Atzera begira

Mende osoko historia, bizirik

Ane Olaizola 2022ko eka. 20a, 09:29

BegoƱa Azpiazu eta Luis Fernandez, farmaziaren aurrean.

Saltokira sartu orduko ohartzen da bat ez dela edonolako komertzioa; historia luzea duela, eta oraindik orain, bizirik dagoela. Hara sartu orduko ohartzen da bat saltokiak bere sustraiak iltzatuta dituela, belaunaldien arteko joan-etorriaren lekuko bihurtu dela. Azpiazu botika da. Herriko aurreneko farmazia izan zenak ehun urte bete berri ditu, eta mende osoko historia bizkarrean, haren ardura izan duen familiak negozioaren lekukoa eskutik eskura jakin du eramaten.

Gaur-gaurkoz, familiako hirugarren belaunaldia den Begoña Azpiazuk kudeatzen du botika, eta haren seme Luis Fernandez ere bertako langile da. Izan ere, ezbairik gabe, botikarien familia da saltokiari izena ematen diona, eta horren erakusgarri da farmaziaren atzealdean txukun-txukun jarrita duten orlen sorta: Joaquin Azpiazu sortzailearena, haren seme Joaquin Azpiazurena, haren alaba Begoña Azpiazurena eta haren seme Luis Fernandezena. Aitortu dutenez, ez zekiten aurten botikaren mendeurrena zenik, eta Juan Bautista Mendizabal herriko kronistak eman zien horren berri. Sortze egunaren berri ez, baina ama-semeek badute botikaren hastapenen berri: "Aitonak Madrilen egin zituen Farmazia ikasketak, eta ondoren Valdecillan (Espainia) eta Zarautzen (Gipuzkoa) aritu zen lanean. Bien bitartean, aitonaren lagun batek lan egiten zuen Azkoitiko botikan, eta hark negozioa eskualdatu zuenean hartu zuen aitonak botikaren ardura", azaldu du Begoñak.

Haren hitzetan, garai hartan botikak prestatzea zen botikariaren jarduna. Aitonak horretarako hainbat gailu zituen farmaziaren atzealdean prestatuta zuen laborategian, hala nola motrailuak, balantzak eta mikroskopioak. "Poteetan osagai aktiboak gordetzen ziren, eta herritarrak hara joaten ziren medikuak agindutako errezetarekin. Aitonak, errezeta horietan oinarrituta, osagaiak hartu eta motrailuarekin sendagaiak prestatzen zituen. Garai hartan, guztia prestatu egiten zen". Hark adierazi duenez, orduko farmaziak ez zuen egungoarekin zerikusirik: "Aitonak burua altxatuko balu, ez luke egungo funtzionamendua erreala denik sinetsiko".

"Gazterik" hil zen farmaziaren hastapenean aritu zen botikaria; 62 urterekin. Orduan, aitaren izen-abizen berberak zituen semeak hartu zuen negozioaren ardura, Joaquin Azpiazuk. Botikaria ez ezik, analista ere izan zen Azpiazu, eta haren alabak ondo gogoan du aitak nahiago izaten zuela bigarren zeregin horretan aritzea. "Ez zitzaion gustatzen farmaziaren aurrealdea, batez ere analisiak egiten jardun zuen. Uren analisiak-eta egiten zituen, eta herriak batez ere jardun horregatik ezagutu zuen aita. Izan ere, bailarako analista bakarra zen, eta inguruko herritarrak harengana joaten ziren analisiak egitera". Askotariko azterketak egiten zituen hark, eta esaterako, haurdun al zeuden jakiteko ere, harengana jotzen zuten emakume askok. Begoñak gogoratzen duenez, egun "pentsaezina" den moduan ebazten zuen aitak emakume haiek haurdun zeuden edo ez: "5 bat urte izango nituen orduan. Gogoratzen naiz berogailu baten ondoan igel ugari izaten zituela aitak, eta emakumeek eramandako pixa igelei injektatzen zien hark. Uste dut igelak arrautzak jartzen baldin bazituen, emaitza positiboa izaten zela. Sinestezina dirudi, baina garai hartan, hura zen emakumea haurdun zegoen edo ez jakiteko modu bakarra".

Joaquin Azpiazu aurreneko botikariaren mikroskopioak, farmaziaren atzealdean.

Horrez gain, etxetik mugitu ezin zuten baserritarrengana joaten zen Azpiazu sendagaiak eramatera, baita komentuetara ere: "Aitak beti esaten zuen hura zela klausurako moja-etxera sar zitekeen gizonezko bakarra", esan du, barrez. Fernandezek ere gogoratzen ditu aitonak kontatzen zituen anekdotak, eta presente du botikaren atzealdeko haren irudia. "Bere ondoan egoten nintzen, kremak nola egiten zituen ikusten". Semeak esanari, zera erantsi dio amak: "Ikaragarri gustatzen zitzaion lan hori; osagai aktiboak hartu, pisatu eta nahasketak egitea". Joakin Azpiazu aita-semeen ondorengo bi belaunaldiek "edan" dute etxean ikusi duten horretatik, eta argi dute beren aurrekoak botikariak izan ez balira, beraiek ere ez zuketela ogibide hori ikasiko. "Zortea izan dut aita botikaria izan zelako. Oso langilea zen, eta eredu ona izan da niretzat", adierazi du Begoñak.

Oroitzapenak ikusgai

1960ko hamarkadan eraikinean izan zen sute baten eraginez, Kale Nagusiko beste eraikin batera lekualdatu behar izan zuten farmazia hainbat hilabetez. Ezbeharrak kaltetutako eraikina bota behar zutela eta, farmaziaren sabaian zegoen margolana galdu egin zuten: "Aingeru batzuk zeuden margotuta, oso polita zen", gogoratu du Begoñak. Dena den, oroitzapenez betetako botika da Azpiazu, saltokian hastapenetatik ziren hainbat altzarik eta objektuk bere horretan segitzen baitute oraindik ere: kanpoaldean dagoen Azpiazu errotulua duela ehun urteko berbera da; mostradorearen atzealdean dagoen altzari ikusgarria ere botikaren sorrerakoa da; farmaziaren sortzaileak erabiltzen zituen mikroskopioek zein poteek leku berean, laborategian, jarraitzen dute, baita sortzailearen semeak baserrietara joateko erabiltzen zuen maletatxoak ere. Beste altxor bat ere bada bezeroen begi bistan, zer den inork gutxi jakingo badu ere: Joakin Azpiazu lehen botikariak ateratako tenia zizare parasitoa kristalezko pote batean, formoletan blai.

"Farmaziak asko aldatu dira –azaldu du Fernandezek–. Egun, bezeroentzako zatia handia izaten da, eta botika-ostekoa, berriz, oso txikia, geroz eta gutxiago erabiltzen delako. Lehen, alderantziz izaten zen, laborategiko lan asko egiten zelako. Gure farmazian, ordea, atzealdeko eremua mantendu egiten da". Izan ere, ama-semeek ez dute zalantzarik farmaziek azken urteetan "bilakaera handia" izan dutela esaterakoan, eta adierazi dute ordenagailuaren etorrerak "iraultza" eragin zuela haien funtzionamenduan. "Ordenagailuek oso azkar irauli zuten farmazien funtzionamendua, sendagaiei, eskaerei zein botiken harrerei zegokienez", azaldu du Begoñak. "Lehen, botiken eskaerak liburutxo batean apuntatzen genituen, banan bana. Eskaera egin eta hurrengo egunean jasotzen genituen horiek. Orain, egunean bitan jasotzen ditugu, eskatu eta ordu batzuetara". Egun, zerbitzu "azkarra eta hobea" ematen dutela adierazi dute, horretan "asko lagundu" baitie digitalizazioak. Baina txanponaren bestaldeari begiratuta, hein batean gertutasuna galdu dutela ere uste dute. "Lehen, bezeroak farmaziara sartu eta sendatuta irteten zutela esaten zen; bestelako miresmen bat zioten botikariari", dio Fernandezek.

Fernandez, bere birraitonak erabiltzen zituen poteei begira.

Urte zailak ere igaro ditu, ordea, Azpiazu botikak, eta amasemeentzat "oso gogorrak" izan dira COVID-19aren pandemia urteak. "Bat-batean etorri zen birusa, eta ezin genuen kalera irten... Jende asko ez zen osasun zentroetara joatera ausartzen, eta farmaziara etortzen zen, guk ez baikenituen ateak itxi. Izan ere, anbulatorioek ez zuten aurrez aurreko arreta eskaintzen; oso desegokia izan zen hori. Gogoratzen naiz 80 urteko agure bat etorri zitzaidala bizkarrean oso itxura txarra zuen grano batekin. Mugikorrarekin argazkia atera eta bidaltzeko esan zion sendagileak. Negargurea eman zidan". Izurriari aurre egiteko material eskasiak, berriz, "zoramena" eragin ziela adierazi du hark: "Hasieran eskularruak eskatzen zituzten, ondoren musukoak, gero antigeno testak... Eta ez baldin bagenituen, haserretu egiten ziren herritarrak; jendeak antsietate handia zuen".

Farmaziak "lehen lerroan" egon direla uste dute bi botikariek, jakin badakitelako herriari "zerbitzu publikoa" eskaintzen dietela. Geroa ere bide horretan ikusten dute ama-semeek, beti ere garai berrietara egokituta. Izan ere, sustraiak ahaztu gabe, aurrera egin nahi dute: "Herritarrek gero eta gehiago eskatzen dute, eta atzean geratzen bazara, jai duzu".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide