Juan Luis Zabala: "Beldurrari beldurra dion gizarte batean bizi gara"

Berria.eus 2022ko mai. 24a, 16:23

Juan Luis Zabala idazlearen irudi bat. (Andoni Elduaien)

Juan Luis Zabala idazlea elkarrizketatu dute Berria egunkarian. Mina hartzeko ere liburua kaleratu berri du azkoitiarrak, eta, besteak beste, nostalgia eta oroitzapenak ditu ardatz Zabalaren olerki liburu berriak.

Haurrak ageri dira Mina hartzeko ere liburuaren azalean (Susa), eta umetakoak dira barruko poemek gordetzen dituzten irudi eta esamolde asko. Juan Luis Zabala idazlearen lanean (Azkoitia, Gipuzkoa, 1963), bestalde, hor daude garai batean ez bezala "literaturarako bizi" ez den idazle bat, eguneroko gauza txikien edertasuna eta, batez ere, beldurra; baita beldurraren beldurra ere. Aurretik, poesian, Zabalak Hautsia natza liburua argitaratu zuen (2000), eta Ez dut nik asmatu bilduma sareratu (2017).

Ez duzu poesia askorik argitaratu, narratibaren aldean. Zer leku du zure literaturan?

Boladaka idatzi dut poesia. Neure burua psikoanalizatuta, pentsatu dut Hautsia natza izan daitekeela Galdu arte-ren [1996] eranskin poetikoa, eta Mina hartzeko ere, berriz, Agur, Euzkadi-ren [2000] eta Txistu eta biok-en [2016] eranskin poetikoa. Nobelen bidez azaleratu dudana gero poesiaren bidez azaleratu dut. Ez naiz genero bakarreko idazlea, eta ez dut erabakitzen zer idatzi modu kontziente edo arrazional batean; bulkadak dira, lehen inspirazioa deitzen zen hori. Orain ez da poetikoki zuzena inspirazio hitza erabiltzea.

Nola sortu da liburu hau?

Ez dut neure burua behartu poesia idaztera, baina molde bereko poema batzuk egiten nituen bolada bat izan nuen. Prozesu lasaia izan da, harik eta ikusi nuen arte hor bazegoela corpus bat liburu bihur zitekeena. Lehen pausoa izan zen lehiaketetara aurkeztea. Bitara aurkeztu nuen.

Zergatik?

Zure poema liburuak balio duen jakiteko modu bat da. Ez irabazteak ez dizu esaten ez duela balio, hori ikasi dut. Irabazten duenak balio du? Hori ere ez da beti izango, baina ziurtasun bat ematen dizu. Kontua da ez zuela irabazi, eta Susa argitaletxera bidali nuen. Oso pozik nago erantzunarekin. Abantailak ere baditu lehiaketa ez irabazi izanak eta argitaletxe batekin eta editore baten laguntzarekin argitaratu izanak. Liburuari mesede egin dio. Beharbada egilearen kontu korronteari ez, baina liburuari bai.

Azken urteetan, kazetari ez, baina iritzigile ibili zara prentsan maiz. Zer moduzko lana da?

Iritziarena lotura da, baina batzuetan askatasuna ere bada. Behar bat ere bai; hau da, iritziak ateratzeko plazarik izango ez banu, bilatu egingo nuke. Agian ez aldizkakotasun finko batekin, baina plaza bat edukitzea ondo dago. Gertatzen dena da aldizkakotasun hori batzuetan zama dela.

"Ezinegonean egonezina,/ iritzi bat izan nahi eta/ iritzi bat izan ezina", idatzi duzu Iritzi ezina poeman.

Batzuetan, gai bati buruz idatzi beharra sentitzen duzu, eta ez daukazu iritzi garbirik. Ni beti izan naiz nahiko zalantzatia iritzietan, eta uste dut, gainera, gero eta zalantzatiago nagoela. Iruditzen zait badaukadala ahalmena jendeak esaten duena ulertzeko. Ulertzeko, bi zentzutan: ulertu, entenditu, eta, gainera, horrekin enpatizatu, nahiz eta iritziarekin bat ez etorri. Horren alde txarra da azkenean zuk ez daukazula iritzi garbirik, zeren dena ulertzen duzu, eta denari ematen diozu nolabaiteko zilegitasuna. Zalantza ondo dago, beharrezkoa da, baina zalantza egoskorkeria modu bat ere izan daiteke. Dena zalantzan jartzea ezer ez esatea izan daiteke.

Irakurri elkarrizketa osorik Berriaren webgunean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide