Txetxu Urteaga deportatu azkoitiarra hil zela bi urte bete direnean, ekitaldia egin dute gaur, larunbata, Azkoitian, Espainiako zein Frantziako estatuei “zentzugabekerian oinarritutako zigor hori behingoz indargabetzeko” urratsak exijitzeko. Izan ere, gogoratu dute deportazioa “fenomeno alegal eta irregularra” dela, deserrian “abandonatutako” pertsona horiek ez dutelako “defenditzeko inolako eskubiderik”, beren egoerak ez duelako “euskarri legalik”. Era berean, Euskal Herrian “bizikidetza osasuntsua eta normalizatua” eraikitzeko ezinbestekotzat jo dute “arrazoi politikoengatik” deportazioan, ihesean eta kartzelan “inor ez” egotea.
Sorturen Nazio Kontseiluko Haimar Altunak hartu du hitza ekitaldian, eta hark adierazi du bi estatuek sortutako “arazoak” konpondu gabe jarraitzen duela: “Espainiako eta Frantziako agintariak ados jarri ziren dozenaka euskal herritar kanporatzeko, eta horretarako munduko beste hainbat gobernurekin tratuetan jardun behar izan zuten. Lau hamarkada geroago, oraindik zortzi euskal deportatu politikok jarraitzen dute sakabanatuta munduan barrena,inolako babes juridikorik gabe”.
Deportatuez gain, munduan beste 25 euskal iheslari daudela adierazi du Altunak, eta bi kolektibo horiez gain, presoak ere “etxera bidean” jartzeko salbuespen neurriak bertan behera uztea eskatu dute.
Horrez gain, askapen prozesua sendotzearen beharra dagoela nabarmendu du Altunak. "Berretsi nahiko genuke badagokigula askapen prozesuaren barruan jauzi berri bat ematea, eta emango dugu. Izan ere, argi dugu ez gaudela soilik gure proiektu politikoa diskurtsiboki defendatzeko, gure helburu estrategikoak bururaino eramateko baizik". Bide horretan, Altunak herritarrei dei egin die bakoitzak "bere eremutik" eragin dezan: "Aurreko belaunaldien enbor beretik, euskal matxinadaren grina berriz ere bizkar gainean jartzea dagokigu, gure ametsak eta ilusioak errealitate bihurtzeko
borrokan jarraitzea dagokigu, kalean, lantokietan, instituzioetan, ikastetxeetan, espetxeetan,
eta eragin dezakegun eremu guztietan. Esan bezala, gure askapen prozesua sendotzea
dagokigu, Euskal Herri euskalduna nahi bai dugu biharko, euskal herri feminista, euskal herri
sozialista, euskal herri zoriontsua nahi dugu, jende zoriontsuz osatua".