Herriko ikasleek Eskolako Agenda 2030 programan bildutako proposamenak aurkeztu dituzte udaletxean

Anartz Izagirre 2022ko mai. 19a, 11:05

Lehorreko ekosistemetako bizitza izan da aurten Azkoitiko ikastetxeetako ikasleek landu duten gaia, eta hainbat konpromiso hartzeaz gain, proposamen zehatzak ere aurkeztu dizkiete horiek udal ordezkariei. Proposamen "egingarriak" direla nabarmendu du Javier Zubizarreta alkateak.

Azkoitiko ikasleak 2021-2022 ikasturtean Eskolako Agenda 2030 programan landutako puntuak azaltzen izan dira gaur, osteguna, udaletxean. Aurten, iaz bezala, lehorreko ekosistemetako bizitza izan dute hausnarketa gai ikasleek, eta oraingoan, zehazki, larreetan, zelaietan eta loreetan ezarri dute arreta. Guztira, Azkoitia BHIn, Bizilore Eskola Aktiboan, Floreaga Ikastetxean eta Izarraitz Lanbide Heziketa zentroan ikasten duten maila guztietako 1.370 ikasle inguruk parte hartu dute aurtengo programan. Aurkezpenean izan dira ikastetxeetako ordezkariak, Javier Zubizarreta alkatea, Ana Azkoitia alkateordea eta Amaia Argarate Ingurumen teknikaria.

Joan ziren ikasturteetan egindako ekintza ugari berrartu dituzte ikasleek aurtengo edizioan, baina xede berriei ere heldu diete, esaterako, Aztertu programari, Hondakinak Prebenitzeko Asteari eta Euronet 50/50 proiektuari. Herrian eginiko ekintzen artean, bereziki, Munoaundiko proiektua aipatu dute ikasleek; urtarrilean ekin zieten lau ikastetxeetako ordezkariek Munoaundiko urmaela egiteko lanei, eta makinarekin zuloa egin ondoren, txandaka gunea txukuntzen aritu dira. Horrez gain, Txikipedia proiektua, Azkoitiko landareen bilduma eta ikasturtean zehar eginiko irteerak aipatu dituzte ikasleek.

Konpromisoak mahaigainean

Ikasturtean egindako lana Ikasleen Foroan partekatzen dute lau zentroetako kideek, eta joan zen maiatzaren 5ean Elkargunean bildu ziren horretarako. Horrez gain, konpromiso bateratuak barnebiltzen dituzten dekalogoa osatu dute ikasleek. Besteak beste, honako konpromisoak agertzen dira dokumentu horretan: mendiak, zelaiak, berdeguneak eta abar zaintzea; bertako eta garaiko produktuak kontsumitzea baserritarrei zuzenean erosiz; biodibertsitatea hazten laguntzea; zelaiak garbi mantentzea...

Horrez gain, Azkoitiko Udalari zuzenduriko proposamen zehatzez ere aritu ziren hizketan Ikasleen Foroan, eta gaur azaldu dizkiete horiek udal ordezkariei. Proposamenak hiru taldetan banatu dituzte. Alde batetik, herrian sortu beharko liratekeen proiektuak bildu dituzte proposamenetan, eta herrian berdegune gehiago sortzea, Loratu Herria moduko ekintzak sustatzea, Munoaundiko proiektuarekin jarraitzea, Floreaga gaineko baso eremua modu seguruan erabili ahal izatea eta Bizilore Eskola Aktibotik Munoaundirako bidean zenbait moldaketa egitea eskatu dute. Bestetik, herriko toki naturalak eta berdeguneak babestea, Azkoitia BHI ondoan dagoen malda ikastetxeari berak kudeatzeko aukera ematea eta etxebizitza berriak egitean gune berdeak egiten direla bermatzea ere izan dira ikasleen eskaerak.

Era berean, baserrien ekoizpena ekologikoa izan dadin bultzatzea, birziklatzearen truke dirua ematen duten vending estiloko makinak ezartzea eta kaleko zaborrontziei mantenu hobea eskaintzea aintzat hartzeko eskatu dute Eskolako Agenda 2030 programan parte hartu dutenek.

Datorren ikasturteko programan zein gai landuko duten ere aurreratu dute gaurko aurkezpenean. Hain zuzen ere, energia izango dute hizpide 2022-2023 ikasturtean.

Udalak, eskerrak

Javier Zubizarreta alkateak eskerrak eman dizkie lau ikastetxeetako ordezkariei proposamenak aurkezteagatik, eta horiek guztiak "egingarriak" direla ere azaldu du hitzartzean. Era berean, ikasturte honetan ikasleen ikergai izan diren zelaien, larreen eta loreen garrantzia azpimarratu du alkateak: "Zaintzen baditugu belarrak, larreak, zuhaitzak... gure bizitza ere zaintzen ari gara". Amaia Argarate Ingurumen teknikariak ere ildo beretik hitz egin du, eta behin proposamenak entzunda, "lanean" jarriko direla gaineratu du. Bestalde, aurreratu du udara begira Munoaundin pare bat mahai jartzeko asmoa dutela.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide