Azkoitiar askok oroituko dute Ana Garmendia (Azkoitia, 1956) Kale Nagusian dagoen La Fuente de la Fortuna loteria administrazioaren kristalaren atzealdean; izan ere, 30 urtez jardun du han lanean, loteria, bonoloto eta bestelako joko guztien bitartez herritarrei ilusioa banatu nahian. Zoriak pisu handia duen, eta hein handi batean, ezezaguna den munduan, administrazioaren arduradun kargua hartu zuen Garmendiak 2015ean, ordura arteko ugazaba zendu zenean. Hiru hamarkadaren ondotik, erretiroa hartu berri du.
Atzera begiratzeko eskatuta, Maria Lurdes Kintelaren izena –administrazioaren hasierako jabea– etorri zaio gogora Garmendiari. Azkoitian loteria administrazioa irekitzeko baimenak eskatu zituen hark, eta horiek eskuratuta, ateak ireki zituen La Fuente de la Fortunak. Garai hartan, ordea, loteriaren salerosketa ez zen telematikoa, eta dena eskuz egin eta apuntatu beharra zegoen. Jabeak, orduan, lagun batzuen alabari laguntza eskatzea erabaki zuen: Garmendiari. "Etorkizunera begira ezer garbirik esku artean ez nuenez, harekin lanean hasteko eskaintza iritsi zitzaidan", adierazi du Garmendiak. Haurra zenean lan horretan arituko zela esan izan baliote, ez zukeela sinetsiko adierazi du azkoitiarrak, baina ez da damutzen hartutako erabakiaz: "Bizitzak horrelako aukerak aurrean jartzen dituenean, aprobetxatu egin behar dira, eta horixe egin nuen".
Arduradun postuari dagokionez, honako hau adierazi du Garmendiak: "Konpromiso handia eta tentsio uneak eragin ditzake karguak, baina oso gustura jardun dut". Hain zuzen ere, ondo gogoan du tentsio handiko gertaera bat: "Herriko emakume batek loterian botatako diruarekin izandako gaizki ulertu baten ostean, ondoren erosi nahi zuen loteria ez ordaintzea erabaki zuen, nahiz eta berez ordaintzea zegokion". Garmendiaren esanetan, bere ogibideak jendearekin hartu-eman handia izatea eskatzen du, eta herritar asko ezagutu ahal izan du horri esker. Hark kontatu duenez, askotariko bezeroak dauden bezala, egindako akatsak ere askotarikoak izan daitezke: "Abonatu baten boletoa beste bati eman eta kaltetuari deskuidatu egin garela esan beharrak tripako mina sorrarazi digu". Horrez gain, Gabonetako zozketaren bueltan pilatzen zaio lan karga handiena. "Tentsio handiko uneak dira, salmentako egunak zein sariak ordaintzekoak; izan ere, diru ugari ibiltzen da bueltaka. Hain zuzen ere, horixe izan da jubilazioa atzeratzearen arrazoietako bat; izan ere, jakin banekien administrazioa oso esku onetan zegoela, baina lan karga oso handia zen".
Tentsioa eta erantzukizunak alde batera utzita, ogibideak duen alderdi goxoenari begira jarri da Garmendia, eta une horretan bertan ohartu da alderdi "zailena eta ederrena berberak" direla: "Jende askorekin izan dut hartu-emana, eta harreman estua sortzen da bezeroekin, onerako zein txarrerako. Gainera, Azkoitia bezalako herri batean herritarrekin sortzen den harremana oso gertukoa bilakatzen da".
66 urteko azkoitiarrak maitasun handiz gogoratzen du aurreko jabea, Kintela, eta are handiagoz hark eman zion aukera. Lana egiteko moduaz eta urte hauetan guztietan jasotako esperientziaz, berriz, honako hau dio: "Ofizio hau jardunda ikasten da". Bide horretan, teknologiak izan duen aurrerapena eskertu du azkoitiarrak. "Garai batetik hona, ogibide hau ere aldatu egin da, eta eskerrak... Lehen, Espainiako Estatuari erosten zenion loteria kopuru bat, eta gero, saldu egin behar zenuen guztia, soberan geratzen zirenak ezin baitziren itzuli. Ardura handia zen erosi beharreko kopurua kalkulatzea, gero galerarik ez izateko". Egun, berriz, soilik aurrez eskatutako zenbakiekin edo zenbaki abonatuekin bakarrik gertatzen da hori, "zorionez", eta bestelakoekin ez dago inolako arazorik itzultzeko. Bestalde, loteria, Euromillones edota bonolotoa online erosteko aukera dago egun, baina Garmendiak jakinarazi du bere administrazioan ez dutela antzeman digitalizazio horren eragina: "Kontu horietan ere, herri tradizionala da Azkoitia. Loteria fisikoki esku artean izatea gustatzen zaie bezeroei oraindik". Garmendiaren ustez, loteria "adinean aurrera doan jendeak" eskuratzen duelako gertatzen da hori, horiek nahiago dutelako "betiko moduan" erostea. "Mundu hau ezezaguna da orokorrean, eta gazteek gero eta gutxiago menperatzen dute. Badago asko kontrolatzen duenik ere, baina orokorrean, jokoen, sarien eta aukeren berri izatea ez da arruntena".
30 urte, milaka istorio
30 urtek milaka anekdota utzi ohi dute, eta Garmendiak oso garbi oroitzen ditu bizi izan dituen une bitxienak. "Behin, ijito familia bateko patriarka etorri zitzaigun Gabonetako loteriaren zenbaki jakin bat eskatzera: 00077. Bere herrian jakinarazi omen zioten gure administrazioak esleituta zuen zenbakia zela hori, eta bere herritik Azkoitiraino etorri zen familia, zenbaki horren bila. Zenbakia, ordea, jada ez zegoen gure administrazioan, herriko harakin bati saldu baikenion. Asko tematu zen, ordea, eta azkenean, harakinak esan zigun zenbakia emango zigula. Zenbaki horri buruz galdezka, gizonezkoak esan zigun senide bat sendatu zuen sasimediku batek eskatu ziola; mirari hura diruz ordaindu beharrean, zenbaki hori zuen loteria dezimoa eskatu zion mediku hark, eta familia osoak zenbaki hura nahi zuen". Hori gutxi ez eta, zenbaki hura beste inori ez saltzeko eskatu zion Garmendiari. "Ondoren, beste klan bat agertu zen zenbaki berarengatik galdezka, eta gertaerak klanen arteko iskanbila sortu zuen. Egoera oso deserosoa izan zen administrazioko langileentzako". Algara artean oroitu du, gertatutakoa jakin zutenean, herritar askok zenbaki horren aldeko apustua egitea erabaki zutela, eta azkenean, zenbaki horrek ez zuela inolako saririk eman Gabonetako zozketan.
Sariak aipatuta, administrazioak banatu zuen lehenengoa oroitzen du ilusio handienez. Herriko hamar pertsonari tokatu zitzaien sari hura, eta horietatik bederatzi ezagutu bazituzten ere, hamargarrena nor izan zen ez dute jakin; horrek "xarma bereziagoa" ematen dio sariari.
Martxoan, erretiratzeko garaia iritsi zitzaion Garmendiari: "Jendearekin nuen harremanaren falta sumatuko dut gehien. Herritarrek jubilazioaz disfrutatzeko esan didate, eta lasai nago, administrazioa esku onetan uzten dudala badakidalako".
Motzean
Adina: 66 urte.
Lanbidea: Jubilatu aurretik loteria saltzailea.
Loteria banatzailea izan ez banintz… Jendearekin hartu emana izatea eskatzen duen beste zerbaitetan arituko nintzatekeen.
Erretiroan… une honetan behintzat, neure buruari denbora eskaintzen diot.