Candido Beristain zena oroituko dute larunbatean herriko hainbat musika taldek

Andoni Elduaien 2022ko mai. 11a, 09:00

Candido Beristain 'Xoxote' lana zuzentzen, 1995ean.

Larunbatean, 12:30ean, Candido Beristainen musika errepertorioko zenbait lan aurkeztuko dituzte Azkoitiko Udal Musika Bandak, Txalkor txistulari taldeak eta Iraurgi abesbatzak. Beristain zena jaio zela mendea bete dela eta, hura gogoratzeko eskainiko dute kontzertua Kontzejupean.

Azkoitiko Udal Musika Bandak bere eguna ospatuko du larunbatean, eta kontzertu berezi bat eskainiko du egun horretan; izan ere, Txalkor txistulari taldearekin eta Iraurgi abesbatzarekin batera arituko da Kontzejupean, Candido Beristain zenaren jaiotzaren mendeurrenean. Otsailaren 23an bete ziren 100 urte Candido Beristain zena jaio zela, eta sortzaile eta musikari azkoitiarraren doinuak aurkeztuko dituzte plazako pilotalekuan, 12:30ean.

Musika bandarako konposizio asko egin zituen Beristainek, eta musika bandako kideek haren abesti batzuk eskainiko dituzte zapatuan, haien arabera "kantu guztiak eskaintzeko kontzertu bat baino gehiago" beharko lituzketelako. Txalkor txistulari taldeak ere parte hartuko du emanaldian, eta Beristainek sortutako Txalkor abestia eskainiko dute haiek. "1981eko azaroan, Beristainek eta Antonio Arenas Txalkorrek omenaldia jaso zuten txistulari taldean egindako ibilbideagatik. Ordurako Beristainek pieza bat sortua zuen Txalkor izenarekin; izan ere, oso lagunak ziren biak. El gordo y el flaco izeneko beste kantu bat ere sortu zuen, bien izenean. Beristain ez zen oso jatuna, baina haren laguna Txalkor bai. Horregatik jarri zion El gordo y el flaco izena bien omenez egindako abestiari", adierazi dute bandako kideek. Iraurgi abesbatzak, bestalde, Azkoitiko doinuak eta Anaitasuna abestietan parte hartuko du.

Santa Zezilia eguna ospatzeaz gain, Azkoitiko Udal Musika Bandako kideek urtero ospatzen dute beraien eguna, eta datorren larunbata baliatuko dute horretarako. Beristain zenak sortutako eta konposatutako abestiak joko dituzte lehenik plazan: Txungurrun, Txanbolin, El Gordo y el Flaco, Txalkor, Azkoitiko doinuak, Floresito, Gure Poza, Candido Beristain, Xoxote, Umore Ona, Gazteak, Iru Iturri eta Anaitasuna. Kontzejupeko emanaldiaren ondoren, bazkariarekin itxiko dute eguna.

Argazkiak: Azkoitiko Udal Musika Bandak utzitakoak

Musikan erreferentea

Aitak irakatsi zion Candido Beristaini trikitia eta soinua jotzen, aitaren familia ere musikazalea baitzen. Beristainek beste zazpi anai-arreba zituen, bost arreba eta bi anaia. Periko anaiak, Candidok bezala, musikarako bidea hartu zuen, eta udal musika bandan aritu zen zenbait urtez. Arreba guztiek  izan zuten kanturako afizioa. Antoñita arrebak, ordea, soinua ere jo ohi zuen, nahiz eta emakumea izateagatik ezkutuan jardun behar izan zuen behin baino gehiagotan. Gainerako anai-arrebek, berriz, abesteko zaletasun handia zuten, eta era batera edo bestera, bide hori urratu zuten.

Candido Beristaini, ostera, gazte-gaztetatik nabaritu zioten musikarako zuen trebetasuna. Laster hasi zen herriko musika taldeetan parte hartzen, hala nola udal musika bandan, udal txistulari taldean eta Dimas jazbanean. Musika bandan 57 urte igaro zituen, eta kanaberazkoak ezik, gainerako haize-instrumentu guztiak jo zituen, hala nola tuba, tronpeta, tronboia eta tronpa. Beristain ezagutu dutenek esan dute pertsona ona eta umila zela. "Bihotz oneko gizona zen Candido. Bandako gizonik kaskarrena zen, baina instrumentu handiena jotzen zuen: tuba. Gainera, bere izenik ez zuen jartzen konposatzen zituen lanetan; ez zuen nahi izaten bere burua famatzea". Txistulari taldean, berriz, 40 urte egin zituen Beristainek. Nahiz eta txistua jo, denbora gehien silbotearekin eman zuen taldean. Dimas jazbanean, berriz, hamasei urte egin zituen, soinujole bezala.

Beristainek "gaitasun handia" zuen interpretaziorako eta konposiziorako. Gaztea zela gerrara joan behar izan zuen, eta hura amaitu zenean, soldaduska egitera behartu zuten beste hiru urtez. Orduan, banda militarrean aritu zen tuba jotzen, eta udal musika bandako kideek diotenez, banda militarreko kide batekin "harreman ona" egin zuen azkoitiarrak."Banda militarreko kide hark egiletza eskubidearen titulua zuen, musikari profesionala baitzen; Beristainek, ordea, ez zuen horretarako aukerarik. Orduan, akordio bat-edo egina izango zuten, azkoitiarrak konposatutako abestiak banda militarreko kide haren izenean argitaratu zitzaten. Ez dakigu Beristainen lagun haren izena, baina badakigu Espainian zehar Beristainek konposatutako kantu asko daudela, nahiz eta horiek bere egiletza izenik ez duten". Soldaduskatik herrira itzuli zenean ere, banda militarreko kide hark bere izenean jarraitu zituen azkoitiarraren piezak argitaratzen.

Eguneko ordu gehienak musikari eskaintzen zizkion Beristainek, eta gogoan dute musika idazten ere aritzen zela. "Musika bandako kidea zenean, Mikeleneko tabernara joaten zen [herriko plazan zegoen taberna, egun udalak erakusketa aretoa ireki behar duen lokalean], eta orduan modakoak ziren abestiak idazten zituen koadernoan, gero kantu haiek musika bandara egokitzeko. Abestien bandarako egokitzapenak jasotzeko hilabeteak behar izaten ziren normalean, baina Candidok egindako lanari esker, Azkoitiko musika bandak pare bat astera jendaurrean eskaintzen zituen abesti haiek".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide