Adiskidetasun istorio bat

'Berria' egunkaria 2022ko mai. 9a, 10:30

Ezkerretik eskuinera, Txomin Uribe, Pello LarraƱaga, Josu Aranbarri eta Jesus Galan. (KLIK KLAK)

Piztiak musika taldeak 30 urte bete ditu, eta, hori ospatzeko, XXX bilduma kaleratu berri du. Diskoan bi kantu berri ere sartu dituzte: Barrun barrukuk eta Begietara begiratu. Zapatuan Azkoitiko Matadeixen joko du taldeak (19:00), Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen VI. Maiatzeko Lorak egitasmoaren barruan. Berria egunkarian taldeaz erreportajea egin dute.

Ondarroan (Bizkaia) jaio zen Piztiak taldea 1991n, baina aspaldi kostaldeko herri horretatik kanpo bizi dira Josu Aranbarri (baxua eta ahotsa) eta Txomin Uribe (gitarra eta ahotsa) taldeko bi kide historikoak, banda sortu eta azken hiru hamarkadetan hura gidatu dutenak; Aranbarri Bilbon eta Uribe Azpeitian. "Pello [Larrañaga, taldeko bateria jotzailea] eta Jesus [Galan, gitarrista] ere Urola eskualdean bizi dira, eta azkenean ni baino ez naiz gelditu Bizkaian. Orain, entseatzeko, Gipuzkoara joan behar", esan du Aranbarrik umorez, Uribek eta biek Berriari eman dioten elkarrizketan, Durangon (Bizkaia).

Piztiak taldeak 30 urte bete zituen iaz, eta Euskal Herrian talde gutxi dago, oraintxe, halakorik esan dezakeenik: "Doctor Deseo, Su Ta Gar... asko ez gara". Eta Uribek eman ditu hiru hamarkada iraun ahal izateko gako batzuk: "Askatasun handiarekin egiten dugu lan. Egun batean batek esaten badu nekatuta dagoela eta ez duela entseatu nahi, ba ez da ezer pasatzen". Piztiak sortu aurretik ere, Tu-K taldean aritu ziren elkarrekin Aranbarri eta Uribe, eta adiskidetasun horren ondorioa ere bada Piztiak-ek hainbeste urtean iraun izana. "Elkarrekin ondo konpontzen gara, oso ondo pasatzen dugu, eta, gainera, bestearekiko konfiantza handia daukagu", nabarmendu du baxu jotzaileak.

Orain, urtemuga ospatzeko, taldeak XXX (Buztenbaltza) bilduma argitaratu du, Piztiak-en ibilbideari errepasoa emateko ez ezik, taldeak 30 urte hauetan nortasun zeinu batzuk mantendu dituela erakusteko ere balio duen diskoa. 1991n argitaratu zuten Huts nazazu, sei kantuko disko laburra (Elkar), eta segidan etorri dira, urte jauzi handi batzuekin kasu batzuetan, Hasi orduko (Elkar, 1992), Argia eta itzala (Gaztelupeko Hotsak, 1998), Zero (Gaztelupeko Hotsak, 1999), Euriaren zain (Gaztelupeko Hotsak, 2005), Gabeko kalapitxixak (Buztenbaltza, 2009) eta U (Buztenbaltza, 2015). Uribe: "30 urtean aldaketa handiak izan dira, baina Josu eta biok beti egon gara hor; eta lehenengo diskoa, bosgarrena eta zazpigarrena ezberdinak izan arren, uste dut geu garela disko guztietan. Lehenengo diskoan eta azkenekoan, bietan Piztiak entzuten dut".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Berria.eus-en.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide