Leyre Arrieta Landaburu politikariaz eta haren balioez arituko da osteguneko hitzaldian

Andoni Elduaien 2022ko mai. 17a, 09:00

Leyre Arrietak emango du osteguneko hitzaldia. (Gazte Geroa)

18:30ean hasiko da Arrietaren hitzaldia Elkargunean. Landaburu politikari nazionalista eta haren balioak zein diren azalduko ditu hark; izan ere, hari buruzko liburu bat ere argiratatuta du irakasle mutrikuarrak.

Landaburu, belaunaldi baten baloreen isla hitzaldia emango du etzi, osteguna, Leyre Arrieta Deustuko Unibertsitateko irakasleak. 18:30ean hasiko da haren solasaldia, Elkargunean. Gazte Geroak duela bi aste hasi zuen Udaberriko Hitzaldien zikloa, Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariaren hitzaldiarekin. Arrietarena izango da zikloko bigarren saioa, eta hura Francisco Javier Landaburu euskal politikari nazionalistaz eta haren balioez arituko da.

Francisco Javier Landaburu (1907-1963) euskal politikaria Errepublikako Gorteetako diputatua izan zen 1933tik 1935era bitartean, erbesteko euskal kanpo politikako arduraduna eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea 1960tik 1963ra artean. "EAJ modernizatu zuen belaunaldikoa eta euskal nazionalismo moderatuaren ideologo nagusietako bat izan zen Landaburu. Gainera, haren La causa del pueblo vasco liburua erreferentziazkoa izan da nazionalisten hainbat belaunaldirentzat", nabarmendu dute Gazte Geroako kideek.

Leyre Arrieta Historia Garaikidean doktorea eta Deustuko Unibertsitateko irakasle titularra da. Euskal Herriaren XX. mendeko historia izan du ikergai nagusi, bereziki, euskal nazionalismoaren erbestea eta Europako politika. Identitateen transmisioen eta komunikazioaren inguruan ere ikertu du, ordea. Lan ugari argitaratu ditu, horien artean, Al servicio de la causa vasca. Biografía de F.J. Landaburu (1907-1963).

Arrietarena, ordea, ez da azken saioa izango; izan ere, Kike Amonarriz Azkoitian izango da ekainaren 16an. Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria da, eta hark euskara izango du ardatz hitzaldian. Euskararen bidegurutzetik izenburupean, euskararen egungo egoera zein den azalduko du Amonarrizek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide