Udalak iazko maiatzean jarri zuen martxan Hike eizan! egitasmoa, hitanoa, eta bereziki, noka berreskuratzeko proiektua. Ordutik, "poliki-poliki, baina etenik gabe, pausoak ematen joan den egitasmoa da". Bide horren barruan, bi ekimen berri aurkeztu ditu Azkoitiko Udalak: I. Hike Eizan! Bertsoparper Lehiaketa eta Noka ikastaroa. Atzo jakinarazi zituzten egitasmoen inguruko xehetasunak Marijose Arregi Euskara zinegotziak, hitano-irakasle Xabier Eizagirrek eta Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kide Eneritz Artetxek.
Noka ikastarorako izen-ematea, zabalik
Xabier Eizagirrek emango du noka ikastaroa, maiatzaren 5etik ekainaren 9ra. Elkargunean eskainiko dituzte saioak, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Izen-ematea irekita dago, eta maiatzaren 4an itxiko da. Bertan parte hartu nahi dutenek euskara@azkoitia.eus helbidera idatzi edo 943 85 71 75 telefonora deitu beharko dute. Saioak maiatzaren 5ean hasiko dira.
Xabier Eizagirrek azaldu duenez, "herri hizkera ikusarazteko eta lantzeko" izango da ikastaroa. Azkoitian hika "herritarren erdiak, erdizka eta erdipurdiz" egiten zutela ikusita jarri zuten martxan Hike Eizan! egitasmoa. Eskainiko duten ikastaroaren hiru ezaugarri nabarmendu ditu Eizagirrek: "Ikastaroaren %90ean noka egingo eta bultzatuko da. Saioak emakumezkoei nahiz gizonezkoei zuzenduta daude, eta parte-hartzaileek noka nola hitz egin ikasiko dute. Eskolak praktikoak izango dira, eta horrela noka formak praktikan jarriko dira eguneroko jardueretan eta elkarrizketetan behar izaten diren aditz-formak ezagutuz. Era berean, ikastaroa azkoitiarrez izango da". Ildo horretatik, Eizagirrek erreferentzia egin die azken urteetako datu eta estatistikei: "Badago hizkuntzen inguruko ranking bat, eta gure garaian gaztelania nabarmentzen zen bezala, orain ingelesa ere agertzen da sailkapenean. Euskal Herriko hainbat txokotan gaztelania gailendu da, eta bigarren sailkatu da euskara. Ez, ordea, herriko euskara. Batua, formala eta neutroa da gailendu dena".
Aurrenekoz, Hike Eizan! bertsopaper lehiaketa
Noka ikastaroa ez ezik, martxan da I.Hike Eizan! bertsopaper lehiaketa. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 31n itxiko dute. Eneritz Artetxek jakinarazi ditu xehetasunak.
Bi maila izango ditu lehiaketak: Gazteena –18 urtez azpikoena–, eta helduena –18 urtetik gorakoena–. Gazteen mailan, lehenengo saridunak 250 euroko diru-saria jasoko du eta bigarrenak 125 eurokoa. Helduetan, aldiz 500 euroko eta 250 euroko diru-sariak emango dituzte. Horrez gain, Azkoitia Saria ere banatuko dute, eta bertsopaper hoberenak idazten dituzten herritarrak sarituko dira. Gazteetan 150 euroko diru-saria emango dute eta helduetan 300 eurokoa. Hike eizan! egitasmoko eta Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kideak osatuko dute epaimahaia. Ekainaren 10ean jakinaraziko dituzte irabazleen izenak, eta sari banaketa ekainaren 30ean egingo duten bertso saioan egingo dute.
Bertsopaper lehiaketaren gaia eta doinua libreak dira. Gazteen mailan sei bertsoko sortak egin beharko dituzte parte-hartzaileek, eta helduen mailan, zortzi bertsokoak. Nokaren erabilerari garrantzia emango diotela azpimarratu dute sustatzaileek: "Noka balioan jarriko da, eta baliabide hori erabiltzen dutenen lana gehiago eta hobeto baloratuko da". Bertsopaper lehiaketako oinarri guztiak www.azkoitia.eus atarian jarri dituzte eskuragarri.
Artetxek azaldu duenez, hasieran izan zuen bertsopaper lehiaketa hika forman egitearen inguruko zalantzak: "Udaletik hika bertsopaper lehiaketa antolatzeko proposamena jaso nuenean, nire zalantzak partekatu nituen haiekin, ez delako erraza bertsoak hika idaztea, erregistro berri batean eta idatziz, zuzentasunarekin". Dena den, udaleko Euskara Sailekoak segurtasunez ikusi zituela eta, aurrera egitea erabaki zuen Artetxek, eta orain gustura dago erabakiarekin: "Argi ikusi nuen aurrera egin nahi zutela eta horrela egin dugu". Erakundeak dei egin die herritarrei antolatutako ikastaro eta lehiaketan parte har dezaten.