Klik!

Kurutzia, tomate etxea

Andoni Elduaien 2022ko eka. 21a, 09:00

Azkoitiko San Martin auzoan dago kokatuta Kurutzia baserria. Betidanik baratzegintzan aritu dira etxe horretan, bertako produktuak egunero-egunero landuz. Barazki eta fruitu ugari lantzen badituzte ere, ezagunak dira herrian han sortzen dituzten tomateak.

Tomatea, maiatzetik abendura

Tomate landarea lurrean landatzen dute, eta ondoren, goraka behar bezala hazi dadin, bakoitza bi lokarrirekin lotzen dute sabaira. Otsailetik uztailera bitartean, hilabetez hilabete egiten dituzte landaketak, udazkenaren amaieran ere tomatea izan dezaten. Prozesuan, tomate landareak zaintzea egokitzen zaie baserritarrei; izan ere, bakoitzari kimuak kentzen pasatzen dituzte egun eta ordu gehienak. Tomate landareak kalez kale dituzte banatuta negutegietan, eta bakoitzak bere ur tutu malgua du, landareek ura jaso dezaten.

Lurra prestatu eta landatu

Lurra prestatzen dute lehenik. Lurra harrotu eta untxien zimaurrarekin ongarritzen dute. Behin hori eginda, lurra lantzeko makinekin nahasten dute guztia, eta horrela, lurra berrituta gelditzen da. Tomate landarea Kantabriako (Espainia) landarezale batek ekartzen die etxera, eta Kurutzia baserrikoek landatu egiten dute.

Erleak eta zomorroak

Landareari lorea zabaltzea da tomate alea sortzeko lehen urratsa, eta lore horiak hazitakoan, erleak zabaltzen dituzte negutegietan, horiek tomate loreak polinizatu ditzaten. Gainera, ekoizpen integratuaren barruan lan egiten dute Kurutzia baserrian. Landareetan sortzen diren zomorro izurriei aurre egiteko, mamorroak eramaten dituzte negutegietara. Modu ekologikoan lan egiten ez badute ere, ahalik eta tratamendu gutxien erabiltzen saiatzen dira.

Negutegietako tomateak dira

Kurutzia baserrian tomateak landatzeko bi negutegi dituzte, nahiz eta baratzeko beste produktu batzuentzako beste bi ere badituzten. Negutegi handiena 3.000 metro koadrokoa da, eta otsailetik, 2.200 tomate landare dituzte han sartuta. Tomate landarez betetako bigarren negutegia 800 metro koadrokoa da, eta han 650 landare landatu dituzte. Landare bakoitzak, ordea, bi adar ematen ditu, eta horregatik, lortzen duten fruitu kopurua bikoitza da. Ondorioz, gaur-gaurkoz 6.000 tomate landare dituzte landatuta baserrian.

Lau-bost hilabeteko prozesua

Otsailean landatu zituzten lehen landareak, eta gizakiaren garaiera ingurura iristen direnean, zuhaitzaren puntak moztu egiten dituzte, beheko tomate landareek eguzki izpiak behar bezala jaso ditzaten. Horrela, tomatea pixkanaka heltzen joaten da. Eguraldiak laguntzen badu, maiatzean jasoko dute lehen tomate uzta.

Gorritutakoan, jaso

Tomateak kolore gorrixka hartzen duenean haste dira lehen aleak biltzen. Halere, gorri-gorriak izan baino lehen jasotzen dituzte. Bezero bakoitzaren gustua egitea zaila izaten denez, badaezpada ere hobe izaten da garaiz ibiltzea.

Azoketan eta dendetan

Bilketa egindakoan, maiatzetik azarora bitartean azoketan eta inguruko herrietako dendetan saltzen dute tomatea Kurutziakoek. Produktuen salmenta zuzena egiten dute Gipuzkoako hainbat azokatan. Hain zuzen, astearteetan Azpeitiko azokara joaten dira, tomate garaian; asteazkenetan, Ordiziara; ostegunetan, Urretxura; eta larunbatetan, Tolosara nahiz Zumarragara.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide