Zortzi urterekin iritsi zen Khizar Shahid Azkoitira (Kamoke, Pakistan, 2005). Pakistandarra da jaiotzez, eta bizitzako lehen urteak Xàbian (Alacant, Herrialde Katalanak) egin ostean, Euskal Herrira lekualdatu zen. Ordutik Azkoitian bizi da, eta euskaraz hitz egiteko duen abilezia berbera erakutsi du idazteko, 16 urterekin, iaz, lehen liburua idatzi baitzuen. Liburua, besteak beste, bere bizitzaren islada dela dio Shahidek.
Ia urtebete igaro da Lon y el despertar del nuevo King of Mean liburua argitaratu zenuenetik. Zer sentsazio duzu?
Liburua idatzita, nire burua isladatu nahi nuen, eta, egia esan, lortu dut. Zazpi hilabete inguru pasatu dira liburua argitaratu nuenetik, eta orduan nituen oztopo pertsonal batzuk gainditzea lortu dut. Liburu horrek ez du oraingo nire egoera definitzen, eta orain bigarren zati bat idazten ari naiz. Lan horretako Ecos del pasado kapituluan Azkoitira etorri nintzeneko garaia aipatzen dut: zer-nolako arazoak izan nituen lagunak egiteko, nola sentitu nintzen eta zer jarrera hartu nuen horri aurre egiteko. Atal hori oso dentsoa da, sei kapitulutan dago banatuta, eta horietako bakoitzak bere ideia nagusia du.
Zein da istorio horren muina?
Obrak bi oinarri ditu. Alde batetik, liburuaren beraren sorrera, eta, bestetik, King of Meanen sorrera. Liburuaren sorrera 2020ko uztailean izan zen, Amino plataformako fanfic lehiaketa batean parte hartu bainuen. Ez nekien zerri buruz idatzi, baina barrutik ateratzen zitzaidan imaginazio horri heldu nion. Bi kapitulu idatzi nituen, eta jada ez nekien nola jarraitu istorioarekin; beraz, fanfic bat nola egin azaltzen zuen publikazio bat irakurri nuen. Momentu horretan bizitzen ari nintzena oinarri hartuta, zortzi pertsonaia sortu nituen, eta horiei King of Mean deitzen diet. Niretzako pertsonaia idealak dira, eta horietako bakoitzean nik eduki nahi nuen zerbait ikusten nuen. Pertsonaia guztiak liburuetatik eta telesailetatik ateratakoak dira.
Hain justu, lana hainbat libururen eta telesailen crossover bat dela diozu zure webgunean. Zeintzuk izan dira zure erreferentzia nagusiak?
Beyhadh-etik Maya pertsonaia aukeratu dut, Desafío Champions Sendokai telesailetik Lon eta Chronam-Yatt, Code Lyoko telesailetik William, Steven Universe pelikulatik Espinela, Enredados telesailetik Cassandra, Descendientes 3 filmetik Audrey eta Bakugan Battle Brawler telesailetik Masquerade.
Liburu fisikorik ez duzu argitaratu, baina atal guztiak eskuragarri jarri dituzu webgunean. Garai berrietara egokitzen ari garen seinalea al da hori?
Badut asmoa liburua euskarri fisikoan argitaratzeko, baina ezingo nuke saldu egile eskubideen kontuagatik; ezin dut hortik etekin ekonomikorik atera. Hala ere, niretzako eta oparitu nahi diedanentzako argitaratuko dut liburu fisikoa.
Istorioko pertsonaien irudiak zuk zeuk egin al dituzu?
Ez, hiru artista kontratatu nituen horretarako. Marrazkiak egiten oso txarra naiz; liburuaren azala egiten saiatu nintzen, baina ez nuen horrekin aurrera jarraitu. Halere, oraindik ere gordeta ditut probak, eta making-of dokumentalean argitaratuko ditut.
Eta liburuko kapituluak independenteak al dira?
Batzuk bai, eta besteak, ez. Ecos del pasado kapitulua, esaterako, besteak irakurri gabe ere irakur zenezake, eta gauza bera gertatzen da Paraíso e Infierno atalarekin. Dena den, nik liburua hasieratik irakurtzea gomendatzen dut.
Zure lanean agertzen diren zatietariko batzuk autobiografikoak dira. Nola sentitu zara horiek idazterakoan?
Nire hasierako ideia ez zen nire burua liburuan isladatzea, baina bai Lon protagonistak eta biok komunean zerbait izatea. Pixkanaka-pixkanaka, denbora eta istorioa aurrera joan ahala, ni nolakoa naizen onartzen hasi nintzen, eta besteen iritziengandik apartatu nintzen. Behar nuen nire burua Lon pertsonaian isladatuta ikustea. King of Mean niretzat ideala da, eta horra iritsi nahi nuen.
"Asmoa dut liburua fisikoki argitaratzeko, baina ezin dut saldu egile eskubideengatik"
Zer-nolako antzekotasuna dute, beraz, Lonek eta Khizarrek?
Fisikoki outfit-ak partekatzen ditugu, eta, pertsonalki, bakardadearen aurrean nola sentitu diren, zer jarrera hartu duten egoera horren aurrean eta abar. Liburuaren amaieran Lonek bere helburua lortzen du, eta bere eskuetan du besteak suntsitzeko aukera, baina ez du egiten. Bizitako guztiak ikuspuntu berri bat ematen dio, eta hori da momentu horretan nik isladatu nahi nuena.
Liburuan mezu psikologikoak daudela ere badiozu. Nolakoak?
Ecos del pasado kapituluan, adibidez, gauza asko ageri dira. Atal horretan antsietateaz, depresioaz eta bullyingaz hitz egiten dut, baita norberak bere burua ez maitatzeaz eta norberaren iritzia besteengan oinarritzeaz ere. Horrez gain, Paraíso e Infierno zatian mundu honek nola funtzionatzen duen ageri da; boteredun pertsonek besteak nola zapaltzen dituzten boterea lortzeko eta zapaldu horiek nola borrokatzen duten beren eskubideak lortzeko. Pertsonaia bakoitzaren istorioak mezu bat du.
Nolakoa izan da zuretzat obra honen sormen prozesua?
Ez nuen espero horrelakoa izango zenik. Nire hasierako asmoa lanaren zati bat Amino plataforman publikatzea zen, baina erabiltzaile batek esan zidan liburua idatzi beharko nukeela, istorioa ona iruditu baitzitzaion. Ez nuen uste liburu bat idatziko nuenik, baina pixkanakapixkanaka horretan hasi nintzen. Ez nuen argi non argitaratuko nuen, eta hainbat aukera aztertu nituen; azkenean, igande arratsalde batean saltseatzen ibili ostean, Google Sites topatu nuen. Ez nekien ezer gune horren inguruan, baina apurka-apurka webgunea informazioz osatzen joan nintzen.
16 urte zenituen lana idazten hasi zinenean. Ez da ohikoena zure adinean liburu bat argitaratuta izatea. Betidanik izan al duzu gustuko idaztea?
Betidanik gustatu izan zait imaginatzea eta amestea, baina ez idaztea. Eskolan, esaterako, idazlanak egiterakoan beti fantasiazko gauzak idazten nituen. Orain arte, ordea, inoiz ez nintzen hasi istorio bat sortzen.
"Betidanik gustatu izan zait imaginatzea eta amestea, baina ez idaztea"
Kasu honetan fanfic bat egin duzu, baina ba al duzu asmorik zeure pertsonaia propioak dituen istoriorik idazteko?
Lonen mundu hau trilogia bat izango da, baina trilogia hori ezin izango dut saldu egile eskubideengatik; beraz, pertsonala izango da. Horretaz aparte, baditut beste istorio batzuk ere buruan, baina ez dakit horiek noiz gauzatuko ditudan.
Gazteleraz idatzi duzu lana. Ba al duzu etorkizunean euskaraz ezer argitaratzeko asmorik?
Bai. Gustatuko litzaidake euskaraz eta ingelesez ere zerbait publikatzea. Horrek, ordea, lan handia eskatzen dit, eta momentu honetan nire intentzio nagusia gauza berriak sortzen joatea da. Dena den, bizitzako beste momenturen batean eta besteen laguntza dudanean, saiatuko naiz bai euskaraz eta bai ingelesez zerbait sortzen.
Irakurleen ekarpenak jasotzeko gune bat egokitu duzu webgunean. Nolakoak izan dira orain arte jaso dituzun iritziak?
Bi motatakoak izan dira. Alde batetik, igartzen da iritzia eman duten pertsona horietako askok ez dutela beharbada gaitasun handirik iritzi luzeak idazteko; gazteak, esaterako, ez dira hasten paragrafo luzeak idazten. Garatutako ekarpen oso gutxi jaso ditut; hala ere, nahiago dut zerbait jasotzea ezer ez jasotzea baino. Bestalde, bookstagrammer-en 28 ekarpen jaso ditut. Iritzi horiek guztiak positiboak dira, nahiz eta gauza negatiboak ere azaltzen dituzten. Normala da hori, liburua ez baita perfektua, eta inoiz ez da perfektua izateko sortua izan.
"Liburua ez da perfektua, eta inoiz ez da perfektua izateko sortua izan"
Zer eskatuko zenieke liburua oraindik ere irakurri ez duten horiei?
Gustatuko litzaidake denek liburua irakurtzea, ez famatua izan nahi dudalako, liburu horren bitartez gauza asko kontatzen ditudalako baizik. Pertsona guztiek esperantza izan dezaten lortzea nahi dut liburu honen bitartez, bizitzako une batzuetan gaizki pasatu eta zure burua gorrotatu arren, barruan dugulako dena gainditzeko boterea. Uztailetik aurrera saiatu nintzen liburua azkoitiarrei zabaltzen, eta azkoitiar asko sartu dira webgunera. Horrek hazten laguntzen dit.