela; izan ere, Realaren eta Athleticen lehen nahiz bigarren taldeetan dauden jokalariak zein Espainiako selekzioan jokatzen ari direnak gure aurkariak izan dira duela ez asko. Horregatik, meritu handia du liga honetako partaide izateak.
Nesken taldean hasi aurretik ere entrenatzaile izandakoa zara klubeko beste taldeetan.
Hiru-lau urte egin nituen mutilen kadete eta jubenil mailetan laguntzen. Entrenatzaile karguan, ordea, azken lau urteak egin ditut; izan ere, mutilen laguntzaile aritu nintzenean jokalari ere banintzen artean. Nesken taldean lau urte egin ondoren, jabetu naiz orain lehen baino gauza gehiago dakizkidala futbolaren inguruan. Asko falta zait ikasteko, baina asko ikasi dut nesken taldea zuzenduta.
Bigarren postuan amaitu duzue sasoia. Sailkapen horrek Lehen Nazionalera igotzeko ate txiki bat ireki dio taldeari.
Emakumeen futbolean, Euskadiko Futbol Federazioak ditu lizentzia gehien. Espainiako Estatuko gainerako lurralde arteko liga gehienek baino maila hobea du Euskal Ligak; izan ere, gurea ez beste liga txapelketa gehienak erregional mailakoak dira. Jauzi handia dago Lehen Nazional ligaren eta erregional mailako ligen artean. Horregatik, talde bat baino gehiagok uko egiten diote mailaz igotzeari, eta horixe da gaur-gaurkoz Anaitasunak mailaz igotzeko izan dezakeen aukera bakarra. Hala eta guztiz ere, zaila dela deritzot, kasu horretan ez baitakigu multzoak zein irizpideren arabera osatuko lituzketen. Pena da Euskal Liga eta Espainiako Estatuko gainerako erregional mailako ligak maila berean tratatzea. Bestalde, ordea, zortea ere bada, hemen maila hobea baitugu lehiatzeko.
Emakumezkoen taldea utzita, zein dira orain zure asmoak?
Buruan ez dut ezer, baina garbi dut berriz ere entrenatzea gustatuko litzaidakeela. Ohartu naiz futbola gustuko dudala eta atsegin dudala talde bat zuzentzea. Dena den, ez dut Anaitasuna utzi atzean beste zerbait dagoelako; taldea uzteko garaia iritsi zaidalako baizik. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiet jokalari eta entrenatzaile guztiei, baita jokalarien gurasoei, lagunei eta herriko zaleei ere. Horien babesa izan dugu, eta nabaritu dugu urtez urte gero eta jende gehiago joan dela Txerloira nesken partidak ikustera.