Ione Zuloaga: "Frankismo garaian emakume tradizionala bihurtu zen eredu"

Ane Olaizola 2022ko mai. 20a, 14:15

36ko gerra eta diktadura frankista garaian emakumeen aurka izan zen errepresioa aztertu du Ione Zuloaga Aranzadi zientzia elkarteko historialari azkoitiarrak. Orduan, hurrengo berrogei urteetako emakume eredua landu zutela esan du. Gipuzkoako Hitza astekariak egindako elkarrizketa da honakoa.

Espainiako Bigarren Errepublika (1931-1936), 36ko gerra (1936-1939) eta diktadura frankista (1939-1975) aztertzen ari da Ione Zuloaga (Azkoitia, 1995), Aranzadi zientzia elkarteko historialaria. Urte horiek, iruditeria kolektiboan nahasiak izateaz gain, emakumezkoengan zuzeneko eragina izan zutela dio Zuloagak: "Frankistek, izateko eta jarduteko eredu berri bat eratu zuten, errepresio bidez". Horri buruz ariko da maiatzaren 25ean, asteazkenean, Mutrikun, Zabiel kultur etxean (18:00).

Emakumeen egoera frankismo garaian du izena asteazkenean Mutrikun emango duzun hitzaldiak. Diktadurak 40 urte iraun zuen. Zer kontatuko duzu?

Guretzat, historialariontzat, garrantzitsua da emakumeek gerran eta diktadura frankista garaian jasandako errepresioa ulertzeko iraganera begiratzea; horregatik, [Espainiako] Bigarren Errepublikan jarri dugu begirada. Ordutik 1945. urtera arteko sasoia izan dugu kontuan, batik bat, ulertzen dugulako prozesu horretan emakumearen eredua aldatu egin zela. Bigarren Errepublikan militantzia politikoan jardun zuten emakumeak frankisten aldetik errepresioa jasan zutenak izan ziren: ilea moztu zieten, zenbait kasutan bortxatu ere egin zituzten, kartzelatu edo erbesteratu… Emakume haiei egindako errepresioa gainontzeko emakumeek egin behar ez zutenaren eredu ere bilakatu zen.

Nolakoa zen emakume eredu berri hori?
Frankismo garaian emakume tradizionala bihurtu zen eredu, emazte eta ama ona izango zena. Eta garrantzitsuena: gizonaren mende egon behar zuen. 1938ko Lanaren Foruak aldaketa nagusi bat ekarri zuen: emakume ezkongabeek lan egin zezaketen, baina, ezkondu ondoren, etxean gelditu behar zuten.

Gerra eta diktadura frankistan urrundu egin zen Bigarren Errepublika garaian anarkistek, errepublikanoek, komunistek eta sozialistek, batik bat, laudorioz hartutako emakumeen eredua, emantzipazioaren aldekoa; espazio publikotik pribatura zokoratu zuten emakume eredua sortu zuten orduan, betiere gizonaren mende egongo zena. Bi eredu ezberdin dira oso, kontrajarriak.

 

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide