Bestaldetik

Hogei urte gazte azkoitiarren zerbitzura

Andoni Elduaien 2022ko eka. 13a, 09:12

Esther Sudupe.

Azkoitiko Gazteria Zerbitzuko koordinatzailea da Esther Sudupe. Duela hogei urte hartu zuen kargu hori, eta hutsetik hasitako proiektua garatuz joan da urtez urte. Urte horietan guztietan udalak egindako apustua eskertu du Sudupek, eta egungo beharrei erantzuteko erronka handiak daudela esan du.

Esther Sudupek (Azkoitia, 1971) hogei urte bete ditu Azkoitiko gaztetxoenen zerbitzura; 2002. urtean hartu zuen hark herriko Gazte Zerbitzuaren ardura, eta harrezkero, proiektua sendotzen joan da urtez urte. Lanpostu horretan hasi aurretik, ordea, beste hamaika pasarte bizitakoa da Sudupe. Pertsonen arteko harremanetan gehiago sakontzeko helburuarekin, esaterako, Txolarte taldean hasi zen 14-15 urte zituela. "Beti eduki izan dut pertsonen arteko harremanen inguruko kuriositatea, baita pertsonen arteko desberdintasunei buruzkoa ere. Nerabetan, edozertarako kuriositatea eta sentsibilitatea izaten da, eta barruko har horrek bultzatuta hasi nintzen Txolarten". Sudupe egun dena izateko oinarriak jartzen hasia zen ordurako; izan ere, Txolarten egindako ibilbideak bultzatu zuen irakasle ikasketak egitera, zehazki behar berezien inguruko diplomatura gauzatzera. "Artean Euskal Herrian ez zegoen ikasketa horien gradurik, eta Madrilera joan nintzen".

Denboraldi batez ikasketaz ikasketa ibili zen Sudupe. Lan finkorik ez zuen artean, hainbat lan uztartu zituen Gizarte Hezkuntzako ikasketekin. Gradua amaitu bezain laster hasi zen familia hezitzaile lanetan. Hain zuzen, orduan egin zuen lehen lotura egun diharduen lan munduarekin. Hasteko, Donostiako Udalaren Gazteria Sailean aritu zen lanean, Martutenen, eta gero, Gazteriako teknikari postua hartu zuen Donostian bertan. Segituan piztu zitzaion azkoitiarrari "beste zerbait" ikasten hasteko gogoa. "Psikopedagogia ikasketak egiten hasi nintzen, eta irakasle lanetan aritu nintzen hainbat herritan. Bueltan-bueltan Gazte Zerbitzuetan lan egiteko aukera sortu zitzaidan berriz. Azpeitian urratu nuen bide hori lehendabizikoz". Bi urte egin zituen han Sudupek, eta segituan, Azkoitiko Gazterian hasteko aukera sortu zitzaion.

Azkoitiko proiektua "hutsetik" hasi zuen Sudupek. "Bakarrik eta egun erdiko kontratuarekin hasi nintzen lanean. Gazte Informazio Bulegoa martxan jartzea izan zen lehen mandatua, baita nerabeentzako dinamizaziorako zerbait egitea ere. Udalak sentsibilitate berezia zuen gaiarekiko, eta garbi izan zuten haurrentzat zerbait behar zela herrian. Orduz geroztik, martxan dira ludoteka, topalekua eta Gazte Zerbitzu Bulegoa". Orain, proiektua "sendotu" egin dela nabarmendu du koordinatzaileak. Gainera, "harrotasun pixka bat" ere badu Sudupek; izan ere, egungo bere lankideak Gazte Zerbitzuetatik igarotakoak dira. "Hezitzaile lanetan hasi nintzen ni, eta guztia bakarrik egiten nuen hasiera hartan. Ondorengo urteetatik, baina, talde bat dut alboan, eta sekulako sostengua ematen dio horrek proiektuari. Talde horretako kide sentitzen naiz". Egun, koordinatzaile lanak egin behar izaten ditu Sudupek, eta zerbitzu guztietan lanen bat egin izana da bere ibilbideko "lorpenik handiena".

 

"Talde bat dut alboan, eta sekulako sostengua ematen dio proiektuari"

 

Sudupe, zenbait haur eta gfurasorekin, 2011ko Mugikortasun Astean. (Utzitakoa)

Hiru adarren koordinazio buru

Azkoitiko Gazteriaren pean daude Abarketatxo ludoteka, Artxamendi topalekua eta Gazte Zerbitzu Bulegoa (GZB). 4 eta 12 urte arteko haurrei zuzendutako zerbitzua da ludotekarena, 13 eta 18 urte bitartekoentzakoa da topalekua, eta herriko nerabeei, gazteei, haurrei, familiei zein elkarteei zuzendutako zerbitzua GZB.

Sudupe hiru adar horien koordinazioaz arduratzen da egun, nahiz eta hirurek funtzio desberdinak dituztela nabarmendu duen. Ludotekari buruz hitz egin du lehenik: "Ludotekatik ematen den zerbitzua hezitzailea da. Nahiz eta jendeak haurra ludotekara jolastera bakarrik joaten dela uste duen, familien beharrak asetzeko prest eta beti irekita dagoen udal zerbitzu komunitarioa da. Beharrak familia guztiek dituzte, zaintzari lotutako egitekoak ez baitira errazak". Dena dela, zenbait familiak ez dietela haurrek izan ditzaketen beharrei erreparatzen uste du. "Haurra jaiotzean, familia batzuetan ez da ohikoa umea pertsona moduan kontsideratzea; haurra askotan objektu bezala hartzen da, hark dituen beharrei erreparatu gabe. Horregatik, gurasotasunari lotutako zerbitzua eskaintzea da ludotekaren helburuetako bat".

Artxamendi topalekuan, berriz, gurasoak bigarren mailako subjektuak dira koordinatzailearentzat. "Gurasoek badute protagonismoa, baina ez ludotekan izan dezaketen adinakoa. Garai horretan, nerabeek askatasuna deskubritzen dute, bai lanerako, bai harremanetarako. Azken horretarako ezinbesteko pieza da hezitzailea. Haurrek askatasun gehiago izateak kezka areagotzen du gurasoen artean, kezkari edo beldurrari bakarrik begiratzen baitiote askotan". Bigarren koskan egonagatik, gurasoen kezkak entzuteko, horiek bideratzeko nahiz orientatzeko zerbitzua eskaintzen dute topalekuan Sudupek azaldu duenez.

Gazte Zerbitzu Bulegoa, aldiz, proposamenak egiteko gunea dela nabarmendu du azkoitiarrak. GZBan elkartegintza zerbitzua eskaintzen dute, eta hezkuntzan lana aurkitu nahi duten gazteak ere jasotzen dituzte. Aldiz, beste ikasketa batzuk egindakoa den nahiz herrira begira proiekturen bat gauzatuko duen inor gutxi joan ohi da hara. "Hezkuntzarekin loturarik ez duen jendea –ingeniaritza, osasuna eta Lanbide Heziketa aipatu ditu, besteak beste– gutxitan joan izan da GZBra, eta herrian proiekturen bat gauzatzeko irrika duen gazteak ere gutxi. Gazteek ikuspegi hori edukiko balute, Azkoitia ziurrenik askoz ere herri abegikorragoa izango litzateke. GZB horretarako irekita egon arren, zaila da erabiltzaileak horretaz jabetzea, udal zerbitzua kontu konkretu batekin lotzen baita". Ideiak dituzten gazteei zerbitzura gerturatzeko eskatu die Sudupek.

 

"Edozein ekintzatan parte hartu behar badugu, motzean egin behar izaten dugu"

 

Sudupe hainbat gazterekin tailer batean, 2004an. (Utzitakoa)

Zirimolan sartutako gizartea

Haurrak eta gazteak aldaketa sakona bizitzen ari direla uste du koordinatzaileak. Egun, jendeak guztia "azkar" egin nahi izaten duela dio. "Edozein ekintzatan parte hartu behar badugu, motzean egin behar izaten dugu; epe luzeak gutxiago toleratzen dira". Era berean, herri jakituria generazioz generazio transmititzen ez dela jakin dio koordinatzaileak. "Ez dugu asmatu gazteei balioak, konpromisoaren konstantzia eta tradizioa transmititzen. Iruditzen zait zenbait gauza blindatu egin beharko genituzkeela, gure kultura, ohiturak eta tradizioa babesteko. Kontzientzia falta dugu".

 

"Egungo haurrei, gazteei eta nerabeei ez diegu deskuidurik egiten uzten"

 

Suduperentzat aldatu den beste kontua formena da, eta "benetakotasuna" zein "zintzotsuna" garrantzitsuak direla uste du. Lanketa horretan bide luzea egin daitekeela dio. "Norbanako bezala konpromiso falta ikusten dut, eta horrek zerikusia du azkartasunarekin. Adibidez, jendeari kasu egiteko modua aldatu egin da, eta ekintza hori bera garrantzitsua da, bestela pertsona izatetik aulki bat izatera igarotzen baikara". Oro har, "umetuta" ikusten du gizartea Sudupek, eta gurasoen begiradatik aritu da ondorengoa esateko: "Egungo haurrei, gazteei eta nerabeei ez diegu deskuidurik egiten uzten, ez diegu uzten ikertzen, azken finean, hegoak mozten dizkiegu. Alde batetik, gizartea oso babestuta ikusten dut, baina beste aldetik, babesgabe asko. Dikotomia hori oso agerikoa da".

Lehengoa eta oraingoa

Suduperen egungo zantzuak haurtzaroko antzekoak dira, eta orduan nolakoa zen deskribatzeko garai hartara egin du jauzi. "Oso irekia nintzen, eta jendearekin zein lagunartean ibiltzea beti gustatu izan zait". Haurtzaroko irudi alaiak gogoratzen ditu, eta gustuko ditu horiek, baina egungo begiradatik berreskuratuta, "garai grisak" bizi izan zirela esan du. "Molotov koktelak edozein lekutan izaten ziren, eta barrikadak sarri-sarri Julio Urkixon. Era berean, Azkoitia, erlijio kutsu handiko herria izanik, markatu egin gaitu egin beharrak eta konpromisoak. Halere, beti eduki izan dut jendearekiko sentsibilitatea". Bide batez, nabarmendu du "oso aktiboak" izan zirela orduko gazteak. "Beti geunden plazan, kalean. Aktibismo edo desira hori faltan sumatzen dut orain, nahiz eta badakidan orain ere badirela gazte aktiboak".

Kultur arloari erreparatuta, aldiz, kontsumista dela dio Sudupek, nahiz eta beti publikoaren ikuspuntutik aritu. "Gustatzen zait antzerkiak eta kontzertuak ikustera joatea. Musika ere asko gustatu izan zait, inguruan musikari asko izan ditut eta. Artista izan ez banaiz ere, antolaketaneta aritzea asko gustatzen zitzaidan. Gaztetxean asko ibiltzen ginen, eta Zinetogramen oso era militantean hasieran". Bidaiatzea ere atsegin du Sudupek, beti izaten baitu leku zein kultura berriak ezagutzeko eta leku zaharrak "birkonkistatzeko" grina.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide